Saskibaloia. Espainiako Kopa Gasteizen. Thomas Heurtel. Caja Laboral Baskoniako jokalaria

«Naizen modukoa naiz; alferrikakoa da nire joko moldea aldatzea»

Taldearen gidaritza eta konfiantza eman dizkio Zan Tabakek Thomas Heurteli, 23 urteko jokalaria izan arren. Txinparta berreskuratu du, gustuko jokoa egiten uzten diotelako.

PAULINO ORIBE / EFE.
Andoni Urbistondo.
Gasteiz
2013ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Thomas Heurtel plazagizona da (Beziers, Frantzia, 1989). Buesa Arenako zaleek asko eskatzen dute, eta haien kexu oihu eta marmarrak onartzen ikasi badu, kazetarien galdera gaiztoak ere bai. Ez du Dusko Ivanovic kritikatu, harekin bere jarduna ilunagoa zela baldin badaki ere. Fabien Causeur herrikidea du, noski, kiderik onena, eta noizbehinka aberrira joaten direla kontatu du, gertu dagoelako: “Ordu pare bat autoan—.

Kanpotik, badirudi taldeak kemen pixka bat galdu duela Euroligan azken bi partidak galdu ostean, baina hamazazpi garaipen lortu zenituzten segidan. Nola dago taldea Koparen atarian?

Ondo. Ez dakit, badirudi hamazazpi jarraian irabazi ondoren jendeak pentsatzen zuela partida guztiak irabazi behar genituela, eta hori ezinezkoa da. Nahi adina adibide ditugu kirol guztietan; begira Bartzelona futbolean. Gainera, galdu ditugun biak ez dira talde ezezagunen aurka izan: Bartzelona eta Khimki. Perspektiba apur batekin aztertu behar dira gauzak, ezta? Jendea azkar ohitzen da garaipenekin… Txakalaldi txiki bat izan dugu, agerikoa da hori, baina Kopari begira berriro gauzak ondo egiteko motibazio handia daukagu.

Nork esango zuen taldea dagoen tokian egongo zela, azaroan non zegoen ikusita.

Nik ere ezin dut azalpen sinesgarririk eman halako aldaketa ikusita. Orain ondo gaudelako ez, liga hasiera txarragatik baizik. Garaipen boladarenaren inguruan azalpenen bat edo beste eman nezake, baina liga hasierakoa… Ez da erraza azaltzea zer gertatu zen, modu sinesgarrian behintzat.

Kanpotik ikusten ez diren kontuak aipatze aldera, zer aldatu zen taldean, beltzetik zurira pasatzeko? Entrenatzailea aldatu zen, baina zer gehiago?

Taldean, konfiantza lortzea berriro. Eguneroko lanean ere halako aldaketa bat gertatu da. Errutina bat zena lana gustura egiteko, gozatzeko aukera bilakatu da orain. Lan saioak erakargarriagok dira orain, talde handien aurka jokatzeko grina berreskuratu dugu, eta jokalaria gustura dagoenean, hobeto aritzen .

Heurtel jokalari bera al da Dusko Ivanovicekin eta Zan Tabakekin?

Bai. Nik zer eskertu asko dut Ivanovici. Jokalari gaztea naiz, 23 urtekoa, eta normalena okerrak egitea da. Agian harekin gustura ez nengoela pentsa dezake jendeak, baina ez da hala.

Baina ez al da egia hark hutsen bat egiten bazenuen aldatu egiten zintuela eta horrela hobetzea zaila dela? Ivanovicen agurrak eta Tabaken babesak ez al dizu halako lasaitasunik eman?

Egia da ni ondoen moldatzen naizen joko estiloan, gehien atsegin dudan erritmo azkarrean jokatzeko baimen handiagoa daukadala Tabakekin. Esandakoaren harira, jokalari bat kantxan gustura badago, hobeto arituko da.

Heurtel bakarra dago munduan, eta jokatzeko modu bat daukazu, hori ezin da aldatu.

Aldatu, zertarako? Nik ez dut nire joko moldea aldatu nahi. Baskonian baldin banago, ezaugarri jakin batzuk ditudalako nago. Orain nire joko moldea aldatzen hastea alferrikakoa litzateke, eta kluba eta entrenatzailea nirekin gustura dauden bitartean, zaleen iritzia bigarren mailakoa da niretzat. Entrenatzaileak agintzen du hemen: hark nire joko moldea aldatzeko eskatzen badit, saiatuko naiz; bestela, ez.

