Pilota

Nazioarteko Pilota Federazioak Espainiakoari erantzun dio abenduaren 28ko batzarra behar bezala egin zutela

Azpimarratu duenez, «erabat faltsua» da ez ziola bozkatzen utzi Espainiako Federazioari biltzar nagusian. Zehaztu duenez, ez Garcia Angulok, ez haren ilobak ezin zuten bozkatu; bai, ordea, Kudeaketa Batzordeko beste hiru kidek.

Xavier Kazaubon. PATXI BELTZAIZ
Xavier Kazaubon Nazioarteko Pilota Federazioko presidentea, artxiboko argazki batean. PATXI BELTZAIZ
Julen Etxeberria.
2025eko urtarrilaren 1a
17:05
Entzun

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak Euskadikoa eskubide osoko kide izatea onartu izanak makina bat erreakzio eragin ditu, eta Nazioarteko Federazioak haiei erantzun die gaur kaleratu duen agiri batean. Horretan, abenduaren 28an haren biltzar nagusiak hartutako erabakiaren nondik norakoak azaldu ditu.

Lehenbizi, zehaztu du hasiera batean biltzar nagusia Caracasen egitekoa zela, baina, herrialde horretan uztailaren 28an egindako lehendakaritzarako hauteskundeen harira egondako istiluak direla eta, Nazioarteko Federazioak abuztuaren 15ean jakinarazi ziola Venezuelakoari bertan behera utzi zuela azaroaren 25etik 30era Caracasen jokatzekoa zen Munduko Frontball Txapelketa. Hori baliatuta egingo zuen Nazioarteko Federazioak urteko biltzarra, baina, azkenean, bertan behera geratu zenez, biltzarra Iruñean egitea erabaki zuen, han baitu egoitza. Nazioarteko Federazioak azpimarratu duenez, hiru hilabeteko aurrerapenarekin jakinarazi zien federazio guztiei aldaketa. Biltzar nagusiaren gaien ordena, ekintzen memoria, balantzeak eta txostenak, berriz, hilabeteko epearekin jakinarazi zizkien. Nazioarteko Federazioak nabarmendu duenez, bozkatu ziren gaiak gehiengo zabalarekin onartu zituzten: biltzarrean parte hartu zuten kideen %77 eta %100 arteko aldeko botoekin.

Kubako eta Espainiako federazioek biltzarrean bozkatu ez izanaz, berriz, azaldu du Kubako Federazioa hilabeterako zigortuta zegoela, haren selekzioak azken unean egin baitzion uko irailean Parisen jokatu zen Nazioen Ligan parte hartzeari, eta horrek kalte ekonomikoa eragin zielako Nazioarteko eta Frantziako federazioei.

Nazioarteko Federazioa zorrotzago mintzatu da Espainiak bozkatu ez izanaren inguruan. Azaldu duenez, «erabat faltsua» da ez zitzaiola bozkatzen utzi Espainiako Federazioari. Zehaztu duenez, Julian Garcia Angulo Espainiakoren Kudeaketa Batzordeko presidentea zegoen zigortuta, eta ez Espainiako Federazioa. Jakinarazi duenez, Arabiako Euskal Pilota Konfederazioak eskatu zuen Garcia Angulo zigortzeko, hark sare sozialetan egindako zenbait iruzkinengatik. Nazioarteko Federazioaren arabera, Garcia Angulok ezin zuen bozkatu, baina bai Espainiakoaren Kudeaketa Batzordeko beste hiru kidek: Baldomero Peraltak, Felix Manzanerok eta Pamela Berbegalek. Kudeaketa Batzordeko kide izatea zen baldintza bakarra. Hala ere, Espainiako Federazioak Jorge Lopez aukeratu zuen biltzarrean bozkatzeko, hau da, Garcia Anguloren iloba, zeina ez den Kudeaketa Batzordeko kide.

Azkenik, gaien ordena aldatu izanari buruz, azaldu du hori egin daitekeela baldin eta biltzarrean dauden kideen bi herenek hala onartzen badute. Argentinako Konfederazioaren ordezkariak eskatu zuen zenbait puntu bozkatzeko, tartean Euskadiko Federazioak Nazioartekoan sartzeko egindako eskaera. Biltzarraren gehiengoak onartu egin zuen, eta horri jarraituta egin zuten bozketa.

Azalpen horiek guztiak emanda, Nazioarteko Federazioak «bukatutzat» eman du gaia. Espainiako Kirol Kontseilu Gorenari igorri dio erabakia, «Espainiako Gobernuak sustatutako Kirol Legek dioenari jarraikiz».

JAKAK ETA IMAZEK HIRUGARREN GARAIPENA LORTU DUTE

Erik Jakak eta Ander Imazek 22-17 irabazi diete gaur Jokin Altunari eta Aitor Arangureni, Eibarko Astelena frontoian (Gipuzkoa), urteko lehen jaialdian. Garaipenari esker, Baikoko bikoteak hiru garaipen lortuta amaituko du lehen itzulia. Aspekoek, berriz, birekin bukatuko dituzte lanerdiak.

Azken txanpan hautsi da partida: 17-14 zihoazen irabazten Altuna III.a eta Aranguren, baina Jakak eta Imazek zortzi tanto egin dituzte jarraian. Baikoko aurrelaria erabakigarria izan da. 

Bihar bukatuko da lehen itzulia. Lehen bi postuetan dauden bi bikoteek jokatuko dute elkarren aurka, Azkoitian (Gipuzkoa), 17:00etan: Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta Unai Lasoren eta Martxel Iztuetaren kontra ariko dira. Aspekoek sei partidak irabazi dituzte; Baikokoek, berriz, bost.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.