Neguko arantza

David Merino ohikoa da binakako txapelketan, baina azken bost urteetan ez da finalerdietan sartu. 2012an, txapeldun izan zen; ordutik, 73 partida jokatu ditu binakakoan, eta 25 irabazi.

David Merino, pilota astintzeko prest, aurtengo binakakoan. GORKA RUBIO / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
David Merino (Villar de Torre, Errioxa, 1990) eta binakako txapelketaren arteko harremana ez dago bere onenean. Halere, ondo hasi zen: 2011n, Irujorekin, finalerdietarako sailkatu zen; eta 2012an, 21 urterekin bakarrik, txapeldun izan zen Titinekin. Gailurra jo zuen urte hartan, baina hartaz geroztik bost aldiz hartu du parte binakakoan, eta behin ere ez da pasatu lehen faseko ligaxkatik. Aurten ere ez da ondo hasi, Irribarria eta bera 2-4 baitaude sailkapenean. Dena den, gaur dute bidea zuzentzen hasteko aukera, Tolosan (18:00), Altuna III.a eta Martijaren aurka, zazpigarren jardunaldiko lehen partidan. Beotibar bete egingo da.

Merino urte osoan estelarrak jokatzen dituen atzelaria da, eta tokia ziurtatua du binakakoan. Asperen inguruko kinielak egitean, haren parte hartzea inor gutxik jartzen du zalantzan. Hanka on eta ezker ezin dotoreagoko atzelariak udan neguan bainohobeto jokatzen duela esaten da, eta, binakako txapelketako zenbakiei erreparatuta, ez da uste okerra hori. Izan ere, txapelketaren azken sei aldietan jokatu dituen 73 partidetatik —aurtengo seiak barne— hogeita bost baino ez ditu irabazi: %34a.

2012an txapeldun izan zenean,Merinok hamazazpi partida jokatu zituen —finalerdiak eta finala barne, eta ligaxkako partida batean anaiak ordezkatu zuela kontua hartuta— eta 11 irabazi zituen. Hurrengo bi urteetan, Titinekin berriz ere, 6-8ko balantzea lortu zuen bietako lehen fasean, eta bietan bosgarren postuan bukatu zuen ligaxka. Ez zuten zorterik izan, bietan laugarren sailkatuarekin berdinduta bukatu baitzuten, eta tanto aldeak utzi zituen finalerdietatik kanpo.

Urterik gogorrena, dena den, 2015a izan zen. Xalarekin jokatu zuen, eta biek izan zituzten arazo fisikoak. Merinok, esaterako, ez zituen jokatu ligaxkako hiru partida. Guztira, 3-11ko balantzearekin bukatu zuten, baina bi Merinoren ordezkoak irabazi zituen. Gauzak hala, Villar de Torrekoaren balantzea ligaxka hartan 1-10ekoa izan zen.

2016an zazpigarren postuan bukatu zuen, eta, orduan ere, arazo fisikoek bere bikotearen jarduna oztopatu zuten. Jokin Altunarekin aritu zen, eta aurrelariak ezin izan zuen bere maila eman. Azkenean, 4-10eko balantzearekin bukatu zuten ligaxka, seigarren postuan. Iazko txapelketa, azkenik, ezberdina izan zen. Merinok, Joseba Ezkurdiarekin, irudi lehiakorra eman zuen; hala ere,bosgarren postuan bukatu zuten. Bikoteak ligaxkako azken bi partidak galdu zituen, eta hor egin zien ihes finalerdietarako sailkapenak. 6-8ko balantzearekin bukatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.