Ondarroako arraunlaria

Beñat Eizagirre: «Nahiz eta etxeko taldean ez egon, oso berezia da niretzat»

Gaur jokatuko da Zarauzko Ikurrinaren lehen jardunaldia (17:15, ETB1). Beñat Eizagirre, herriko semea eta Ondarroako arraunlaria, gogotsu dago bere onena emateko.

Beñat Eizagirre, ziaboga emateko pala uretan sartzen estropada batean. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
Beñat Eizagirre, ziaboga emateko pala uretan sartzen estropada batean. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
pettan uralde
2024ko abuztuaren 17a
05:00
Entzun

Beste urte batez, etxeko talderik gabe jokatuko da goi mailako Zarauzko Ikurrina preziatua, baina hainbat zarauztar arituko dira beste ontzi batzuetan banderaren lehian. Horietako bat da Beñat Eizagirre (Zarautz, Gipuzkoa, 1991). Gaur egun Ondarroako aurrekalaria denak hamazazpi urte eman zituen etxeko traineruan, eta iaztik Antiguako Ama-n dabil. Eizagirre gogotsu dago astebururako, eta onartu du etxeko estropada beti dela berezia beretzat.

Zergatik da Zarauzko estropada hain berezia zuretzat?

Herriko estropadak beti erakartzen du besteak baino gehiago. Urte askotan bertan entrenatu zarelako, zure jendearen aurrean aritzen zarelako, zure herria delako... Baina, azkenean, Zarauzkoa denentzat da berezia. Bi jardunaldietan jokatzen den estropada bakarra da aurten, eta, Kontxako Bandera kenduta, esango genuke banderarik preziatuena dela. Gainera, erreferentzia izaten da Kontxarako, eta uste dut gauza asko betetzen dituen estropada dela. Nire kasuan, zarauztarra izanda, nahiz eta etxeko taldean ez egon, oso berezia da.

Eragin txarra ere izan dezake etxeko estropada hainbeste desiratzeak?

Etxekoak beti sortzen du presio puntu bat gehiago, baina ni nahiko lasaia naiz, eta oso gutxitan urduritzen naiz. Alde horretatik, estropada honek, txarra baino gehiago, eragin positiboa dauka. Urte mordoa eman ditut Zarautzen, baina gaur egun Eusko Label liga deritzon ligan oso gutxitan jokatu dut Zarauzko Ikurrina. KAE 1 ligako estropada goizean jokatzen da, eta hartan gehiagotan aritu naiz. Gorengo mailako bandera jokatzen dudan laugarren urtea izango da: bi urte Zarautzekin, eta aurreko urtekoa Ondarroarekin.

Bereziagoa zen etxeko traineruarekin jokatzea, ala Ondarroarekin ere berdin bizitzen duzu?

Zarautzen hamazazpi urte egin nituen, eta tartean bi ikurrina jokatu genituen. Beti esan dut nire bihotza urdina dela, eta beti izango da. Zarautzen urte askotan KAE ligan aritu ginen, eta, orain, Ondarroarekin goi mailan aritzeko lehiakortasun horrekin jokatzen dut. Zarautzen goi mailara igotzea lortu genuen; ondoren, jaitsi egin ginen, eta uste dut pixka bat geratu egin ginela. Nik pertsonalki beste gauza bat behar nuen, eta hori Ondarroak eman dit. Ondarroarekin ere berezia da, bertan etxekoa bezala sentitzen naizelako. Azkenean, estropada bizitzeko bi era desberdin dira, baina Ondarroarekin bigarren txandan egonkortu gara, eta neure burua estutzeko beste arrazoi bat izan da. Lehiakortasun horren bila ari nintzen, eta hemen aurkitu dut.

«Oso berezia izan zen KAE 1 liga irabazi genuen urtean etxeko bandera altxatzea. 2014. urtean KAE 2 liga irabazi genuenean ere, etxeko bandera eraman genuen. Oso urte bereziak izan ziren»

Badituzu oroitzapen onak bertan?

