Reala 0-1 Athletic

Nahikariren gol batek Athletici eman dio garaipena derbian

Reala nagusi izan da askotan, baina ez du asmatu Nanclaresen aurrean izan dituen aukeretan. Urnietako aurrelariak, ordea, gola sartu du talde zuri-gorriak bigarren zatian izan dituen aukera bakarrenetakoan. Hala, bosgarren garaipena eman dio segidan.

Reala-Athletic derbia
Athleticeko jokalariak Nahikarien gola ospatzen, Realekoak burumakur dauden bitartean. JON URBE / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko martxoaren 23a
21:00
Entzun

Athleticek eraman du Ralaren aurkako derbia, Anoetan. Talde txuri-urdinak gol aukera argiak izan ditu, harena izan da jokoaren ekimena minutu askotan, baina ez du asmatu nagusitasun hori goletan islatzen. Hemeretzi erremate egin ditu, eta ez du bakar bat ere sareratu. Eta golak dira futbolean legea ezartzen dutenak. Bada, hor eraginkorrago aritu da Athletic. Eta Nahikari izan da bere legea ezarri duena. 60. minutuan, Urnietako aurrelariak baloia area ertzean jaso du, inguruan zituen Realeko lau atzelarien artean zuloa topatu, eta ondo gurutzatu dio baloia Elene Leteri. Gol horrekin, zuri-gorriek bosgarren partida irabazi dute segidan, eta seigarren jarri dira sailkapenean. Realak, berriz, etxean irabazi ezinik jarraitzen du azarotik, zortzigarren da oraindik, baina zazpi puntura aldendu zaio jada Athleticen moduko aurkari zuzen bat.

Hamaikakoari dagokionez, Realean, Ceciliak hartu du Jensenen lekua. Norvegiarra, min hartuta, deialditik kanpo geratu da. Athleticen, aurreko partida min hartuta amaitu zuen arren, Azkonak hasieratik jokatu du. Hasi eta berehala izan du Realak neurketako lehen abagunea. Ceciliak erdiraketa on bat egin du, eta Amaiurren burukada gutxigatik joan da kanpora. Txuri-urdinek presio estua egin diote Athletici baloia jokatuta atera duenean, eta zuri-gorriek ez dute zulorik topatu Realaren defentsa gainditzeko. 

Pazientziaz jokatuz, ordea, Realak pauso bat atzera ematea lortu dute, eta indarrak parekatu egin dira. Hala, pare bat aldiz gerturatu dira Elene Leteren atera. Batez ere, Elexpururen hegaletik egin dute min zuri-gorriek. Bernabek lanak izan ditu haren barneraketak geratzeko. Hark eta Pinedok egindako jokaldi on bat ez du gutxigatik errematatu Nahikarik. Elexpuruk berak aukerako baloi bat izan du area ertzean, baina errematea gora joan zaio. Athletic hobeto aritu da minutuak aurrera joan ahala. Realaren kasuan, Franssiren erremate bat izan da aukera bakarrenetakoa.

Hurrengo minutuetan norgehiagoka are gehiago parekatu da. Falta dezente egon dira, eta jokoa asko eten da. Defentsako lana erasokoari nagusitu zaio. Athleticek baloia zuen, baina aparteko arriskurik sortu gabe. Reala, berriz, ondo zegoen jarrita berdegunean, askorik sufritu gabe. 33. minutuan Cecilia berdinketa apurtzear egon da, buruz buruko jokaldi on baten ostean. Nanclaresek ondo aldendu du, eta baloia Bernaberi ailegatu zaio, baina errematea kanpora joan da. Realarentzat pizgarri izan da aukera hori, hortik atsedenaldira bitarte bizpahiru aukera izan baititu aurretik jartzeko. Argienak Amaiurrenak eta Ceciliarenak izan dira. Baina ez dute asmatu.

Realaren momenturik onenean, Athleticen gola

Bigarren zatia ere Realak hobeto hasi du, partidaren bila joateko asmo argiarekin. Hala, 47. minutuan, gol arrastoan zegoela, Amaiur ez da gutxigatik iritsi Franssiren erdiraketa on batera, eta ondoren aurrelari donostiarrek beste abagune argi bat izan du, Nanclaresi ondo irten ez zaion baloi batean. Natalia Arroyoren jokalariek estu hartu dute Athletic minutu horietan, eta Ceciliak beste aukera bat izan du, baina Nanclaresek ondo atera du. Zelai erdia galdua zuela kontuan hartuta, David Aznarrek Zubieta eta Mariana zelairatu ditu. Realaren momenturik onenak ziren. Baina orduan iritisi da Nahikarien gola. Gutxi behar du aurrelariak gola sartzeko, eta beste behin erakutsi du. Athleticek bigarren zati horretan izan dituen aukera bakarrenetakoa izan da, eta asmatu egin du.

Franssik gertu izan du berdinketa 67. minutuan, Amaiurrek ondo utzitako baloi batean. Baina berriro ere Nanclares azaldu da. Hura eta Elexpuru izan dira zuri-gorrien jokalaririk onenak. Realak ekinean jarraitu du. Baina Athleticek ondo eutsi dio, lan ona egin du defentsan. Minutuek aurrera egin ahala, nekea azaldu da bi taldeetan, eta Reala, buruarekin baino gehiago, bihotzarekin saiatu da berdinketa lortzen. Eta ez du aparte izan. Baina 80. minutuan Amaiurrek eta 91.ean Mirarik ez dute asmatu. Bien erremateak Nanclaresek geratu ditu. Eta 0-1ekoarekin amaitu da partida.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.