Nafarroako Fiskaltzak salaketa jarri du guardiako epaitegian Unai Simon Athleticeko atezainari Sadarren egin zizkioten irain homofoboak direla eta. Fiskaltzaren arabera, irain horiek gorroto delitua izan daitezke, eta, hori dela eta, ikerketa penala hasteko eskatu du. Espainiako Poliziari galdegin dio Unai Simon iraindu zuen ikuslea identifika dezan, eta deklarazioa har diezaion, inputatu gisa.
Osasunak eta Athleticek abuztuaren 19an jokatu zuten derbia Sadarren, eta telebistako irudietan ikus daiteke nola ikusle batek irain larriak egin zizkion Unai Simoni: «Marika puta, hortxe hil zaitez, putasemea», esan zion behin eta berriro.
Fiskaltzaren arabera, irain horiek gorroto delitua izan daitezke, «pertsona baten orientazio sexualari diskriminazioa» egiten baitiote. Fiskaltzak nabarmendu duenez, irain horiek «kalte» egiten diote «pertsonaren duintasunari», are gehiago milaka lagunen aurrean egin direla kontuan hartuta. Hori dela eta, Unai Simoni aukera eman dio neurriren bat eskatzeko hala nahi izanez gero.
Gorroto delituak egiteagatik urtebete eta lau urte arteko kartzela zigorra jaso daiteke.