Hobetu beharreko gauzak ere badira. Zaleek azkar erantzungo lukete zer arlo: emandako baloiak.

Bai, baina ikuspuntu orokorrago bati buruz ari naiz. Joan den sasoian Pablo Prigionirekin jokatzea oso aberasgarria izan zen niretzat, eta asko ikasi nuen haren alboan. Hark egiten zuena egin nahi nuke nik ere etorkizunean: taldea ondo zuzendu, aukera onena bilatu beti, eta taldeko gidaria izan kantxan.

Txarra ere ez zara: zerbaitegatik zaude Baskonian. Zein da zure jokoaren ezaugarri onena?

Korrika egitea, korrika egin eta jaurtiketa egitea. Ondo nagoenean, asko asmatzen dut geratu eta jaurtitzerakoan.

Heurtel zer da, joko antolatzaile petoa, edo eskolta postuan ere joka dezake?

Ni joko antolatzailea naiz, baina eskolta postuan jokatzeko esaten badidate, jokatuko dut.

Bost urterako kontratua sinatu zenuen. Garbi dago taldeak etorkizun oneko jokalaria zarela pentsatzen duela. Zaleek zurekin klubak adina pazientzia dutela uste al duzu?

Normala da jendeak bere iritzia plazaratzea, baina nire helburua jokatzea da. Ondo edo gaizki, baina jokatu, jokatzen ez baduzu ezin duzulako hobetu. Jokalariak ezin du kantxatik ihes egin; zaleen erreakzioak sumatzen ditut, eta badakit noizean behin nire jokoarekin konforme ez daudela adierazten dutela. Baina tira, txarrean eta onean moldatu behar duzu. Milanen aurka saskiratze erabakigarria lortu nuenean jendea erotzen zegoen. Akatsak egiten ditudanean, haserre, baina jokoaren kontu normalak dira horiek.

Gogorra al da talde handi bateko gidari izatea 23 urterekin?

Bai, baina nik erabaki dut hala izatea, nire hautua da.

Horretarako etorri zinen Gasteizera, ezta?

Bai, Prigionirekin ikasteko asmoz, eta orain, antzera, ni baino eskarmentu handiagoa duten bi kiderekin: Cook eta Cabezas. Ikasi, ikasi eta ikasi.

Pentsatzen dut Fabien Causeur taldean egotea garrantzitsua izan dela zuretzat.

Bai, noski. Selekzioan jokatzetik-eta ezagutzen nuen, eta zure hizkuntza erabiltzen duen norbait alboan edukitzea garrantzitsua da, une zailetan batez ere. Elkar laguntzen dugu. Harentzat ere lehen urtea da Frantziatik urrun, eta denbora asko egiten dugu elkarrekin.

Erantzukizun handia hartu beharko du orain, Olesonen agurraren ondoren.

Hartuko du, lasai. Kosta zaio neurria hartzea, baina oso jokalari ona da. Konfiantza hartu du, eta jokalari garrantzitsua izango da. Ez du beldurrik. Asko hitz egiten dugu erantzukizun horretaz, eta jokalari aparta da.

Badakizu Kopa jokatzen den hiriko taldeak gutxitan irabazi ohi duela Kopa. Zer diozu?

Tira, horiek kazetariek erabiltzen dituzuen estatistikak dira, eta gu horiek hausteko gaude.

Beziersekoa zara; Euskal Herria Frantziatik gertu dago. Hango komunikabideen jarraipenik ba al duzue?

Bai, eta ez noizbehinkakoa. L'Equipe egunkariko kazetari bat sarri etortzen da hona jarraipena egitera; azkena, joan den astean. Telebistan ere ikusten dira gure partidak Frantzian, eta jarraitzen gaituzte. Baskonia talde ezaguna da Frantzian. Laurent Foirest, Thierry Gadou... hemen jokatutakoak dira; orain, ni eta Fabien...

Zu eta Fabien gustura al zaudete Gasteizen?

Bai, etxetik gertu gaude, ordu pare bat autoz, eta horrek halako poztasuna ematen dizu. Egunen bat libre dugunean, hara hurbiltzen gara egun pasa egitera.

Baskonia faboritoa al da Espainiako Kopan?

Izango balitz ere, ezingo nuke hori esan eta lasai geratu. Gero lehen partidan kanpoan geratu, eta denak niri begira. Akaso, hautagaietako bat gara, etxean jokatzen dugulako, baina goazen pausoz pauso. CAI Zaragoza gu garaitzear egon zen ligan, eta hobe dugu osteguneko partidan bakarrik pentsatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.