Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Kaiku

Nagusia, agintari

Aurreikuspen guztietan, izen bat azaltzen da San Miguel liga irabazteko hautagai nagusiaren lekuan: KaikuIazko taldeari eusteaz gain, lehen klubean ibilitako arraunlari batzuk berreskuratu ditu

Kaiku, denboraldi-aurrean Ondarroan jokatutako estropadan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2012ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Nagusia eta 11 morroi. Langileak agintariaren esanetara. Hau esan, eta hau egin. Kaiku da nagusia, eta San Miguel ligako beste klub guztiak, morroiak. Aldez aurreko iragarpenetan, behintzat, halako irudia egin daiteke bihar hasiko den lehiaketaz. Gero, jakina, urak egingo ditu epaile lanak.

Agintari izaera du Kaikuk, iaztik hona hobera egin duelako taldeak. Joan zen urtean, nagusi izan zen ligan; aise irabazi zuen. Eta indar erakustaldi haiek egin zituen arraunlari multzoa nahikoa ez, eta aurten, indartu egin du. Kaiku fitxatzailea izan da azken denboraldietan, eta aurten ere ezin izan du joera bazterrean utzi. Baina bada alderik aurreko urteetako jardunarekin. Sei lagun fitxatu ditu, horietako bi patroiak, eta bi horiek ez beste guztiak ibiliak dira Sestaoko klubean aurretik. Ezagutzen ditu Jose Luis Korta entrenatzaileak, eta haiek ere ezagutzen dute bera. Lan bat gutxiago lantzeko prestakuntzak agintzen duen garaietan.

Klubak ez du ezkutatzen dena irabaztea dela asmoa. Horretarako dago osatuta taldea. Iazko nagusia agintari plantan jarri da aurten. Zapalduko lituzke gustura morroi guztiak, eta egingo du hori behin, bitan edo lautan. Gaitasuna dauka horretarako. Baina morroi denak ez dira morroi. Denetarik dauka morroien artean agintariak: zintzoak eta esanekoak dauden bezala, lotsagabeak eta oldarkorrak ere badira inguruan.

Azkeneko horiek matxinadak egingo dizkiete nagusiari. Egin, edo, behintzat, saiatuko dira egiten. Estropadaren batean edo batzuetan lor dezakete nagusiari agintea kentzeko balentria. Horren jakitun ere badira Kaikun. Hobe horrela, gero ezuste txarren bat ez hartzeko.

Baina ez du ematen agintea behin betiko eskuratuko dutenik matxinoek. Kolpea kolpe txikia izango da, izatekotan, eta ordu gutxiren buruan, estropadatik estropadara, bere onera itzuliko da agintearen inguruko eztabaida guztia. Agintariak ez die utziko azpikoei erabat harrotzen.

Ligako kontuak dira horiek, baina ez da lehia bakarra. Hor daude txapelketak eta Kontxako Bandera. Estimatuak dira txapelketak Kaikun, eta hor ere agintari izan nahi du. Zer esanik ez Kontxako Banderan. Estropada preziatuenean agintea berreskuratu nahi du, gehiegi utzi diolako besteren bati aurrea hartzen.

Irail erdialdera egin beharko dira azterketak, baina ez harritu uretako hauteskunde berezi hauetan gobernu aldaketarik ez egotea. Ez behintzat, San Miguel ligako aginteari dagokionez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.