Irribarretsu agertu da Joana Halzuet (Miarritze, Lapurdi, 1997): pauso irmoz, kementsu. Arrauna utzi eta atseden hartzea erabaki zuen iaz, baina espero ez zuen eskaintza bat jaso du sasoi honetarako: bederatzi urtez Donostia Arraun Lagunak-eko patroi izan denaren, hau da, Andrea Astudilloren lekukoa hartzea. Ez du berehala eman baiezkoa, baina urratsa egitea erabaki du azkenean. Lagunak ditu asko: 2023an talde horretan aritu zen lapurtarra, arraunlari. Indarberrituta itzuli da, eta «gogotsu».
Lehenengo aldiz arituko zara patroi Euskotren Ligan. Erronka bat da zuretzat?
Bai. Lapurdin patroi izan nintzen bi urtez, ETE ligan, baina lehen aldia izango da baldintza hauetan. Desafio handi bat da niretzat. Urte asko dira ez naizela patroi ibili; ikara sumatu dut batzuetan, baina entrenamenduetan konfiantza hartzen ari naiz. Erronka handia da, baina polita: gogotsu nago.
Eskarmentu handiko patroi bat ordezkatuko duzu, Andrea Astudillo. Gainera, denboraldi biribil baten ostean hartuko duzu haren lekukoa. Presioa sumatzen duzu?
Bai, noski. Andrearen ondoren horretan aritzea ez da gutxi, Euskotren Ligako figura handi bat baita. Eta badakit jende asko egongo dela gure traineruari begira. Iaz itzelezko sasoia egin zuten. Ea aurten ere halakoa egiten dugun; lan asko bada oraindik.
Astudillorekin hitz egin duzu? Eman dizu aholkurik?
Bai, hitz egin dugu. Egia esan, aholku asko jasotzen dira ezker-eskuin: entrenatzailearengandik, beste batzuengandik... Gomendioak beti dira ongi etorriak, kontuan hartzen ditut, baina pentsatzen dut ikasi behar dudala trainerua nik sentitzen dudan bezala eramaten ere. Horretan ari naiz.
Nolako patroia izan nahi zenuke? Zer ezaugarri izan?
Galdera zaila da hori [barrez]. Nahi nuke ekipoari konfiantza transmititzen dion patroi bat izan. Ezinbestekoa iruditzen zait. Eta gaitasuna lortu nahi nuke arraunlari bakoitzari bere onena aterarazteko. Haiek nirekin anitz haserretu gabe, agian... Baina batzuetan hori behar bada, hori izango da nire rola.
2023ko denboraldian ere egon zinen Donostia Arraun Lagunak-en, eta ezagutzen dituzu taldekideetako asko. Hori lagungarria da?
Oso. Horregatik ere erabaki dut baiezkoa ematea. Ez dakit hala izango zen ekipoa ezagutu ez banu. Asko lotu naiz ekipoko gehiengoari, urte bikaina pasatu genuen, eta lagunak bilakatu dira. Harreman horrek laguntzen du, noski: konfiantza ematen dit.
Bandera guztiak irabazi zituen iaz taldeak. Mailari eustea da asmoa?
Behin ikusita posible dela... bai, bai, noski: berriro egiten ahal bada, hobe. Baina badakigu beste ekipoak ere hor direla, gose handiz, eta badakigu ez dela erraza izango. Aurkari handiak izango ditugu parean.
Jada egin duzu estreinaldia: irabazi egin duzue Orioko traineru jaitsieran.
Egia esan, neguko estropadetara ez gara presio handiarekin joaten. Guretzat, entrenamenduaren parte dira. Hala ere, estropada iristen denean, urduritasun puntua beti hor da, eta irabazteko gogoz joaten gara. Neguko estropadak test ona izango dira.
«Iaz itzelezko sasoia egin zuten. Ea aurten ere halakoa egiten dugun; lan asko bada oraindik»
Zer moduz ari zarete entrenamenduetan?
