Reala

Natalia Arroyok ez du Realean jarraituko

Kataluniako entrenatzaileak lau urte egin ditu Realean, eta haren eskutik lortu dute txuri-urdinek ligan inoiz lortu duten posturik onena. Bigarren izan ziren 2021-2022an, eta Txapeldunen Ligan aritzeko sailkatu ziren.

Natalia Arroyo Realeko entrenatzailea. ANDONI CANELLADA / FOKU
Natalia Arroyo Realeko entrenatzailea. ANDONI CANELLADA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko maiatzaren 1a
13:30
Entzun

Natalia Arroyok (Esplugues de Llobregat, Herrialde Katalanak, 1986) Reala utziko du denboraldi honen amaieran. Entrenatzaileak ekainaren 30ean amaituko zuen kontratua, eta Realak eta Arroyok berak erabaki dute bidea orduan amaitzea. Kataluniako entrenatzaileak Txapeldunen Ligan aritzeko kanporaketak jokatzeko sailkatu zuen Reala 2021-2022ko denboraldian. Ligako bigarren postua lortu zuen orduan, txuri-urdinek inoiz lortu duten posturik onena. Aurten, berriz, Espainiako Kopako finala jokatuko dute txuri-urdinek. Hilaren 18an izango da hori, Zaragozako Romaredan. Espainiako Superkopako finala ere jokatu zuten txuri-urdinek Arroyoren agindupean.

Arroyok lau denboraldi egin ditu Zubietako aulkian, eta Realaren emakumezkoen saila asko handitu da haren agindupean. Lau urte horietan klubaren gertaera garrantzitsuenetako batzuk lortzen lagundu du. Ligako bigarren postuan sailkatu zuen Reala 2021-2022ko sasoian –klubak inoiz lortu duen sailkapenik onena–, Txapeldunen Ligan parte hartzeko sailkatu zuen Reala, eta Superkopako finala ere jokatu zuen. Realak oharrean adierazi du horiek denak «emakumezkoen sailaren hazkuntza progresiboan emandako pauso garrantzitsuak» izan direla.

Futbola 23 urterekin utzi behar izan zuen Arroyok, eta entrenatzaile lanetan hasi zen berehala. 2010ean Kataluniako Futbol Federazioko lantalde teknikoan hasi zen, eta 2014an selekzioaren hautatzaile izendatu zuten. Kazetaritza lanekin uztartu zuen lan hori. Realaren eskutik iritsi zen goi mailara, 2020an. Horregatik «oso eskertuta» dagoela aitortu du Arroyok Realak zabaldutako bideoan: «Realak itsu-itsuan sinetsi zuen nigan. Klubaren apustu bat izan zen, ordura arte Kataluniako selekzioan soilik aritu bainintzen. Ez dut uste klubak edo nik pentsatzen genuenik apustu zoro horrek lau urte iraungo zuela».

Egindakoarekin «oso pozik, harro eta lasai» dagoela adierazi du entrenatzaileak. Sasoia hasi zenetik izan da mintzagai teknikariaren kontratua, eta beti esan izan du bien arteko erabakia zela, Realarena eta berea, eta «unea iristean» hartuko zutela. Besteak beste, horretaz mintzatu zen BERRIAk otsailean egindako elkarrizketan: «Denen artean erabaki bat hartu beharko dugu, eta erabaki horrek bermatuko du Realak hazten jarraituko duela».

Erabakia hartzea «oso zaila» izan dela nabarmendu du Kataluniako teknikariak negar malkotan. «Elkarren arteko erlazioa amaitzeko modu ederra da, elkarri min handirik egin gabe. Ahalik eta oroitzapenik onena utzi nahi dut hemen, egin ditugun lau urteekin justuak izateko. Hain polita izan denez, kostatu egin zaigu amaiera ematea». Esker oneko hitzak izan ditu kluba osatzen duten guztientzat. Zuzendaritza, jokalariak, langileak eta zaleak aipatu ditu, batik bat, eta azpimarratu du haiekin lan egitea «oso erraza» izan dela. «Beti sentitu naiz maitatua eta klubaren parte. Ez dakit zer dagoen hemendik kanpo, baina hemengoa berdintzea oso zaila izango da. Familia honen parte sentituko naiz beti», adierazi du negarrari ezin eutsita.

Lana ez da amaitu

Lorpenak banaka-banaka izendatu ditu agur mezuan. Lehen urtean bosgarren postuan amaitu zuen ligan, eta, horrela, Realak inoiz lortu duen sailkapen onena berdindu zuen. Horrekin nahikoa ez eta hurrengo urtean bigarren amaitu zuten. Horrekin batera etorri ziren Txapeldunen Ligarako sailkatzea, eta Bayernen aurka jokatutako kanporaketa. Lau urte horietan Realak «hazkunde izugarria» izan duela nabarmendu du Arroyok, eta egungo egoera ere aztertu du bideoan: «Kopako finalerako sailkatu gara. Ligan sailkapenaren erdialdean gaude, eta horregatik haserre, gorago egon nahi dugulako. Gainera, klubak harrobia landu du, eta lau talde ditu orain egituran».

Lau urteko lana biribiltzea da orain klubaren eta entrenatzailearen helburua. Aukera, gainera, ez da nolanahikoa. Garaikur bat dauka jokoan talde txuri-urdinak. Bi aste barru jokatuko du Espainiako Kopako finala, Bartzelonaren aurka, Zaragozan. Lau urteko harremanari amaiera bikaina ematea izango litzateke Kopa irabaztea, eta horretan ahaleginduko dira. «Egun historiko bat biziko du taldeak. Ia menderaezina den aurkari bat izango du aurrean, baina inork ez dio kenduko taldeari balentria lortzeko ilusioa», adierazi du Realak oharrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.