Agurtzane Elorriaga. Bizkaia Durango-Muriaseko zuzendaria

«Nazioartean zeresana emateko baliatu dugu erakusleiho berria»

Hamalau ziklista inguruko taldea osatu nahiko luke Agurtzane Elorriagak datorren sasoirako, berriz ere «gaztetasuna» oinarri harturik. UCIk 2020rako ezarriko lituzkeen neurriek «beldurra» eragiten diote.

enaut agirrebengoa
2018ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Bizkaia Durango-Euskadi Muriasek osaturiko denboraldiak gogobete egin du Agurtzane Elorriaga (Iurreta, Bizkaia, 1978). Izan ere, sasoi aurreko arazoei aurre egin, eta helburu guztiak bete ditu taldeak. Egutegi zabalagoa izan du, eta, Elorriagaren arabera, ziklisten maila «oso ona» izan da. Lehen sasoia osatu dute Muriasen aldamenean, baina zuzendariak ez du iritzirik eman nahi izan hitzarmenak orain arte emanikoaz. 2019an taldeak aurtengo xede berberak izango ei ditu: izaera «lehiakorra eta irabazlea» izatea eta gazteek «aurrerapausoa» ematea.

Zer nota jarriko zenioke 2018ko denboraldiari?

Zortzi bat. Oso emaitza politak lortu ditugu, eta pozarren gaude. Batetik, oso txukun aritu gara estatu mailan. Euskaldun torneoan zortzi lasterketa eta sailkapen nagusia irabazi ditugu, eta Espainiako Kopan, 23 urtez azpikoen sailkapena eta taldekako sailkapena. Gainera, nagusi izan gara 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan. Bestetik, atzerrian ere oso ondo ibili gara, eta Bretainiako lasterketa bat irabazi dugu Dani Christmasekin.

Horrez gain, mugarritzat jo duzu Italiako Giroan egindako lana.

Hala da. Bosgarren etapan podiuma zapaltzeaz gain —Alice Maria Arzuffi italiarra hirugarren izan zen—, egunero lehian aritu ginen. Guretzat itzela da World Tourreko proba batean zeresana ematea. Oso ondo aritu ginen Giro osoan; taldekako sailkapenean, 24tik hamargarren izan ginen, eta momentu batean hirugarren postuan egon.

Sasoia hasi aurretik, baziren zalantzak. Izan ere, taldea goitik behera aldatu behar izan zenuten. Alta, egoera ondo atera duzue aurrera.

Nire ustez, denboraldiari ezin zaio gehiago eskatu. Itzela da geneukan taldearekin halako emaitzak lortu izana. Iazko irailean esan izan baligute horren ondo ibili behar genuela, ziurrenik ez genukeen sinistuko. Ordea, azkenean forma eman genion taldeari, eta oso ondo ibili gara errepidean.

Zein izan da arrakastaren gakoa?

Neguan, fitxaketak egitean, lan ona egin genuen, eta azkenean talde polit batekin hasi genuen urtea. Horrez gain, goraipatzekoak dira neskek izan duten motibazioa eta haien jarduna. Lan asko dago denboraldi honetako emaitzen atzean, bai teknikarien aldetik, eta bai ziklisten beren aldetik.

Ziklisten motibazioa aipatu duzu. Horretan, apika, badu zeresana taldearen gaztetasunak.

Talde oso gaztea izan dugu, eta neskek gose handia erakutsi dute. Gainera, oso ondo konpondu dira euren artean, eta teknikariekin ere beti giro onean aritu dira. Esperientzia falta ez dugu nabaritu, eskarmentua duten txirrindulari batzuk ere izan baititugu, hala nola Lucia Gonzalez eta Alice Arzuffi. Gehienbat, haiek izan dira gazteei bidea erakutsi dietenak.

Egutegia zabaltzea zen xedeetako bat. Lortu duzue, ezta?

Iaz, UCI mailako 30 bat lasterketa egun izan genituen, eta uste dut aurten 42 izan direla. Beraz, bai, egutegia dezente zabaldu dugu, eta erakusleiho berria nazioartean zeresana emateko baliatu dugu.