Ongi. Ni nire markak hartzen ari naiz pixkanaka. Hasieran urduriago nintzen. Orain jada martxa polita hartua dugu, esango nuke entrenamenduak oso eraginkorrak direla, eta ekipoa pozik dago, motibatuta. Oso gogotsu gaude, eta gozatzen dugu uretan.
Eta aurkarien inguruan ze iritzi duzu?
Gogotsu daude haiek ere, gose handiz. Pasaian entrenatzen garenez, ikusten ditugu ekipo batzuk uretan: Donostiarra, Tolosaldea, Hibaika... Uste dut aurten ere maila handia izango dela, eta borroka estua. Aldaketa asko egon dira ekipo askotan, eta horrek saltsa puntu bat ematen du, beste maila bat erakutsiko dutelako agian. Guk gureari eutsi beharko diogu, edo hobetu.
Iaz etena egin zenuen. Zergatik utzi zenuen arrauna?
Nekatua nintzelako. Zazpi urtez egon naiz sasoiak egiten bata bestearen atzetik, eta nekatzen du. Eta konpromiso aldetik, engaiamendu handia da: fisikoki eta buruz denbora asko hartzen du kirol honek. Bidaiatzeko gogoa ere banuen, eta lanarekin uztartzekoa ere... Erritmoa lasaitzeko beharra nuen, aire pixka bat hartzekoa.
Itzultzeko asmoarekin utzi zenuen?
Ez, ez zen nire planetan. Kostatu zitzaidan asko uzteko erabaki hori hartzea, baina, behin hartuta, azken urte honek on egin dit. Ez nuen asmorik itzultzeko. Kostatu zait erantzun bat ematea: ongi pentsatu nahi nuen, bai baitakit zer ekartzen duen horrek gibeletik: zer konpromiso eta zer engaiamendu. Baina orain jada badakit erabaki ona hartu dudala.
Eskaintza jasotzean, beraz, zalantzak izan zenituen?
Bai, ez nuen batere espero, eta patroi postura itzultzea ez nuen inoiz planteatu. Niretzat, Lapurdin nintzeneko kontua zen hori, eta gero arraunlari ibili naiz. Baina buruari buelta asmo eman ondoren, pentsatu nuen horrela biribildu nezakeela nire patroi ibilbidea. Beste desafio bat bizitzeko aukera da niretzat.
«Aldaketa asko egon dira ekipo askotan, eta horrek saltsa puntu bat ematen du, beste maila bat erakutsiko baitute agian. Guk gureari eutsi beharko diogu, edo hobetu»
Taldeko patroi bakarra zara oraingoz. Hori abantaila ala desabantaila da?
Oraingoz bakarrik naiz. Pentsatzen dut beste bat aurkitu beharko dela liga jokatzeko, badaezpada. Eta abantaila... ez dakit. Patroi batzuek badute binaka egoteko beharra presioa sumatzeko eta konfort eremutik ateratzeko. Nik jada badut presio nahikoa, ez dut ondoan beste patroi bat izan beharrik presio hori sumatzeko eta nire onena atera ahal izateko. Orduan, ongi zait.
Inportantea da patroiaren figura? Desberdin bizitzen da arrauna?
Bai, oso desberdina da. Biak ezagutu ditudanez, badakit patroi figura ze garrantzitsua den arraunlari batentzat. Badakit patroiak zer garrantzi duen traineruan edo estropadan zarenean, edo entrenamenduan, dena ematen ari zarenean, eta nekea eta beste guztia pilatzen denean. Ardura handiko figura bat da traineruan, eta ohartzen naiz horretaz. Presioa horregatik da hor. Nire konfort eremutik atera naiz. Hasieran estres handiagoz bizi nuen; orain jada markak hartu ditut, eta lantzen segituko dut. Konfiantza hartzen ari naiz.
Geroz eta erosoago ari zara, beraz?
Bai, bai.