Realeko jokalaria

Nahia Aparicio: «Naturaltasunez bizi dut gertatzen ari zaidana; oinak lurrean ditut»

Realak Kopako final-laurdenetako kanporaketa jokatuko du gaur Levanteren zelaian (19:00). Apariciok uste du gako izango dela fisikoki ondo egotea, eta aukerak baliatzea.

(ID_17071506452205) Nahia Aparicio Realeko jokalaria.
Reala
ainara arratibel gascon
2024ko otsailaren 8a
05:05
Entzun

Bigarren taldean ikusgarri aritu ostean, Realaren lehen taldean finkatzen ari da Nahia Aparicio (Tolosa, Gipuzkoa, 2004). Irribarrea ahotik kendu ezinda erantzun die galderei, zelaian erakusten duen naturaltasunarekin.

Emaitzei erreparatuta, behintzat, denboraldiko unerik onenean zaudete. Azarotik ez duzue galdu. Nola helduko diozue gaurko Levanteren aurkako Kopako kanporaketari?

Emaitza onek beti ematen dute konfiantza, eta taldea hala dago. Dinamika onean gaude, eta gogotsu Levanteren aurkako partidari begira. Beharbada, emaitzetatik harago, hasi eta buka norgehiagoka biribil bat egitea falta zaigu. Ea oraingo honetan lor dezakegun. Nahiz eta badakigun haiek oso talde ona dutela, eta haien zelaian jokatzeak zaildu egiten duela kanporaketa. Baina sinetsita gaude, gauzak ondo eginda, irabazteko gai garela.

Ligan lehen itzulian jokatu zenuten haien aurka, Zubietan. Bana berdindu zenuten. Antzekotasunik izango du partidak? Izan ere asteburuan irabazi egin zuten arren, haiek ez daude boladarik onenean, eta taldeko jokalaririk garrantzitsuenetako bat joan zaie: Maira Ramirez.

Une aproposa izan daiteke haien aurka jokatzeko, baina, esan bezala, oso multzo ona dute. Antzekotasunik izango du. Haiek presio estua egiten dute, eta fisikoki asko behartzen dute aurkaria. Ikusi zen ligako partidan. Arlo horretan sendo egon beharko dugu, ondo eutsi, sufritzen jakin eta ditugun aukerak baliatu. Prest egon behar dugu horretarako.

«Levantek presio estua egiten du, eta fisikoki asko behartzen du aurkaria. Arlo horretan sendo egon beharko dugu».

Non zinen Realak Kopa irabazi zuen urtean?

Etxean ikusi nuen partida, gurasoekin. Oker ez banago, Realera etorri nintzen urtea izan zen, eta poza bikoitza izan zen. Gustatuko litzaidake halako zerbait bizi izatea. Eguna bera eta ondorengo eguneko ospakizunak izugarriak izan ziren. Hura bizi izan zuten taldekideek esaten didate futbolean inoiz gertatu zaien gauzarik ederrena izan zela. 

Lehen taldera igo berri zara, eta asko jokatzen ari zara. Gustura zaude?

Oso pozik eta gustura nago. Lehen taldera igotzen zarenean, ez duzu espero hainbeste jokatzea. Egia da denboraldi hasieran nire lekuan jokatzen duten hainbat taldekide min hartuta egon zirela, eta horri esker iritsi zitzaidala aukera. Baina uste dut ondo baliatu nuela. Oso eskertuta nago bai taldekideak, baita Nataliak nahiz entrenatzaile multzoa ematen didaten konfiantzarekin. Zuk are gehiago ematen laguntzen du. 

Bai taldekideek, baita Natalia Arroyo entrenatzaileak ere, duzun indarra, lider izaera eta patxada aipatu dute. Ematen du urte mordoa daramazula Lehen Maila. Zuk nola ikusten duzu zeure burua?

Nire izaerarekin bat datorren zerbait da, egon naizen taldeetan beti egokitu zait lider rol hori. Naturaltasunez daramat, eroso daramat horrek berekin dakarren ardura. Oinak lurrean, nire helburua beti da gauzak ahalik eta ondoena egitea, eta taldekideei laguntzea eta haiengandik ikastea. Patxadari dagokionez, egia da nahiko lasaia dela. Baina barruan ere izaten dut urduritasun apur bat. Orain, hala ere, ez nago rol horretan, lehen taldean finkatzen ari naiz, eta nire postua topatzen. Izan ere, erdiko atzelari eta euskarri postuan jokatzen ari naiz.

Zein postutan aritzen zara gusturago?

Egia da gusturago nagoela erdiko atzelari postuan jokatzen. Baina euskarrian jokatzera ere ohitzen ari naiz pixkanaka. Euskarri postuan presio gehiago daukat, aurkari dezente dituzu inguruan, eta bizkorrago jokatu behar duzulako. Ez duzu asko pentsatzeko denbora. 

«Gusturago nago erdiko atzelari postuan jokatzen. Baina euskarrian jokatzera ere ohitzen ari naiz pixkanaka»

Batez ere erdiko atzelari postuan jokatu duzu. Zer nabarmenduko zenuke zure postuan jokatzen duten beste hiru taldekideez: Ane Etxezarretaz, Ana Tejadaz eta Manuela Vanegasez?

Aneri dagokionez, haren nortasuna eta kasta nabarmenduko nituzke. Alde horretatik, antzekoak gara. Egiten dudana egiten dudala, konbentzituta egiteko esaten dit, zalantza ez egiteko. Ana, berriz, oso erdiko atzelari ziurra eta lasaia da. Oso gustura jokatzen dut harekin, zelaian asko komunikatzen duen jokalaria baita. Manuk, berriz, esperientzia handia du, eta buruz burukoetan ondo neurtzen erakutsi dit. 

Ikasitakoak ikasita, futbolari moduan zertan aldatu zara sasoi hasieratik?

Beti izan naiz oso exijentea neure buruarekin. Orain ere hala naiz, eta autokritika ere garrantzitsua dela uste dut. Hobekuntzaren parte da. Baina alde horretatik izan ditut garai okerragoak. Lehen, hutsak egiten nituenean frustratu egiten nintzen, eta nire jarrera ere aldatu egiten zen zelaian. Orain, hori kudeatzen ikasi dut. Lehen Mailan nago, normala da hutsak egitea, naturala. Baina hutsen bat egitean, ezin dut etengabe horretan pentsatzen egon. Partidak aurrera jarraitzen du, eta horretan pentsatu behar dut.

Dituzun ezaugarriak tarteko, askok Irene Paredesekin alderatzen zaituzte. Hark Reala utzi zuen. Zeure burua urte luzez ikusten duzu Realean?

Irene erreferenteetako bat izan dut. Asko gustatzen zait zelaian erakusten duen indarra, konfiantza... Ni neu ez dakit non egongo naizen hemendik hiru-lau urtera, baina argi dut Realak egin zuela nire alde. Oso pozik eta gustura nago hemen. Amets asko ditut betetzeko hemen: Txapeldunen Liga jokatzea, Kopa irabaztea... Gainera, oraindik ez dut Anoetan jokatu.

Zelaitik kanpo asko aldatu zaizu egunerokoa?

Egia esan ez. Beti izan naiz pertsona bat oinak lurrean dituena. Egia da orain lehen taldean nagoela, eta beste exijentzia bat dudala. Baina ni ez naiz aldatu, eta hala segitu nahi dut. Oraina, momentua, bizitzea gustatzen zait, eta horretaz disfrutatzea. Ez dut harago pentsatzen, eta uste dut hori oso lagungarria dela. Aitak asko erakutsi dit alde horretatik.

Zer egiten duzu astialdian?

Abestea gustatzen zait. Ahizpak pianoa jotzen du, eta biak aritzen gara. Dantzatzea ere atsegin dut, baita lagunekin egotea ere. Gainera, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasten ari naiz. Kirolaren mundua gustuko dut, eta futbola uztean horretan aritu nahiko nuke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.