Juanma Garatek (Irun, Gipuzkoa, 1976) duela hiru urte ezagutu zuen Daniel Felipe Martinez (Soacha, Kolonbia, 1996), eta zur eta lur utzi zuen. «20 urterekin gauzak hain argi izateak harritu ninduen. Nagusitan zer izan nahi zuen esaten zidan. Demasakoa! Gauzak oso argi zituen». Eta zer izan nahi du, bada, Martinezek? «Txirrindulari, eta bere eskuetan dagoen guztia egingo du txirrindulari izateko, txirrindularirik onena. Asmo handiko ametsak ditu, eta bete egin daitezke, gainera, arrakasta edukitzeko behar den guztia baitu. Eta onena da duen motorra kontuan hartuta, beti dagoela ikasteko prest, eta ez duela uste dena egina duela. Hori ez da gazte askoren kasua. Beti ez da erraza irakastea».
Garate Education First taldeko zuzendaria da, eta Euskal Herriko Itzulian gora eta behera dabil Martinezen atzetik. Kolonbiar gaztea ekitaldiko ezusteetako bat izaten ari da. Azken etapa falta dela, zortzigarren dago sailkapen nagusian, Emanuel Buchmannengandik (Bora) 2,11ra. Estibalizko erorikoan denbora galdu izan ez balu, aurrerago legoke sailkapenean.
Lehen etapan bertan hasi zen nabarmentzen, bigarren izan baitzen Zumarragan (Gipuzkoa) jokatutako erlojupekoan, Schachmannengandik bederatzi segundora. Hori da, hain zuzen, haren berezitasuna: buruz buruko lana. Kolonbiako txapeldun izan da aurten, txapeldunorde iaz, eta Frantziako Tourrean lan politak egin zituen iaz. Horretaz gain, aurten Turiniko gainean bukaturiko Paris-Nizako etapa irabazi zuen, ihes eginda.
23 urte egiteke dituela kontuan hartuta, emaitza bikainak dira.«Itzuliaren aurretik etxean izan dut, eta asko hitz egin dugu. Epe motzeko eta luzeko helburuez mintzatu gara. Haren helburuak errealistak izatea nahi dut. Hark esaten dizkizunean, ume guztien helburu berberak dira, baina errealistak al dira? Hark baietz dio, gai ikusten duela bere burua. Umetan jada lan egiten zuen txirrindularitzan». Izan ere, gazte izanagatik, Martinezek ondo ezagutzen du tropela. Umetan, Kolonbian, lan egiten zuen txirrindularitza material hobeak lortzeko, eta, 18 urterekin, Europan ari zen lehiatzen profesionalekin. Larre oso motzean hazitakoa da. Hala ere, Garatek garbi du oraindik «ahuluneak» badituela eta horiek konpontzen saiatzen ari direla.
Dohainak, ordea, oso argi dituzte: «Erlojupekoan ona da, eta igotzaile txukuna ere bai». Zeintzuk dira, bada, ahulune horiek? «Ahaleginak kudeatzen ikasi behar du: ezin da joan indarrak bide bazterrean uzten. Indarrak gordetzeko, ondo kokatua joaten ikasi behar duzu, taldekideengan konfiantza izan... Xehetasun txikiak dira, baina oso garrantzitsuak. Hiru asteko etapetan, abantailak horietan lortzen dira. Oraindik ere, hobetzeko tarte handia du».
Martinez ikusita, eta Rigoberto Uran Education Firsten dagoela kontuan hartuta, Garatek aitortu du «saihetsezina» dela bata eta bestea alderatzea: «Uran da izarra, heldutasuna. Antza badute biek, egia da, eta gazteek eredu gisa hartzen dute. Harengandik ikasten dute. Dani oraina da, eta Sergio Higuita taldekidea [utzita ari da Euskadi Fundazioan], oraina eta geroa».
Kolonbiaren urrezko aroa
Kolonbiako txirrindularitza urrezko aro berri batean dago, eta Martinez, itzuli handietan zeresana eman nahi duen beste ale on bat. Miguel Angel Lopez (Astana), Egan Bernal (Sky) eta Fernando Gaviria (UAE) dira belaunaldi berriko izen entzutetsuenak, baina apurka gehiago agertzen ari dira. World Tour taldeetan hemeretzi kolonbiar daude, kopuru oso handia herrialde horretako talderik ez dagoela kontuan hartuta. Itzulian 11 daude, baina zaku horretan Manzana Postobon Kontinental Mailako taldeko zazpiak sartu behar dira. Historikoki, kolonbiarrak ez dira fin ibili Itzulian, baina, 2013az geroztik, joera hori aldatu egin da. Urte hartan, Nairo Quintanak (Movistar) irabazi zuen Itzulia, eta Sergio Luis Henao (UAE) hirugarren izan zen. Henao bigarren izan zen 2015ean eta 2016an, eta Quintana hirugarren 2016an. Orain, Martinezek du Kolonbiaren bandera podiumera igotzeko aukera.
Education Firstek gertutik zaintzen du Kolonbiako harrobia, eta Garatek bere teoria du loratze hori azaltzeko. «Talentu hauek beti egon dira Kolonbian, baina globalizazioarekin dena gertuago dago: sare sozialak, teknologia... Lehen, ehun txirrindulari on bazeuden, bi iristen ziren; orain, aldiz, 80. Egun, Uranek entrenamendu bat egin eta haren datuak berehala jasotzen ditut. Lehen, Fabio Parra Europara irits zedin gutun bat bidali behar zenuen, edo telefono dei bat egin eta hura aurkitu. Dena aldatu da».
Horrez gain, Kolonbiak berezko duena azpimarratu du txirrindulari ohiak. «Txirrindulariak errespetatzen dituen herrialde bat da, mundu mailan ezagunen egin dituen kirola, futbolak baino gehiago».
Euskal Herriko Itzulia
Nagusitan? Ziklista, jakina
Daniel Felipe Martinez Education First taldeko kolonbiarra izaten ari da Euskal Herriko Itzuliko ezusteetako bat. Juanma Garate irundarra da haren zuzendaria, eta haren bertute eta gabeziak aztertu ditu: «Onena da beti dagoela ikasteko prest».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu