ADOS PILOTA

Naroa Elizalde gogoan, Iturriaga-Mendiburu gora doaz sailkapenean

Agoitzen eta Tolosan jokatutako partidetan omenaldia egin diote hil berria den pilotariari. Bihar Zumarragan jokatzekoa zen partida ez da jokatuko azkenean.

Iera Agirre Iturriaga, pilota jotzear, Adosen binakakoaren finalean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iera Agirre Iturriaga, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
inaut matauko rada
2025eko martxoaren 1a
17:20
Entzun 00:00:0000:00:00

«Oso gogorra izan da horra atera eta pilotan jokatzea». Hala definitu zuen atzoko partida Iera Agirre Iturriagak, Ados Pilotako Binakako Txapelketako atzoko partida irabazi ostean. Orain arte bidaide izan duten kide bat izan dute gogoan Agoitzeko (Nafarroa) eta Tolosako (Gipuzkoa) partidetan, Naroa Elizalde Etxekolonea, asteazkenean zendu baitzen, gaixotasun bat dela eta. Hala ere, Iturriagak segituan ekarri du gogora Etxekoloneak bizitzarako eta pilotarako zuen grina: «Naroak badu zerbait, transmititzen duen energia, eta horrek guztiz betetzen nau. Sekulako energia ematen dit etapa guztia eramateko izan duen moduak, pilotan bertan erakusten zuen indar horrek». Ane Mendibururekin batera atzo 22-10 irabazi ostean esan zituen hitzak.

Mendiburuk ere bota zituen Etxekolonearen inguruko maitasun mezuak: «Txapelketa guztia harentzat, eta tanto guztiak ere bai. Harengatik dena». Gaur Tolosan jokatu dute Iturriagak eta Mendiburuk, eta beste garaipen bat lortu dute, Aranburu-Mujika 22-16 garaitu eta gero. Atzoko eta gaurko garaipenak eskuak zerura begira eta musu bat bidaliz ospatu ditu Iturriagak, Etxekoloneari eskainiz.

Iturriagak eta Mendiburuk osatutako bikoteak bihar ere jokatzekoa zuten partida bat, Zumarragan (Gipuzkoa), baina azkenean ez dute jokatuko, eta antolatzaileek adierazi dute laster esango dutela noiz jokatuko den. Atzoko eta gaurko emaitzekin, aurrera egin dute sailkapenean Iturriagak eta Mendiburuk: bigarren postuan dira orain, baina gauzak ondo egin beharko dituzte aurrerantzean; izan ere, lehen doan bikoteak, Barrokal-Arrastiak, partida bakarra galdu du. Hala ere, horiek partida bat gehiago jokatu dute. Iturriaga eta Mendiburu Ruiz de Infanterekin eta Orbegozorekin berdinduta daude sailkapenean, baina azken bikote horrek aldeko bi puntuko balantzea du soilik, eta Iturriaga-Mendiburuk, berriz, 31koa.

Binakako Txapelketa martxoaren 29an amaituko da, Labriten (Iruñea), eta bertan azken omenaldi handia egingo diote Etxekoloneari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.