Ados Pilota klubeko Naroa Elizalde Etxekolonea pilotaria zendu da. 27 urte zituen, eta Zubietakoa (Nafarroa) zen. Gaixo zegoen, eta goizaldean hil da. Elizalde txikitan hasi zen pilotan, baina utzi ere egin behar izan zuen, nesken txapelketarik ez zegoelako.
Geroago itzultzeko aukera izan zuen. Emakume Master Cupen txapelketetan parte hartzen hasi zen, eta ondoren Ados Pilota klubaren sortzaileetako bat izan zen. Gaixotasunak utzi zion arte, Adosek antolatutako txapelketetan parte hartu zuen. Besteak beste, Bertso Pilota Txapelketa irabazi zuen iaz, Maite Ruiz de Larramendi Mujikarekin, Sebastian Lizaso botilero zutela.
Hain zuzen ere, Ados Pilota klubak laugarrenez antolatu du aurten Binakako Txapelketaka. Egunotan jokatzen ari dira, eta partidak iragartzeko karteletan haren irudia ageri da. Hari indarra eta adorea emateko keinua izan zen. «Familia bat gara Adosen. Hori dela eta, kolpe oso gogorra izan da Naroari gertatutakoa. Buruan dugu beti, eta txapelketa hau aprobetxatu nahi dugu hura omentzeko», esan zuen Iera Agirre Adoseko pilotari eta ordezkariak.
Asteburu honetan txapelketako partidak jokatuko dituzte: ostiralean Agoitzen (Nafarroa), larunbatean Tolosan (Gipuzkoa) eta igandean Zumarragan (Gipuzkoa). Norgehiagoka horietan gogoan izango dute Elizalde.