Nahikari: «Gertatu diren gauzak ez dira ahazten; haietatik ikasi behar da»

Udan egoera «zail eta deserosoak» izan zirela onartu du, baina egun Realean segitzen duela, eta bere konpromisoa «erabatekoa» dela

Nahikari, atzo emandako prentsaurrekoan. REALA.
ainara arratibel gascon
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Klubeko kanalei duela aste batzuk emandako elkarrizketatik harago, hilabeteak zeramatzan Nahikari Garcia Realeko jokalariak hedabideen aurrean hitz egin gabe. Atzo hitz egin zuen, Realak hilabetean behin egiten dituen euskara hutsezko prentsaurrekoetan. Aurrelariak udan jakinarazi zion Realari ez zuela taldean jarraitu nahi, beste urtebeteko kontratua izan arren. Klubak atea itxi zion aukera horri: joan nahi bazuen, etete klausula ordaindu beharko. Orduan gertatukoaz mintzatu zen: «Egia da gauzek mina ematen dutela, eta egoera zail eta deserosoak izan direla nirekiko. Baina bizitzak aurrera jarraitzen du, eta errealitate bakarrada gaur egun hemen segitzen dudala, eta, hemen nagoen bitartean, nire konpromisoa erabatekoa izango da.Hori ez da aldatuko. Asko eman diogu elkarri, eta une honetan arreta osoa hemen dut. Nire helburua beti izango da haztea, bai bakarka eta bai multzo moduan».

Argi esan zuen. «Gertatutako gauzak ez dira ahaztu behar, eta horiez ikasi behar da. Nik hala egin dut». Zaleek berak hurrengo sasoian taldea segitzeko itxaropena izan dezaketen galdetuta, zera erantzun zuen: «Bizitzak buelta asko ematen ditu. Niri ere pasatu zait. Orain bizitzen ari garen egoerak erakutsi digu egunez egun, astez aste bizi behar dugula».

Denbora luzean egon da min hartuta orkatilako lesio baten ondorioz, baina, pixkanaka, ari da berriro sasoia hartzen. «Lehiaren eta entrenamenduen hutsunea nuen, eta berriro ere neure burua hor ikustea pozgarria da». Natalia Arroyoren etorrerak «haize freskoa» ekarri diela nabarmendu zuen. «Ilusio handiarekin etorri da. Horri guk hazteko eta hobetzeko dugun gogoa gehituta, nahasketa polita da.

Athleticen porrota

Athleticek, berriz, COVID-19agatik atzeratutako partida jokatu zuen atzo. Angel Villacamparen taldea neurketarik galdu gabe zegoen aurreko asteazken arte. Baina azken hirurak galdu egin ditu. Espanyolen zelaian amore eman zuen atzo: 2-1. Zuri-gorriak aurretik jarri ziren, Yulemak partida hasi eta berehala, bigarren minutuan, sartutako gol bati esker. Ederki baliatu zuen Eunateren erdiraketa. Neurketa ondo hasi zuten zuri-gorriek. Baina Espanyolek berdinketa lortu zuen. Anaierrek sartu zuen gola, 35. minutuan. Partida berdindu egin zen, eta azkenean etxekoentzat izan zen garaipena, 68. minutuan Nicartek sartutako golari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.