Nagusia oso pozik daukate

Aimar Olaizola Baikoko kirol zuzendariak goraipatu egin ditu Unai Laso eta Ander Imaz. Haien dohainen gainetik, «lanerako daukaten prestutasuna» azpimarratu du.

Unai Laso eta Ander Imaz, Nafarroa Arenaren aurrean, joan den astean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Pozik eta lasai» dago Aimar Olaizola Baikoko kirol zuzendaria (Goizueta, Nafarroa, 1979). Ia bi aste daramatza horrela. «Guretzat oso garrantzitsua izan zen finalerdietako lehen bi jardunaldiak jokatuta, jada Lehen Mailan eta Promoziokoan enpresako bikote bat sartu izana finalean. Lasaitua hartu genuen. Orain, finalak jokatzea falta da. Itxaropentsu gara», azaldu du.

Ikusi gehiago:«Oso harro gaude»

Baikok apustua egin zuen bigarren urtez jarraian Unai Laso eta Ander Imaz batera jarrita. «Argi» izan zuten. «Iaz, sekulako txapelketa egin zuten; oso bikote indartsua osatzen dute». Halere, onartu du iaz baino «gorabeheratsuago» aritu direla. «Batetik, Unairi kosta egin zitzaion hasieran bete-betean aritzea; eta, bestetik, Ander eskuko minez aritu da [arrazoi horregatik ez zituen jokatu lehen ligaxkako azken hiru partidak]. Txapelketa luzea da, eta gauza asko gertatu ohi dira: lesioak eta sasoi hobeagoa edo okerragoa izatea, besteak beste». Baina «oso pozik» dago txapelketak aurrera egin ahala, «gora» egin dutelako. «Gero eta hobeto aritu dira, bikote hobea egiten, eta une erabakigarrietan oso ondo aritu dira. Finalerdietako ligaxka ederra egin dute; horregatik daude finalean».

«Bikote osoa» egiten dutela azpimarratu du. «Unai buruz buruko txapelduna da; erritmo handiz aritzen da beti, lan asko egiten du, pilota txar asko kentzen dizkio Anderri, eta tantoa azkar bukatzen du. Txinpartarekin dago; azkeneko partida da txapelketan jokatu duen onena. Ander, berriz, berme handiko atzelaria da: oso segurua da, aurrean oso ondo ukitzen du pilota, eta orain, eskuak ondo dituenez, sendoago ari da».

Azken bi binakakoak kontuan hartuta, zortzi hilabete egin dituzte elkarrekin Lasok eta Imazek; ordu asko dira, eta hori «igarri» egiten dela azaldu du Olaizolak. «Halako txapelketa luze batean oso garrantzitsua da harreman ona izatea; biek batu behar dute; bat oso ondo ari bada, eta bestea, aldiz, gaizki, nabarmen geratzen da. Unai eta Ander oso ondo ari dira kantxan eta kantxatik kanpo. Bikotea egiten ari dira».

Haiengandik gehien baloratzen duena da «oso langileak» direla. «Kirol zuzendari moduan, asko baloratzen dut lan egiteko eta entrenatzeko gogoa eta grina bizia, eta Unai eta Ander hamarrekoak dira horretan; berdin dio noiz eta non, beti daude prest entrenatzeko, eta hori oso garrantzitsua da».

Imazek ia zortzi urte daramatza profesionaletan, eta Lasok, ia zazpi. Biekin aritutakoa da Olaizola, hura pilotari zenean. Lasori «hasieratik» atzeman zion «pilotari oso ona» izango zela. «Oso oldarkorra zen, eta gauzak azkar egin nahi zituen», gogoratu du. Geroztik, «jauzi handia» egin duela nabarmendu du. «Asko hobetu du arlo fisikoa, eta hori oso garrantzitsua da. Kolpe indartsuagoa du ere bai; min egiten du. Buruz ere indartsuagoa da, eta esperientzia hartu du, batez ere, partida garrantzitsuak jokatzen. Oso ondo aritu da norgehiagoka horietan, eta horrek konfiantza handia eman dio bere buruan».

«Asko» du berezkotik. «Sotamanoa, gantxoa... baina nik bi kolpe nabarmenduko nituzke: bata, eskuinez, botera egiten dituen zuloak; eta, bestea, defentsan, nola atzeratzen duten pilota eskuinez tauletatik. Dohain oso onak ditu, baina langile petoa da ere bai; beti dago prest entrenatzeko. Horri esker iritsi da gora».

Harreman estuagoa du Imazekin. «Aspaldi ezagutzen dugu elkar, eta beti ondo moldatu gara; ohikoa da goizuetarron eta oiartzuarren artean». Binakakoa elkarrekin jokatutakoak ere badira, 2018an: finalerdietako ligaxkara iritsi ziren, lehen bi partidak irabazi zituzten, baina hirugarrena galdu, eta tanto bakar batengatik ez ziren sailkatu finalerako. «Pena handia izan zen, baina oso gustura aritu ginen. Hori dela eta, asko pozten naiz Anderrengatik, bai iazkoarengatik, baita aurtengoarengatik ere. Merezi du».

Haren «erregulartasuna» azpimarratu du. «Ondo jokatzen du urte osoan». Hiru eta erdi eta lau eta erdi koadroen artean daukan kolpea ere nabarmendu du.

«Ez dute abantailarik»

Lasok eta Imazek ez zuten jokatu finalerdietako ligaxkako azken partida, eskuetan mina zutela argudiatuta. Halere, Olaizolaren iritziz, horrek ez die mesederik egin. «Ez du balio. Eskuetan mina zutenez, ez zituzten erabili astebetez. Nahiago nuen ligaxkako bigarren partida ondo bukatu eta hirugarrena jokatu izan balute. Pilotariak hobeto jokatzen du kantxan eta bolada onean dagoenean. Espero dut finalera ondo iristea». Ez daukate arantzarik ateratzeko. «Inoiz ez da aipatu iazko finala».

Olaizolak behin eta berriro esan die Lasori eta Imazi euren lanari erreparatzeko. «Lehia zaila izango da: Zabaleta da alderik handienak egin dituen pilotaria, eta Elordik ondo jokatzen badu, oso zaila izango da haiei irabaztea». Baina «itxaropentsu» dago. «Finalak egun horretan ondoen dagoenak irabazten ditu. Edozer gerta daiteke. Garrantzitsuena da oso ondo iristea. Nire ustez, Unaik eta Anderrek euren lana egiten badute, guretzat izango da txapela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.