Lagun Aro GBC 89. Kanarias 77

Nahi dute, lor dezakete

Lagun Arok hirugarren laurden ona egin du, eta Kanarias aise menderatu, Woods eta Ibekweren lanari esker

Andoni Urbistondo.
Donostia
2013ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Lagun Aro Gipuzkoa Basket. Neto (7), Woods (25), Papamakarios (6), Paunic (6), Doblas (13) —hasierako bostekoa—; Rubio (8), Finley (6), Diez (2), Salgado eta Ibekwe (16).

Kanarias. Uriz (6), Richotti (2), Rost (16), Sekulic (16), Donaldson (2) —hasierako bostekoa—; Guillen (9), Bivia (1), Heras (8), Lambropulos (15), Blanco (2) eta Chagoyen.

Markagailua. 19-18, 41-37 (atsedenaldian); 68-52 eta 89-77.

Epaileak. Martin Bertran, Guirao eta Soto. Lagun Aroko Papamakarios kanporatu zuten (40. min.).

Bestelakoak. 6.102 ikusle Illunbe pabiloian.

Badauka zortzigarrena. Hamaika beharko ditu, eta hamabi ere bai, agian. Gutxiago falta du, baina ezin lasai geratu. Lagun Arok lege onez menderatu zuen Kanarias, eta martxoa modu bikainean itxi du: lau partida irabazi ditu eta bakarra galdu, Gasteizen. Etxean irabazi dituzte lau partida horiek Sito Alonsoren jokalariek, eta orain fidagarritasun horren zatitxo bat etxetik kanpo erabiltzea falta zaie, Fuenlabrada atzean utzi eta Cajasol ahalik eta gertuenen edukitzeko. Lo, behintzat, jaisteko postuetatik kanpo egingo du Lagun Arok, eta arreta bereziarekin aztertuko dituzte bihar eguerdiko bi partidak: Bilbon, Uxue eta Fuenlabradaren artekoa, eta Madrilen, Real Madril eta Cajasolen artekoa.

Lagun Arok hirugarren laurdenean hautsi zuen partida. Lehen 20 minutuak oso parekatuak izan ziren, 41-37 etxekoen alde, baina hirugarren hamar minutukoan 27-15eko partziala lortu zuten donostiarrek. Hamabost puntura murriztu zuten kanariarren erasoko jarduna, defentsan asko estutuz, eta erasoan fin aritu ziren, ziurrenik sasoiko partida onena egin zuten bi jokalari atzerritarren eskutik: Woods eta Ibekwe.

Woodsen emaztea eta haurrak harmailetan zeuden, eta bistan da haien etorrerak mesede handia egin diola. Trakets samar hasi zen jaurtiketetan, sei egin eta bi bakarrik sartu, baina, ondoren, berea izan zen aginte makila: Bost hiruko sartu zituen, %55 asmatuta, eta 25 punturaino joan zen. Horrekin konforme ez, eta hamar errebote hartu zituen. 33ko balorazioa lortu zuen Memphiskoak, eta jardunaldiko jokalaririk onenaren saria lor dezake.

Ibekwek ere sasoiko partidarik onena jokatu zuen. Badaramatza aste batzuk sasoi puntu onean, eta lehen egiten ausartzen ez zen jaurtiketak, edo blokeo eta jarraipenak bukatzen ditu. Erreboteko ohiko lan onari, bederatzi atzo, hamasei puntu gehitu zizkion. Falten arloan, bost behartu zituen, eta txapel bat ere jarri zuen. Ez ziren lan ona egin zuten bakarrak izan. Doblasek ere hamahiru puntu sartu zituen, bederatzi lehen zatian, eta unean-unean, Papamakariosek, Paunicek, Netok eta Guille Rubiok ere garrantzitsuak izan ziren jokaldiak burutu zituzten. Koska bakarra, ezin izan ziola La Lagunako partidako hamabost puntuko kontrako aldeari buelta eman, baina hori anekdota bat izango da mailari eutsiz gero.

Lagun Arok garaipen gosea, elitean egoteko nahia, grina erakutsi zuen, eta buruko indar horri eusten badio, ez da urrun ibiliko. Sito Alonsok erasoan uzta oparoa ematen dion bostekoa du: Neto, Papamakarios, Paunic, Woods eta Doblas. Horiek nekatuta daudenean, defentsan iaioagoa den bostekoa kantxaratzen du, Rubio, Finley eta Ibekwerekin. Bien uztarketak errendimendu handia eman zion, eta ez harritu hurrengo norgehiagokatan ere antzekoa errepikatzen bada.

Sito Alonsok hirugarren laurdenean egindako lana azpimarratu zuen. Apur bat haserre mintzatu zen 15 puntuko puntu aldea gainditu ez zutelako, baina 20. eta 30. minutuen arteko jokoa errepikatzen badute, garaipen asko etorriko direla esan zuen. Zenbakien errepasoan, Woods eta Ibekweren zenbakiak nabarmentzen dira, noski, baina haien jardun ona bezain garrantzitsua izan zen Salgadoren adimena, zortzi asistentzia emateko. Edo taldeak galdutako baloi kopuru txikia: hamar baino ez, batez beste ematen dituenak baino dezente apalagoa. 104 puntukoa izan zen balorazioa, aspaldiko onena. 73 puntutan utzi zuen Kanarias. Hori ere ona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.