Ondorioak izan ditu Nazioarteko Pilota Federazioak Mexiko Hirian egin zuen ezohiko batzarrak. Han, larunbatean, federazioko batzorde exekutiboak erretiratu egin zuen Euskadiko Federazioaren onarpenaren inguruko puntua. Dirudienez, ordea, erabaki hori ez zitzaion egokia iruditu Xavier Cazaubon presidenteari, eta azkar hartu ditu neurriak: kargutik kendu ditu batzordea osatzen zuten kide ia guztiak.
Hiru utzi ditu beren karguan: Jesus Mena idazkari orokorra, Mexikokoa; Javier Conde diruzaina, aldi berean Nafarroako Pilota Federazioko presidente dena; eta Lilou Etxeberria, Frantziako Pilota Federazioko presidentea. Mena duela aste batzuetatik da batzordeko kide; Julian Garcia Angulo Espainiako Federazioko presidentearen postua hartu zuen. Cazaubonek Euskadiko Federazioaren kontrako kanpaina egiteagatik kendu zuen kargutik Garcia Angulo.
Nazioarteko federazioko presidenteak, sare sozialetan argitaratutako gutun batean azaldu duenez, «hausnarketarako tarte bat» hartuko du orain, batzordeko kide berriak hautatzeko. Erabakiaren arrazoia, argi utzi du, uztailaren 29an egindako ezohiko batzarrean gertatutakoa izan da.
Federazio indartsuak alde
Gotzon Enbil Euskadiko Pilota Federazioko presidenteak BERRIAri azaldu dionez, onarpenaren inguruko puntua bozkatu ez izanak badu alde on bat: hurrengo edozein batzarretan sar daiteke gai zerrendan, eta bozketa egin. Bozketan ezezkoa atera bazen bi urte itxaron beharko zituzten berriz proposatu aurretik. Erabakigarria izango da, beraz, Cazaubonek zer batzorde hautatzen duen.
Euskadiko Federazioaren proposamenak bazuen babesa, baina, agian, ez nahikoa. Batzordearen %50ek baino gehiagok zuen alde bozkatzeko asmoa; proposamena onartzeko, ordea, bi herenen babesa behar zen. Federazio batzuk alde ditu. Enbilek kontatu du: «Federazio indartsuak, gainera: Frantziakoa, Argentinakoa, Mexikokoa... Haiek argi ikusten dituzte gure argudioak, eta lan egingo dugu posizio horri euts diezaioten». Cazaubonek batzordetik kendu ez dituenak, hain zuzen, federazio horietakoak dira.