Natalia Arroyo Realeko entrenatzailea eta Nerea Eizagirre kapitaina baikor eta ilusioz agertu dira bihar talde txuri-urdinak Bartzelonaren aurka Zaragozan jokatuko duen Espainiako Kopako finalari begira. Teknikariak honela ikusi ditu jokalariak: «Prest daude, besoa luzatuta, aukeratuak izan nahi dutelako. Guztien laguntza beharko dugu, hona iristeko behar izan dugun bezala».
Onartu du «tortura hutsa» dela Bartzelonaren aurkako partidak prestatzea, oso zaila delako katalanak mendean hartzea. Baina denboraldi honetan Herrialde Katalanetako taldea estu hartu dute hainbat taldek: Chelseak, Levantek eta Benficak. Horien inguruan galdetuta, hauxe esan du: «Argi dago ez garela berdinak. Baina neurketa horietan izan diren hainbat egoera baliagarriak izan daitezke biharko finalerako».
Aurreko liga jardunaldian,Teneriferen aurka, emaitza bolada txarra eten ostean, baikor da. «Partida bat irabazi berri dugu, atea hutsean utzita, eta sendo aritu garelako sentsazioarekin. Hori garrantzitsua izango da, ziur, bihar ere sentsazio horiek beharko baititugu Bartzelonaren aurka».
Arroyok denboraldi amaieran utziko du taldea, lau denboraldiren ostean. Hori dela eta, «barru-barrutik» bizi nahi du finala. «Atzera eginda, asko gogoratzen naiz Anoetako finalerdian nola gozatu nuen jendearekin. Huelvako neurketaz.... Partida horiek guztiak dastatzen saiatu naiz, bizitzen».
Gaur gauean egingo duen azken gauzaz galdetuta, hauxe erantzun du: «Nire gertukoak bihar non egongo diren begiratuko dut. Eta, bihar, partida amaitzean, haiengana joango naiz, besarkada bat emateko, horrelakoak beti baitira pozgarri. Finalera iritsi ginela ospatzeko Garbiñek eta biok elkarri eman geniona bezala. Azkenean, egunero sufritzen zaituzten horiek besarkatzeak asko laguntzen du. Babesa ematen dute, eta arnasa».
Nerea Eizagirrek, berriz, berretsi du «lasai eta gogoz» daudela. «Eta, zergatik ez, titulu bat etxera eramateko prest», Realak bost final jokatuko ditu azken bost urteetan, eta kapitainak nabarmendu du «gauza handia» dela. «Halako egunak bizitzeko egiten gara futbolari. Lau urtean bost final jokatzeak esan nahi du Reala hobetzen ari dela, gauzak ondo egiten ari dela. Uste dut berezia dela Nataliarentzat azken finala izatea Realarekin. Etorri denetik, taldearen identitatea eraiki du, joko estilo bat zehaztu du, jokalari askoren onena ateratzea lortu du, asko eman dio klubari. Guztiok eskertu behar diogu hori. Harengatik ere, are gehiago saiatu behar dugula uste dut. Baita datozen zale guztiengatik ere».
Finala irabazteko funtsezkotzat jo du partida hasieran ondo eustea.«Neurketa luzea izatea lortu behar dugu, eta atzean sendo eta aurrean eraginkor egotea. Gainera, ilusio aldetik, ez gaitu inork irabaziko».
Eizagirrek ere etxekoak izan ditu gogoan. «Nataliari bezala, niri ere asko gustatzen zait non dauden jakitea, partidan ere noizbait, behar badut, haien begiratua bilatzeko. Aste osoa gurasoen etxean pasatu dut. Egun garrantzitsuen aurretik hori egitea gustatzen zait, lasaitasuna eta konfiantza ematen baitizkidate».