Mugimenduak egon dira azken orduetan pala profesionalean dagoen lan gatazka konpontzeko. Izan ere, Dan Necol palistak eta Josu Urkijo Innpala enpresako kirol zuzendariak Innpala erosi dute, eta, hala, bere gain hartu dute aurrerantzean pala profesionala kudeatzeko ardura.
Innpala enpresak hori egiteari uko egingo ziola iragarri zuen otsailaren 28an; Innpalako arduradun nagusi Jose Ramon Garaik palistei jakinarazi zien enpresa ez zela aurkeztuko hurrengo lizitaziorako. Necolek eta Urkijok egin dute eskaintza bakarra jarduera horri eusteko, eta, beraz, haiek arduratuko dira aurrerantzean pala profesionala kudeatzeaz.
Innpalako arduradunak palistekin bildu dira gaur Mungiako (Bizkaia) frontoian, eta bilera horretan azaldu diete egoera. Palistek entzun egin dituzte azalpenak, baina, ez da akordiorik egon, eta, beraz, ostiral honetan egitekoak diren grebari eutsi diote. Hala ere, esan dute akordioa lortzeko borondatea dutela.
Necolek ez beste, Innpalako palista guztiek grebara joko zutela iragarri zuten aurreko ostiralean. Agerraldi horretan, palistek, besteak beste, bi eskakizun nagusi egin zituzten: batetik, lan hitzarmen berria negoziatzea; eta, bestetik, lizitazio berri bat egon arte pilotaririk ez kaleratzea eta indarrean dauden kontratu guztiak berritzea.
Greba deialdiak bere horretan jarraitzen du, baina ostegunean beste bilera bat egingo dute palistek eta Innpalako arduradunek LHK Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan.