Neguko lan isilak

Zer egiten du traineru baten entrenatzaileak arraunlarien neguko lehorreko prestakuntzan? Asier Puertasek bere lanen berri eman du, Zarautzen lan horretan hasi berritan.

Asier Puertas Zarauzko arraunlari bati begira, horrek pisuarekin nola lan egiten duen ikusten. JUAN CARLOS RUIZ/ FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Aia
2020ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Negu usaina dago Zarauzko Arraun Elkarteak Aian duen instalazioetan. Koloreak ere neguko traza hartuta daude. Ilunak. Traineruak teilatutik gertuago daude zorutik baino. Zintzilik eta isilik. Arraunak bazter batean, ia-ia hautsa hartuta. Tokitan duteudako distira. Urtaro horretako alaitasunik eta pozik ere ez da arraunlarien artean. Neguaren berezko bisaje beltza nabari zaie.

Sarrera eta materialaren biltegia dena bat dira. Gorago daukate zarauztarrek gimnasioa. Han ari dira pisua altxatuz, burdin hotsaren kink eta kank soinua zabalduz dozena erdi bat arraunlari. Goi-goiko solairuan dabiltza. Ergometroen gela beheraxeagokoan dago, eta hor beste arraunlari bat ari da. Haren bakardadean, makinaren txirrist hotsarekin gorputza aurrera eta atzera mugituz. Arraunean, baina lehorrean. Uraren gainean eta tostaren gainean egon beharrean, makinaren eserlekuan jarrita. Baina ez eserita.

Eskailerak gora egin du Asier Puertasek (Orio, Gipuzkoa, 1975). Hura da Zarauzko entrenatzaile berria. Pisua altxatzen ari diren arraunlariengana heldu, agurtu, eta egiten ari diren lanari buruzko galderak egin dizkie. Erantzunak entzun ditu. Arraunlarietako bati aholku bat eman ere bai: «Besoekin pixua gora altxatzean, hor egin indarra». Erdiko solairuan ere egin du geldialdia, beheranzkoan. Solasalditxoa ergometroan ari den arraunlariarekin, lanaren bueltan. Hortik sarrerara jaitsi da, traineruen albora. Buruz behera daude, atseden hartzen bezala. Ohi baino luzeagoa dute aurtengo lan eza. Pandemia. Atzo jaso zuten uretara ateratzeko baimena Eusko Label eta Euskotren ligetako taldeek.

Telefonoak jo dio. Pantailan, izen bat: Jokin Gijarro. «Prestatzaile fisikoa da», Puertasek. Solasean aritu dira biak: ergometroa, pixua eta abar. Neguko hizkera arrauneko prestakuntzaren arduradunen ahotan. Ezinbestekoa bien arteko komunikazio zuzena garai honetan ere. Bitartean, goiko solairuan ez du etenik kink eta kank hotsak. Ergometroaren zirrizt doinua ere badator erdiko solairutik.

«Hauxe da negua arraun talde batean», esan du Puertasek. Entrenamendu egun guztietan arraunlarien alboan izaten dela dio: «Haiengandik gertu egotea gustatzen zait». Hori horrela izan dadin, badu beste zio bat ere: «Aurreneko urtea dut hemen, azaroaren 7an hasi ginen entrenatzen, eta ezagutu egin behar ditut». Haiekin korrika egitera joaten da. Baita ergometroan aritu ere, bere kasa: «Uretara traineru barruan joan behar badut egunen batean prest egon behar dut», dio. Badira bi denboraldi lehiatik aparte dabilena. Azalpena segituan: «Ez naiz lehiatuko, baina traineru barrutik jaso dezakedan informazioa jasotzeko joango naiz barruan entrenamendu batzuetan».

Noiz izango ote zen hori... Ura,traineruen berezko etxea, pandemiak giltzapean gordea eduki die atzo arte arraun mundukoei. Behin baino gehiagotan atera zaio Puertasi ahotik uretara orain arte atera ezin izanaren ezintasuna: «Ondo etorriko zitzaidan arraunlariak hobeto ezagutzeko, eta nik nahi dudana haiei azaltzeko, barnera dezaten». Asteburuan egin ahal izango du hori, aurrenekoz. Bitartean, zerbait behar, ordea, eta larunbatetan, Zarauzko arraunlariak batu egin dira. Asteko egun bakarra, oraingoz, denak elkarrekin. «Zarauzko kiroldegian bada ur putzua, fosoa esaten dioguna. Batzuk arraunean ibiltzen dira, teknika aldetik zuzenketak egiten dizkiet. Beste taldexka bat korrika egitera joaten da, eta hirugarren batek ergometroa egin du. Txandakatu egiten dituzte lanak, hogei minutuko aldietan». Aiara entrenatzera joan ezin dutenentzat aukera ona da taldearekin bat egiteko: «Badauzkagu kanpoko batzuk, eta horiek bakoitzak bere herrian egiten du asteko lana neguan». Egindako lana Puertasi zintzo bidaltzen diote. Adibidez, ergometroan egindakoa mugikorraren bitartez jasotzen du.

Udakoaren oinarria, negua

Iritsi zaie azkenean uretara joateko aukera. Berandu baino lehen komeni arraunlariei. Ordurako, dena prest izatea nahi du Puertasek. Arraunlariak haien lana zintzo egiten ari diren bezala, entrenatzailea ere bai berea: «Aste hauetako arratsaldeak baliatzen ari naiz arraunak egokitzeko, eta trainerua jartzeko». Une batez, behintzat, teilatutik gertu baino zoruan egoten da Enbata, eta arraunei hautsa joaten zaie. «Nire erara jartzen ari naiz materiala». Hala behar du, entrenatzaile bakoitzak baitu lanerako haren gustuko moldea eta modua. Arraunkera ere bai, guztiaren oinarrian. Nahiz eta ez duen ematen ezberdintasun handirik izango denik Puertasen eta haren aurrekoaren artean: Gari Uranga. Hirugarren batek lotzen baititu: Mikel Orbañanosek. «Mikelen eskolakoak gara biak, eta gustatzen zaigun arraunkera antzekoa dugu, bai». Izango da, hala ere, ñabarduraren bat, seguru.

Horien bilaketa da neguko beste zeregin bat Puertasentzat. Ezkutuko lana, bakarrik egiten ari dena. Telebista lagun. «Udako estropada guztiak ikusten ari naiz, arraunlariek nire moldera zertan egokitu behar duten ikusteko». Estropada batzuk behin eta berriz ikusi omen ditu, gainera. Udan, zuzenean, gustukoa zuen Zarautz ikustea; ezaguna egiten arraunean egiteko modua. «Baina ez nien izenik jartzen arraunlariei, ia oharkabean pasatzen nituen. Orain, aldiz, nire arraunlariak dira, eta kontu txikienari ere erreparatzen ari naiz». Uretan zuzenduko edo moldatuko ditu, entrenamenduetan. Eta neguko jaitsieretan. Oraingo lanean mugarri diren estropada horietan: «Aurreneko jaitsiera buruan dut, eta hari begira ere ari naiz lanean. Egun horretan ikusi nahi dudana landu beharra dago oraintxetik hasita».

Oraingoa geroko. Horrela moztu dezake uda urrun ikustearena arrauneko entrenatzaileak. Horrek guztiak badu oinarri sendo bat: ez dago udarik negurik gabe. Puertasek esana, arraunlarien albora berriz gerturatu aurretik: «Neguko lana oinarri-oinarrizkoa da. Orain egiten ez duenari azkar antzemango zaio gero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.