Oroitzapen asko dauzkat etxeko estropadan. Esate baterako, oso berezia izan zen KAE 1 liga irabazi genuen urtean etxeko bandera altxatzea. 2014. urtean KAE 2 liga irabazi genuenean ere, etxeko bandera eraman genuen. Oso urte bereziak izan ziren. 2021ean ere estropada oso ona egin genuen Eusko Label ligan, txanda polita osatuta. Iruditzen zait oroitzapen on asko dauzkadala hemen, normalean txukun atera zaigun estropada izan baita. Eremu polita da arraunerako, joko handia ematen duena.

Joan de urtean, aldiz, ez zenuten estropada distiratsua osatu.

Iaz bagenekien atzean traineru bat uztea zela gure helburua, eta bi baziren, oraindik ere hobeto. Zarauzko estropadetan ez genuen arraunketa ona lortu, eta emaitzak ere ez ziren nahi genituenak izan. Bi zarauztar ginen talde horretan, Igor Gurutxarri eta ni, eta, etxean ondo egin nahi horrekin, gauzak ez ziren oso ondo atera. Orokorrean ez zen estropada txarra izan, baina emaitza ez zen izan onena. Ez genuen itxura txarra eman, eta horrekin geratzen zara.

Eta nolako estropada espero duzu aurten?

Badirudi mugimendu pixka bat egongo dela, metro edo metro eta erdi inguruko olatuekin. Zarautz normalean azkar narrasten den estropada eremua da, itsas zabalean egiten delako. Aurreko asteburuan ikusi genuen Hondarribian mugimendu pixka batekin ondo ibili ginela. Asteburu polit batetik gatoz, eta ea Zarautzen biribiltzen dugun. Itsasoan gogotsu gabiltza; ibaian baina hobeto moldatzen gara normalean, eta esperantza horrekin gatoz.

«Zoritxarrez, arraunak ez dauka leku pribilegiaturik gure herrian, eta ea pixkanaka leku hori hartuz joaten den, eta gazteak animatzen diren»

Konformatuko zinateke Isuntzaren aurretik bukatuta?

Konformatu nahiko hitz gogorra iruditzen zait kirolari batentzat. Irabazten duena ere askotan ez da konformatzen. Isuntza itsasoan ikaragarri dabil, batez ere abuztuan sartu garenetik, eta asmatzen ari dira. Errealistak gara: ligan zortzigarren goaz, zazpigarren postua haiekin lehiatzen, eta horren bila joango gara. Argi daukagu Getaria ere itsasoan oso abila den trainerua dela, eta txandan Orio izango dela gurekin. Orain arte besteen gainetik dagoela erakutsi du, baina Hondarribian ere hortxe eduki genuen. Txanda polita izango da, itsasoan ondo moldatzen garen lau talde garelako, eta poparean oso ondo etortzen garenak. Ikuskizuna ez da faltako, eta borrokan murgildu nahi dugu. Gure arraunketa mantentzea izango da horretarako gakoa.

Herrian igartzen da Zarauzko Ikurrina jokatuko dela?

Zarautzen ez dago Orion edo Hondarribian dagoen tradiziorik arraunarekin. Beste kirol asko dauzkagu, eta arraunak ez dauka protagonismo handirik. Baina aste honetan nabaritzen da giro berezia dagoela, batez ere herriko traineruarekin. Zoritxarrez, arraunak ez dauka leku pribilegiaturik gure herrian, baina ea pixkanaka leku hori hartuz joaten den, eta gazteak animatzen diren.

Izango duzu tartea goizean etxeko trainerua ikusteko?

Hortxe-hortxe nabil. Nire bikotekidea Zarauzko Arraun Elkarteko presidentea da, eta berak nahikoa lan izango du egiteko. Nik txikiarekin geratu beharko dut, baina saiatuko naiz hurbiltzen. Zarauzko traineruan lagun pila bat dauzkat, urte askotan haiekin arraun egindakoa bainaiz, eta urtero gustatzen zait gerturatzea. Arratsaldean estropada edukita, deskantsatzea ere garrantzitsua da, baina saiatuko naiz behintzat portu ingurura hurbiltzen etxeko trainerua animatzeko. Haiek ere urte polita osatzen ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.