Naturaren indarra

Bixente Lizarazuk futbolari profesionalaren ibilbidea amaitu berri du, baina bere kirol ibilbideak ez du etenik. Pasioaren uhinek beste itsaso batzuetara eramango dute Hendaiako jokalaria izandakoa.

2006ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Bidasoa ibaia itsasoratzen den talaiatik begira jarri zen, behin, mutiko txiki bat. Urrun pausatu zituen begiak; itsaso zabaletik haratago. Ametsak ilusioz jantzi zituen, eta grinaz elikatu bere izaera, bere gogoa. Hendaiako geltokiko karrikan gora eta behera ibiltzen zen, txiki-txikitatik jada, baloiarekin jolasean. Kirola, hastapenetik, jolasa izan baita Bixente Lizarazurentzat; ogibidea izan ez dituen beste jardueretan, noski. Bixenteri, jokalari grina, Lizarazuri, erronkazale arima, berezkoa duen irabazle senetik datorkio. Kirola maite duen familian hazi zen, eta jakin-minaren bidetik, erronka guztiak lehia pertsonal gisa hartu izan ditu. Lehiakorra: horixe da bere kirolari izaerak hemezortzi urtean utzi duen ondarea. Euskal futbolaririk arrakastatsuena izan da: Munduko eta Europako txapelduna Frantziako selekzioarekin, Alemaniako Liga irabazi du Bayern Munichekin, Alemaniako Kopa ere bai, Txapeldunen Liga, Kontinente artekoa, etaUEFAko txapeldunordea. Bi klubek osatzen dute bere kirol ibilbidearen ardatza: Bordeleko Girondinsek (hazi zenekoa) eta Bayern Munichek (loriaren habia). Tartean bi esperientzia labur bezain ilunak: Athleticen «lasaitasun faltagatik»; eta Olympique Marseillan, Troussier entrenatzaile zorrotzarekin talka egin zuelako.

Frantziako selekzioa izan da bere jardun arrakastatsuaren ispilua: 1998ko uztailaren 12an urrezko kopa jaso zuen Saint-Denis estadioan Didier Deschamps kapitain baionarraren eskutik, eta orduan konturatu zen zein luzea eta nekeza izan den arrakastaren bidea 14 urterekin gurasoen etxea utzi eta futbolari profesionalaren karrera ikastera joan zen mutilarentzat.



ESKU-PILOTAREN OINARRIA.Sebastian Gonzalez eta Xalaren modura, Panpi Ladutxen eskuetatik igaro zen Bixente Lizarazu gaztea. Lapurdiko frontoietan trebatu zen, eta gerora futbolerako oso baliagarriak gertatu zitzaizkion bi pareten artean ikasitako mugimenduak, eta buruz buru lehiatzeko landutako grina. Pilotan ezkerrarekin egiten zuen, eta tenisean, berriz, eskuinarekin. Hamaika urterekin Bordeleko gazteen tenis txapelketa irabazi zuen, kirolean izan duen erreferentzia nagusiaren ildotik: Bjorn Borg.

Futbolarekin batera, hamaika jardueratan trebatu zen. Ikasketetan beti zintzo, eta kalean, baloiarekin, oldarkor. Hendaiako Englantins taldean hasi zen. Aurrealdean jokatzen zuen, eta hain zen sutsua mutila, hain lehiakorra, ezen Hendaiako errugbi taldeko jokalariek lan saioa amaitzen zutenean gaztetxoen entrenamendua ikustera joaten baitziren, geltokiko karrikan barna galtza motzetan gora eta behera ibiltzen zen mutikoaren pasioaz gozatzeko.

Begiz jo zuten berehala Akitaniako futbol ordezkariek; gaztetxoen selekziora eraman, eta han sortutako oihartzunak Bordeleraino eraman zuten. Aurretik, Donostia aldean hasi zen jokalari nagusien futbolaz gozatzen, Realaren Europako Kopako partidekin, baina berak Ipar Euskal Herritik Akitaniako hiri nagusirantz jo zuen, Bordeleko Girondinsek bere prestakuntza zentroan futbola eta ikasketak uztartzeko aukera eskaini zionean.

Bidea, ordea, ez zen samurra izan. Hamalau urterekin atera zen etxetik. Futbolean ez zuen entrenatzaileen konfiantza handirik, fisikoki eskasa zelakoan, baina bere izaera lehiakorrak aurreiritzi guztiak zapuztu zituen. Izan ere, gorpuzkera bikainak eta buru argiak oztopo guztiak gainditzeko bidean jarri zuten Lizarazu. Futbola lehiarako esparrua zen; beste kiroletan, berriz, bizitza filosofia osasungarria aurkitu du: eskian, eta, batez ere, ur jokoetan.

1988ko azaroaren 12an egin zuen debutaLehen Mailan, Girondinsekin. Aime Jacquetek ireki zion talde nagusiko atea. Baina aurrelari gisa ez zuen aparteko etorkizunik, eta Didier Couecouk, Jacqueten ondorengoak, zorioneko erabakia hartu zuen Lizarazurentzat: atzealdean kokatzen hasi zen, bere erasorako dohainak hobeto baliatzeko. Hura izan zen Bixente Lizarazuren hasiera; Girondinseko etorkizuneko kapitainaren eta taldeburu eredugarriaren behin betiko kokapena: ezker hegaleko inurria.



ZIDANEREN BIZKARTZAINA. Girondinsen hiruki bikaina osatu zuten ezker hegalean Lizarazuk, Zidanek eta Dugarryk. Frantziako selekziora eraman zuten automatismo hori, baina batez ere adiskideen arteko lotura sortu zen Parc Lescuren. 1996ko udaberria lehen loreak ematen ari zenean, gau epel batean, Bixente Lizarazuk besoak jaso zituen ikurrina eskuan hartuta: UEFAko finala jokatzeko txartela lortu zuten. Ordurako, konturatuta geunden, astero Frantziako Ligan, Girondinseko kapitainaren besokoak Euskal Herriko ikurra erakusten zuela.

Egun batean ontzia hartu eta itsaso zabalean murgildu zen, erronka berrien atzetik. Munichen eraiki du bere palmaresa, eta Bayernen historian leku berezia lortu du, denboraldi gehien jokatu duen atzerritar gisa. Baina bera ez da inon atzerritar sentitu: akaso arrotz bizitzako zenbait momentutan... Hastapenean, Bilbon, Marseillan... Bere kirol ibilbidea zuzendu duen argitasuna olatu handietan trebatu zen, eta orain uhinekin jolasteko garaia iritsi zaio. Aurretik, Zidane lagunaren agurraz gozatzeko aukera izango du Munduko Kopan. Olatuaren puntan amaituko dute biek elkarrekin hasitako ibilbidea.



Hamalau urterekin joan zen, Bordeleko Girondinsek jokatzeko eta ikasteko aukera eman zionean



Aurrean jokatzen zuen hasieran, baina Didier Couecouk atzeratu egin zuen, beretzat zorionean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.