Eider Merino. Txirrindularia

«Nazioarteko tropelean norbait zen Eider hura izan nahi dut berriro»

Izan zenera itzultzen saiatuko da bizkaitarra Laboral Kutxan, taldeari gorenera iristen laguntzeko asmoz. Atzerrian bi urte gogor bizi ostean, etxeko «lasaitasuna» eta «egonkortasuna» hobetsi ditu bere etorkizuna erabakitzeko garaian.

SPRINT CYCLING.
enaut agirrebengoa
2022ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Ziklismoaz maiteminduta dago Eider Merino (Balmaseda, Bizkaia, 1994). Pasio horrek Italiako Monex taldera eraman zuen duela bi urte, eta Britainia Handiko Le Colen egin zuen proba iaz. Denboraldi zailak izan dira, lesioak tarteko, eta galdu egin du lehiarako grina. Ilusioak, ordea, bere horretan jarraitzen du, eta «gazteei laguntzen» eta «taldearentzat bidea urratzen» saiatuko da datorren urtean Laboral Kutxan. Sasoi bakarrerako sinatu du oraingoz.

Hasia zara dagoeneko denboraldi berria prestatzen, ala ez duzu presarik?

Ez, oraindik ez naiz hasi. Azaroan kirola lasaiago hartzeko aukera izaten dugu. Gainera, denboraldirik ere ez dut eduki ia, orduan, ez dakit oso ongi nola abiatu denboraldiaurrea. Aurki iritsiko zait lanera itzultzeko ordua. Gimnasioa eta bizikleta uztartuko ditut, eta mendira ere joango naiz. Igeri egitea ere gustuko dut. Denetarik egin ohi dut.

Aurki aro berri bat hasiko duzu zure kirol ibilbidean, Laboral Kutxa taldean. Zein aldartez helduko diozu?

Gogotsu nago. Barneratzen lanak ditut oraindik, denboraldi oso arraroa izan baita. Urte asko eman dut lehian buru-belarri murgilduta, eta denbora luzez gelditzeak aldatu egin nau. Entrenatzera atera, eta ez dut gogorik serieak egiteko. Zikloturista moduan aritu naiz, eta orain ikuspegia aldatzea dagokit. Helburuak garbi izanik atera nahi dut entrenatzera, egiten dudanak zentzua izan dezan.

Atzerrian izandako esperientziak ez dira batere samurrak izan. Ilusioa galtzen hasia zinen?

Ez, nik ziklismoan besterik ez dut pentsatzen, eta hori ez da aldatu. Ilusioa hor dago oraindik; ordea, lehiatzeko gosea galdu dut. Bakarrik aritu naiz entrenatzen, eta asko nabaritu dut. Gehiago estutzen duzu norbaitek zirikatzen zaituenean. Eta oraintxe, ez dut estutzeko gogorik. Bizikletan atera nahi dut, baina sufritu gabe. Sufrimendu horretaz gozatu nahi dut berriro. Bestela, ezinezkoa da lasterketetan maila ematea.

Lesioek ere asko mugatu zaituzte. Azken sasoi hau, adibidez, herrenka hasi zenuen, orkatilako edema batengatik.

Badirudi zorigaitza jarraika dudala. Beti dut zerbait. Orain ziklo-kros apur bat egiteko asmoa nuen, baina eroriko tontoa izan nuen mendiko bizikletarekin, eta mina dut ukondoan. Urte hasieran ere geldi egon behar izan nuen, eta azkenean, hiru lasterketatan hartu dut parte bakarrik. Aurtengo denboraldia ezabatu egin nahi dut nire oroimenetik.

Egoera errotik aldatzeko, sustraietara itzultzea erabaki duzu. Etxean bezala, inon ez?

Horrexegatik sinatu dut Laboral Kutxarekin. Lasaitasuna behar dut, eta atzerrian beste urtebete egiteak beldurra ematen zidan, psikologikoki batik bat. Beste abentura bat izango zatekeen. Horretarako gogoa nuen Italiara joan nintzenean, ordura arte etxetik irten gabea bainintzen. Orain, ordea, ez dakit zer errendimendu emango dudan, eta uste dut babestuta egotea dela garrantzitsuena.

Itzalak itzal, une distiratsuak bizi izan dituzu txirrindularitzan. 2018an, adibidez, onenen pare aritu zinen Giroan eta Ardechen, eta Espainiako Txapelketa irabazi zenuen. Sasoi hartan gozatu zenuen gehien?

Mugarria 2017ko denboraldia izan zen. Ikasketak bukatu ostean, buru-belarri murgildu nintzen txirrindularitzan, eta aldaketa handia igarri nuen. Onenei eraso egiteko gai ikusi nuen nire burua. 2018an Movistarrera joan nintzen, eta sekula baino indartsuago sentitu. Dena den, gutxik oroitzen dute urte hori ere min hartuta hasi nuela. Hilabete eman nuen bizikletara igo gabe. Pilatutako amorrua baliagarria izan zitzaidan gero. Ea datorren urtean beste horrenbeste gertatzen den.

Horren emaitza onak lortu ondoren, gehiegi estutu zenuen zeure buruari?

Kirolariok beti dugu zama hori. Koska bat igo, eta berehala hurrengoa igo nahi dugu. Gorenera iritsi, eta hor iraun ezin izateak arazo handiak ekartzen ditu. Hori kudeatzen jakin beharra dago, itsutu gabe lanean jarraitu, eta norberaren bertsio onenera itzultzeko, edo zergatik ez, langa hori gainditzeko.

Itzuliko ote da noizbait Zoncolanen onenen pare aritu zen Eider hura?

Horretarako egiten dut egunero borroka. Nazioarteko tropelean norbait zen Eider hura izan nahi dut berriro. Zaila da, baina ez dut amore eman behar.

Nolakoak izan dira lehen sentipenak talde berrian?

Oso onak. Hasieratik nire ondoan izan da Aitor [Aitor Galdos, taldeko manager orokorra]. Babeslea 2029ra arte izatea sekulakoa da. Banituen beste eskaintza batzuk, baina ez nuen zalantzarik izan. Taldeak bermatua du egonkortasuna, eta kirol arloan, World Team mailan egon nahi du 2024 urterako. Urterik urte asko ari da hazten taldea, eta ederra da horren parte izatea.

Alta, kontratua sasoi baterako sinatu nahi izan duzu. Zergatik?

Denak oso itxura ona dauka, baina ez dakit, agian dena ez da nahi dudan bezala aterako. Ez dakit fisikoki nola nagoen, eta hori jakin nahi dut lehendabizi. Ez dut lau urterako sinatu nahi, gero ez bainaiz gai nahi dudan maila emateko. Nik uste nahiko azkar ikusiko dudala hau luzerako den ala ez.

Ondo bidean, zer eskaini nahiko zenioke Laboral Kutxari?

Gazteei laguntzen eta konfiantza ematen saiatuko naiz, hainbesteko beldurrik izan ez dezaten. Gogoan dut atzerriko ziklistei estralurtarrak balira bezala begiratzen geniela, uste baikenuen ezin ginela haiekin parez pare lehiatu. Ez da horrela, eta nire esperientzia baliagarria izan daiteke taldekideentzat. Eta noski, maila txukuna lortzen badut, taldearentzat bidea urratzen saiatuko naiz nazioarteko probetan.

Gorenera bidean, zure esku egongo da taldeko lidergoa. Ez da ardura makala, gero.

Lider hitza ez zait sekula gustatu. Aitorri esan diot ez dudala entzun ere egin nahi. Beti hobe ibili izan naiz lidergoa beste norbaiten esku egon denean. Presiopean aritzea da okerrena niretzat. Neure buruari asko exijitzen diot, oso urduria naiz, eta, zenbat eta lasaiago aritu, orduan eta hobeto jarduten dut. Onenen artera itzuli nahi dut, baina taldekideak baino gehiago naizela sentitu gabe.

Nolako egutegia eduki nahiko zenuke?

Itzuliak gustatzen zaizkit gehien. Lasterketa berezienak etxekoak izaten dira, eta hor txukun aritu nahiko genuke, gero Tourrean edo Giroan aritzeko. Aitor baikorra da horren inguruan. Maila emanez gero, ateak zabalduko dizkigute. Itzela litzateke Tourrean lehiatu ahal izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.