Txapelketaren aurkezpen egunean zehazten dituzte adar bakoitzeko atariko partidak, final-zortzirenetakoak eta gainerakoak, baina, gutxi-asko, gustuko izen-abizenez osatuta edukitzen dituzte hutsuneak. Final-zortzirenetan Irribarria zen aurrera egin beharreko pilotarietako bat, egungo buruz buruko txapelduna; Victor beste bat, aurreko koadroetan ikuskizuna eskaini ohi duen pilotari bizia; eta Retegi Bi hirugarrena, pilotari segurua eta faboritoei lanak ematen dakiena. Herenegun sartu zen Irribarria Lau t'erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkan, Jaunarena estu eta larri mendean hartuta (22-20). Eta, ikuskizun handirik eskaini gabe ere, atzo egin zuten aurrera Victorrek (17-22) eta Retegi Bik (22-15).
Untoria hartu zuen mendean Victorrek. Enpresek atzelari bakarra sartu dute aurtengo Lau t'erdiko Txapelketan, Untoria, eta gogotik lan egin bazuen ere, errioxarrak amore eman behar izan zuen Errioxako beste pilotari baten aurka. Ezker eskua ohi baino gehiago babestuta eta belauna erabat osatu gabe kantxaratu zen Victor, eta ez zen gustura aritu. «Ez nintzen ari ondo jokatzen, eta konfiantza falta izan zait. Baina, tira, aurrera egin dugu, eta hori zen garrantzitsuena». Irabazleak berak partida amaitzearekin batera azaldu zuen moduan, final-laurdenetako ligaxkan sartzea izaten da lehen urrats garrantzitsua, eta helburua lortuta egin zuen etxerako bidea.
Ezer askorik egin gabe, 5-13 aurreratu zen Victor. Ondoegi jokatu gabe ere, sakearekin min egiten hasi, eta sake-errestoan dezente asmatu zuen aurrelariak. Aurkariaren hutsak baliatuta, ordea, bere pilota hartu, eta saketik min egiten hasi zen Untoria. Lehen kolpearekin egin zuen 6-13tik 9-13ra artekoa, baina motzegi atera zuen hurrengo sakea. Oso pilotari borrokalaria da atzelaria, eta bizi mugitu zuen pilota. 12-15 eta 14-17 ere gerturatu zen, baina zirt edo zart hartu beharreko erabaki batek urrundu zuen Untoria balizko garaipenetik.
Victorren pilotakada luzeari pasatzen utzi zion atzelariak, lau t'erdiko marraren atzetik botea egingo zuelakoan, baina balekoa izan zen pilotakada hori, eta 14-18kora joan zen 15-17koa izan zitekeena. Sakez 17-20koa eginda ere, askorik sufritu gabe amaitu zuen partida Victorrek. Irribarria-Victor eta Urrutikoetxea-Altuna izango dira ligaxkako lehen bi partidak.
Retegi Bi, huts gutxi eginda
Beste multzoan, segurtasunaren bidetik egin zuen aurrera Retegi Bik, Bartzelonan. 0-6ko partziala itxiz, ezker gantxoarekin 5-8 aurretik jarri zen Gorka, baina nafarrak markagailua 12-10 irauli zuen berehala. Boleaz eta bi paretari esker eutsi zion errioxarrak itxaropenari (17-14), baina faboritoak ondo asmatu zuen partida amaitzen (22-15).
Irribarria, Victor eta Retegi Bi faboritoen multzoan kokatuta, azken pausoa soilik falta zaie enpresei. Gaur arratsaldekoa. Arretxe II.ak eta Ezkurdiak Lekunberrin (Nafarroa) jokatuko dute final-zortzirenetako azken partida (17:00, ETB1), eta Arbizuko aurrelaria da final-laurdenetan sartzeko faborito argia. Multzo horretan, lehen jardunaldian elkarren aurka ariko dira Olaizola II.a eta Bengoetxea VI.a, eta gaurko partidako irabazlea izango du aurkari Retegi Bik.
Nahi zuten moduan
Lau t'erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkan ariko dira Victor eta Retegi Bi. Arretxe II.a eta Ezkurdia, gaur, Lekunberrin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu