Baikoko pilotaria

Jon Mariezkurrena: «Pilota motelagoak egon arren, sendoagoak izan behar dugu»

Lehen ligaxka ederra egin zuen Jakarekin, baina arriskuan daude, finalerdietako lehen partida galdu eta gero. Lehia erabakigarria dute etzi, Altuna III.aren eta Martijaren aurka.

(ID_13674085) (Aritz Loiola/@FOKU) 2024-03-06, Bilbo.  Pilota
ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko martxoaren 8a
05:05
Entzun

Jon Mariezkurrena (Berriozar, Nafarroa, 1999) finkoa da binakakoan 2018ko udan debuta egin zuenetik. Seigarrena du jarraian, eta hirugarrenez ari da finalerdietan. Aurreko bietan ez zen sailkatu finalerako. Hirugarrena ona izatea nahi du. «Pozik» dago, «ondo» ari baita, eta, urtero bezala eskuetan mina izan arren, «nahiko azkar» indarberritu baita. «Onena» eman nahi du etzi, Bilbon, Jokin Altunaren eta Julen Martijaren aurkako partida erabakigarrian. 

Ia astebete igaro da zuk eta Erik Jakak Iñaki Artolaren eta Ander Imazen aurka galdu zenutenetik. Aldatu zaizue aldartea?

Igandean bertan hurrengo partidari begira jarri ginen Erik eta biok. Egin genuenaz hausnartu genuen, baina jada ahaztu dugu.

Partidaz hausnartu duzuela diozu. Zer ondorioztatu duzue?

Bikote batek bere maila eman zuela, eta beste batek ezetz. Ondo hasi ginen, baina, gero, ez genuen eman gure maila inondik inora. Makal samar aritu ginen, eta, finalerdietan horrela arituz gero, galtzea da normalena.

Hamahiru huts egin zenituzten. Horrela zaila da inori irabaztea.

Eta are gehiago Artola eta Imaz bezalako bikote baten aurka: oso huts gutxi egiten dituzte. Erraztasun handiak eman genizkien 8-3tik aurrera. Zailtasunak izan genituen tantoa egiteko, eta ez genion partidari heldu.

Lehen ligaxkan, gutxitan egon zineten atzetik. Baina, larunbatean, bai. Horrek eragina izan zuen? 

Ez dut uste. Guk oso argi dugu bigarren ligaxkan denok hasi garela hutsetik. Baina, larunbatean, ez ginen gai izan egoera iraultzeko. 

Presioak gora egin duela sumatu duzue? 

Bai, baina horrek ez zuen eragin handirik izan. Urteak daramatzagu profesionaletan, eta horrelako partidak jokatu izan ditugu.

Partida amaieran zorrotz kritikatu zenituen pilotak. Esan zenuen bat «lotsagarria eta penagarria» zela. Uste horri eusten diozu?

Bai. Ni ez nintzen izan hori ikusi zuen bakarra. Orduan esan nuenari eusten diot: pilota horrek ez zuen egon behar Lehen Mailako partida batean. Beste pilotak ere ez ziren oso biziak, baina pilota hori, zehazki, oso motela zen.

«Askotan nabaritu dugu Zabaletak, Albisuk edo nik jokatzen dugunean ohi baino pilota motelagoak jartzen dituztela»

Haiek ondo egokitu ziren pilota horretara. Zuek, aldiz, ez. Hor egon zen koska?

Bai, noski. Guk azkarrago bukatu ohi dugu tantoa. Haien bertutea, berriz, sendotasuna da. Errazagoa da haien jokamoldearekin pilota horretara egokitzea. Ez da gauza bera zortzian jokatzea edo seian, Labriten bezala.

Aukeraketatik zetorren eztabaida. Jakak esan zuen zuk kolpe indartsua duzunez «beldurra» dagoela pilota biziagoak jartzeko. Ados zaude?

Ez da niregatik bakarrik. Oro har, Labriten beste tokietan baino pilota motelxeagoak jartzen dituzte. Ez dakit zergatik, baina betidanik da horrela. Askotan nabaritu dugu Zabaleta, Albisu edo ni bezalako pilotariok jokatzen dugunean ohi baino pilota motelagoak jartzen dituztela. Finalerdietan ez dago horren aitzakiarik, aurretik jarri baitituzte. Baina, bai, batzuek jokatzen dutenean, Labriten errebote dezente jotzen dira; beste batzuek jokatzen dugunean, aldiz, pilota motelxeagoak egoten dira.