2019an egutegi are hobea izaten saiatuko zarete, edo konforme egongo zinatekete aurtengoari eutsita?

Nahikoa izango da aurtengo egutegiari eusten badiogu. World Tourrean ia hogei lasterketa egun izan ditugu; hau da, UCIko lasterketa egun guztien erdiak World Tourrekoak izan dira. Horrek esan nahi du kalitate handiko egutegia izan dugula. Egun asko dira goreneko mailan. Gero, beste hogei pasatxo izan ditugu 1.1 eta 1.2 mailetan. Kopuru polita da nazioarteko lasterketei dagokienez. Eta horri guztiari estatu mailako lasterketak gehitu behar zaizkio. Guztira, 70 lasterketa egun baino gehiago izan ditugu. Asko da hori.

Datorren urtean ere gaztetasuna izango duzue ardatz. Batez beste, 22 urte baino gutxiago dute oraingoz kontratua egin diezuen hamar ziklistek.

Oinarria aurtengoaren antzekoa izango da. Estatuko gazterik onenak edukiko ditugu, eta fitxatu ditugunak ere gazteak dira: esaterako, Nicole D'Agostinek 19 urte dauzka, eta Natalie Grinczerrek, 25. Beraz, 2019an ere gaztetasunaren alde egingo dugu apustu.

Sasoi honetan Bizkaia Durangon aritutako txirrindularietako seik berritu dute oraingoz 2019rako, eta lau fitxaketa egin dituzue. Oraindik lan asko gelditzen zaizue?

Apur bat bai: aurten, hamalau bat txirrindulari izan ditugu, eta 2019an antzeko kopurua eduki nahiko genuke. Behintzat, ez dago taldea goitik behera berritu beharrik, iaz gertatu zenaren kontrara. Sartu-irtenak beti izaten dira, baina eutsi egingo diogu taldearen ardatzari. Abantaila handia da hori, neska gehienek jada elkar ezagutzen baitute.

Zer helburu izango duzue datorren urtean?

Gutxi gorabehera, aurtengo helburu berberak: estatu mailan talde lehiakorra eta irabazlea izatea, eta gazteek aurrerapausoa ematea. Horrez gain, atzerrian berriz ere ondo aritzea, beldur barik aritzea eta mentalitate irabazlea izatea gustatuko litzaidake.

Aldaketa haizea dator: 2020rako gutxieneko soldata ezartzeko eta World Tour maila eratzeko aukera esku artean darabil UCIk. Ordea, zuk egunotan aipatu duzu neurri hori «etxea teilatutik hastea» litzatekeela.

Beldurra ematen dit, ez baitut ikusten talde asko baldintza horiek betetzeko kapazak direnik. Soilik bost taldek badute neurri horretara egokitzeko gaitasuna, badu zentzua? Horrek ez du esan nahi neskek gutxieneko soldata izatearen kontra nagoenik. Guztiz kontrakoa. Etengabe ari gara lanean uneren batean ziklistei baldintza horiek eskaini ahal izateko. Baina exijentzia hori egon dadin, lehenik babesleak erakarri behar dira. Pausoz pauso joan beharra dago.

Zuek zer informazio jaso duzue UCIren aldetik?

UCIk oraindik ez digu taldeoi informazio zehatzik eman. Arraroa egin zait komunikabideei informazio hori helarazi izana, eta taldeoi ez. Talde txikiok beldurra dugu, gizonezkoen ziklismoan talde asko desagertu egin baitziren World Tourra sortzean. Uste dut, hasteko, UCIk gauza oinarrizkoago batzuk egin beharko lituzkeela berdintasunaren alde: sariak hobetzea, antolakuntzak arauak betetzera derrigortzea…

Bestalde, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak berriki BERRIAri azaldu dionez, baliteke aldaketa izatea Emakumeen Biraren antolakuntzan. Badakizu zerbait?

Nik ez dut uste errelebo bat egongo denik. Norbera nekatuta dagoenean, beti da positiboa aldaketa bat izatea. Ona litzateke gogotsu eta emakumezkoen txirrindularitzaren alde lan egiteko prest dagoen norbait sartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.