Narvaezek erakutsi du Pogacar ez dela menderaezina

Ekuadortarra nagusitu da Giroko lehen etapan, faborito handiari igoeran eutsi eta esprintean irabazita. Schachmann ere aurretik izan du Pogacarrek. Behintzat, aldea atera die Giroa irabazteko beste hautagai guztiei. Bardet, Arensman eta Lipowitz, ezinean.

Jhonatan Narvaez Giroko lehen etapan lortu duen garaipena ospatzen. LUCA ZENNARO / EFE
Jhonatan Narvaez, Giroko lehen etapan lortu duen garaipena ospatzen. LUCA ZENNARO / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko maiatzaren 4a
17:20
Entzun

Ustekabe handi batekin hasi da Italiako Giroa. Ia jakintzat jotzen zen Turingo helmugan Tadej Pogacarrek (UAE) altxatuko zituela besoak. Etapak ibilbide jostalaria zuen, eta muino labur eta tente bat zegoen amaieratik hiru kilometrora. Gozokia zen Pogacarrentzat. Taldeari erritmoa gogortzeko agindu dio Maddalenan, eguneko mendaterik gogorrenean, eta garaipenaren bila abiatu da azken koskan. Ezustean, baina, gurpilera itsasi zaio Jhonatan Narvaez (Ineos). Behin ez, hiru aldiz egin du eraso esloveniarrak. Alferrik izan da, ordea. Maximilian Schachmann (Bora) batu zaie jaitsieran. Hiruren artean jokatu dute garaipena, eta kukuak oker jo dio Pogacarri. Esprinta abiatzen lehena izan da, eta helmugara iristen hirugarrena. Narvaezek hezur-haragizkoa dela gogorarazi dio.

Bere txarrean, Pogacarrek atzean utzi ditu sailkapen nagusiko arerio guztiak: hamar segundo atera dizkie Geraint Thomasi (Ineos), Daniel Felipe Martinezi (Bora), Cian Uijtdebroeksi (Visma) eta Ben O’Connorri (Decathlon), besteak beste. Are galera handiagoa izan du Romain Bardetek (DSM): 57 segundo galduta iritsi da helmugara. Maddalenan gora gelditu da atzean. Thymen Arensmanek (Ineos) eta Florian Lipowitzek (Bora) ere ezin izan diote erritmoari eutsi, eta bi minututik gora galdu dute.

UAEk hasieratik hartu du tropeleko aginte makila. Pogacarren taldeak kate motzean lotu ditu lehen kilometroetan alde egin duten txirrindulariak. Sei lagunek osatu dute Giroko aurreneko ihesaldia: Lilian Calmejanek (Intermarche), Amanuel Ghebreigzabhierrek (Lidl), Filippo Fiorelik (Bardiani), Louis Barrek (Arkea), Nicolas Debeaumarchek (Cofidis) eta Andrea Pietrobonek (Polti). Tropelekoen arnasa hotsa hurbil entzun dute beti. Kostata gainditu dute bi minuturen langa.

Superga mendatea igotzen hasi dira helmugatik 70 kilometroren faltan. Igoera berezia izan da, gaur duela 75 urte mendate horretan hegazkin istripua izan baitzuen Torino futbol taldeak. Grande Torino ere deitzen zitzaion, eta Italiako historiako talderik loriatsuenetako bat izan zen, baina ezerezean gelditu zen egun hartan. Ezbeharrean hil ziren 31 lagunei omenaldia egin diete iheslariek, suziriak piztuta. Ghebreigzabhier ibili da txinpartatsuen, eta bakarrik iritsi da tontorrera. Jaitsieran Calmejane elkartu zaio.

Eritrearrak gehiago zirudien, baina frantziarrak atzean utzi du Maddalenan. Tropela sakabanatu egin da han, UAEren joaren ondorioz. Lehenik Arensmanen ezina bistaratu da, eta jarraian Bardet eta Lipowitz gelditu dira jokoz kanpo. Calmejanek ez du amore eman, eta segundo apur batzuekin iritsi da tontorrera.

Hamar kilometroren faltan bukatu da haren abentura, zenbait ziklistak tropeletik alde egin ondoren. Tartean ziren Schachmann, Damiano Caruso (Bahrain) eta Nicola Conci (Alpecin), besteak beste. Concik aurrea hartu du azken aldapara bidean. Han, berea egiten saiatu da Pogacar, baina Narvaezek bikain eutsi dio, egoskor. Gero, esprinta urrunegitik hasi du esloveniarrak. Narvaezek, ordea, ginga jarri dio aurrez egindako igoera ikusgarriari. Bigarren garaipena du Giroan. Oraingo honek arrosaz janzteko aukera eman dio.  

Faboritoek beste azterketa bat izango dute bihar, Oropako santutegian amaituko den etapan. 160 kilometroko ibilbidea osatuko dute, guztiz laua lehen erdian. Gero, zenbait koska eta hirugarren mailako bi mendate topatuko dituzte. Bukaeran, Oropa izango dute zain. Ia hamabi kilometroko mendatea da, eta %6,2ko pendiza du. Etzana da hasieran, baina nabarmen gogortzen da bosgarren kilometrotik aurrera. Gaurko arantza atera nahiko du Pogacarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.