Arrauna. Gari Uranga. Zarauzko Arraun Elkarteko entrenatzailea

«Negu onak uda ona dakarrela sinetsarazi diegu arraunlariei»

Sasoi onak ilusioa sortu du herrian, baina Urangak zuhurtziaz hitz egin du. Espero baino hobeto dabiltzala onartu du, baina oraingoz igoera kanporaketak ez dituzte aipatu ere egin taldean. Ez du nahi presiorik.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
2019ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Gari Urangak (Zarautz, Gipuzkoa, 1982) KAE1eko lehen postuan du bere kuadrilla gaztea. Ohorezko txandan egotea zen helburua, baina lidergoan daude liga hasi zenetik. Kanporaketak hasteko bost estropada falta direnean, igoera jokatzeko lehiatik oso gertu dago Enbata.

KAE1 liga aurrera doa, eta sailkapeneko buruan zaudete. Espero al zenuten halakorik?

Hain ondo ibiliko ginenik ez genuen espero, egia esan. Hala ere, neguan egin genituen entrenamenduak ikusita, lehen lauren artean sartzeko aukerak genituela uste nuen. Ligan oso ongi hasi ginen gainera, espero baino hobeto, eta horrek lagundu zuen.

Esana zenuen ohorezko txandan egon nahi zenutela, baina liga bukatzeko bost estropada falta direnean liderrak zarete. Helburua aldatu al duzue?

Oso ongi hasi baginen ere, ez genuen helburua aldatu nahi. Zortzi-bederatzi hilabete helburu batekin entrenatzen ibili eta gero,sei estropadetara helburuz aldatzea ez zitzaigun aproposa iruditzen. Ez genuen gozatuko, eta beti egongo ginen beste helburuei begira. Orain bost estropada gelditzen zaizkigu, eta iruditzen zait kanporaketetako plaza hori nahiko ongi bideratua dugula.

Aurre-denboraldian ahalegin berezia egin zenutela diozu. Nolakoa izan zen bada?

Uste dut arraunean, beste kiroletan bezala, eta bizitzan orokorrean, ez dagoela sekreturik. Edozein arlotan lana ongi eginez gero, emaitzak etorri egiten dira. Aurtengoa nire bigarren urtea da hemen, eta iruditzen zait iazkotik aurtengora gorako jauzia egin dugula. Neguan lanak ongi eginez gero, udan emaitzak etortzen dira. Zortea ere alde eduki behar da, eta guk, behar genuenean, hor eduki dugu. Aldagai batzuk ezin dira kontrolatu. Iaz, adibidez, justuago hasi ginen, aurten Donostiarrari eta Getariari gertatu zaien antzera. Denboraldiak aurrera egin ahala, hobera egin genuen, baina puntu asko galdu genituen bidean. Iaz ez ginen banderen borrokan ibili, nahiz eta oso gertu egon ginen pare bat aldiz. Hasieran, kosta egin zitzaigun, eta, nahiz eta bukaera aldera hobeto ibili, ohorezko txandatik kanpo gelditu ginen. Horregatik genuen gogoa hori aldatzeko: lehenbizi, indartsu hasi, eta gero gerokoak.

Alde horretatik, zerbait aldatu al duzue prestaketan?

Egia esan, ez. Aurre-denboraldia iazkoaren berdintsua izan da gutxi gorabehera. Alde psikologikoa besteetan baino gehiago lantzen saiatu gara. Kirolean psikologiak zerikusi handia du.

Eta nola landu duzue arlo hori?

Nik arraunean funtzionatzeko modu batean sinesten dut. Betiko gauzak dirudite, baina, azkenean, sakrifizioa eta talde lana dira funtsezkoenak. Negu on batek uda on bat dakarrela sinetsarazi diegu arraunlariei. Lanak ongi eginez gero saria etortzen dela.

Taldearen batez besteko adina oso txikia da. Kuadrilla gaztea duzu. Zein da sekretua?

Lehen urteko hiru senior ditugu, iaz gazteen taldekoak zirenak. Beste hiruzpalau ere hemeretzi-hogei urteren bueltan dabiltza. Baina, lehen esan bezala, astean sei entrenamendu egiteak, ongi entrenatzeak, eta gorputza zaintzeak emaitzak ematen ditu. Nik ez dut beste sekreturik.

Ondo bidean, igotzeko kanporaketetan egongo zarete. Ikusten al duzu igotzeko aukerarik?

Kanporaketetan sartzea lortzen badugu, aukerak egongo dira. Gu horiek aprobetxatzen saiatuko gara. Hotzean pentsatuta, zaila iruditzen zait. Bost talde izango gara, eta oraindik ez da ziurra zeintzuk. Ez dakigu TKEko hamaikagarrena zein izango den, puntu gutxiren artean baitago, Galiziako sailkatua ere ez dakigu zein izango den. Baina, datozenak datozela, oso zaila izango da. Gu ilusio handiz lehiatzera joango gara. Bi onenak TKEn egongo dira, bertatik jaitsitakoak edo bigarren mailatik igotakoak, itsasoak erabakiko du.

Gertu dago kanporaketa?

Oraingoz ez dugu kanporaketei buruz hitz egin. Liga dugu buruan beste ezeren gainetik. Hala ere, taldeak naturaltasunez darama; lasai dago. Ez dago presiorik, aurkakoa baizik: ilusioa.

Eta herrian sumatzen al duzu ilusiorik?

Nahi gabe sortzen da hori. Gero eta emaitza hobeak, orduan eta ilusio handiagoa. Gure borroka, nolabait, herriari arrauna ere badela erakustea da. Iaz pixka bat ikusi zen; estropada on bat edo beste egin genuen, eta aurten zer esanik ez. Tarte gehiago izaten ari gara herriko harreretan, telebistan, irratian.... Hori baliatu behar dugu gure burua ezagutarazteko. Igartzen da, bai, herrian zerbait piztu dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.