Zure iritziz, aukeraketan gertatutakoak eragina izan zuen zuengan partidan.

Bagenekien pilota hori bazegoela, eta ohartarazi egin genuen. Horretarako prestatu ginen. Pilotarena faktore bat izan zen, oso garrantzitsua, baina bazeuden beste batzuk. Horiek kontrola genitzakeen, baina ez genuen egin. Ez genuen bikote sendoa osatu, huts gehitxo egin genituen, tantoa bukatzeko arazoak izan genituen... Ez genuen egin beharrekoa egin haiei aurre egiteko. 

Burua hotzago izan behar zenuten?

Bai. Tantoak bukatzeko arazoak dituzula ikusten duzunean sartzen zaizu presa. Hori gertatu zitzaigun. Haiek guk baino askoz sendoago jokatu zuten. Haien tantoek eta gure hutsegiteek haserrearazi gintuzten. Argi izan behar dugu pilota motelagoak egon arren, sendoagoak izan behar dugula; aurkariei kostatu behar zaie tantoak egitea. Horretan saiatuko gara hurrengoan.

Asteazkenean aukeratu zenituzten pilotak etzi Bilbon Altuna III.aren eta Martijaren aurka jokatzeko. Oraingoan, gustukoak topatu zenituzten. Buruko min bat gutxiago?

Bai. Saskia hartu bezain laster ikusi genuen pilotek ez zutela inolako antzik aurreko aukeraketakoekin; soinu ezberdina zuten, eta lurrean azkarrago ibiltzen ziren. Ez nuke esango oso biziak direnik, baina bai jokatzeko onak. Ikusiko dugu igandean nola ibiltzen diren; zerbait gastatuko dira, baina ohikoa da hori. Gustukoak dira, politak. Pozik gaude. 

«Erabakigarria izango da sendo aritzea eta huts gutxi egitea, haiek [Altuna eta Martija] oso bikote sendoa baitira»

Lasaitua hartu zenuten halako pilotak topatuta?

Bai, baina bagenekien Bilbon segur aski gustuko pilotak izango genituela; normalean, Bilbon ez dute pilota biziagoak ateratzeko beldurrik.

Lehen partida galtzeak arriskuan jarri zaituzte.

Hala da. Hiru partida dira ligaxkan, eta, lehena galdu eta gero, ezin duzu berriro huts egin. Igandean ariko garen bi bikoteak kili-kolo gaude. Irabazten duenak beste aukera bat izango du finala jokatzeko; galtzen duena, aldiz, ia-ia kanpoan egongo da.

Zer itxura hartzen diozu lehiari?

Zaila izango da. Nik, beste askok bezala, haiek ditut faboritotzat txapela irabazteko. Josek [Zabaleta] eta Peiok [Etxeberria] oso lehia handia jokatuta irabazi zieten. Baina ni ziur nago bikote oso indartsua eta segurua izango dugula parean. Baita Jokin tartean egonda eta horrenbeste jokoan egonda hark bere onena emango duela ere. Horrela aritzen denean zaila da hari aurre egitea. Baina gu ere bikote indartsua gara, eta erakutsi dugu biak ondo aritzen garenean edonori aurre egin diezaiokegula. Saiatuko gara gure onena ematen, hori hala izan dadin.

Zein izango da gakoa?

Oso garrantzitsua izango da ni atzean nagusitzea eta Erikek aurrean asmatzea. Baina, batez ere, erabakigarria izango da sendo aritzea eta huts gutxi egitea, haiek oso bikote sendoa baitira. Ez diogu beldurrik izan behar partida luzatzeari.  

Lehen ligaxka bikaina egin eta gero, kolpea litzateke berehala geratzea aukerarik gabe?

Bai, noski. Baina askotan gertatu izan da bikote batek ligaxkan partida pila bat irabazi eta gero ez sailkatzea finalerako. Lau bikote onenak ari gara. Saiatuko gara azkeneko partidara aukerarekin iristen. Horretarako, igandean irabazi behar dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.