Nadia Erostarbe: «Oso esperientzia berezia izan da, eta asko disfrutatu dut»

WTC lehiaketan parte hartu berri du zarauztarrak, munduko surf zirkuiturik onenean. Bederatzigarren egin du Hawaiiko Lexus Pipe Pro txapelketan.

Nadia Erostarbe surflaria, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Nadia Erostarbe surflaria, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko otsailaren 11
20:30
Entzun

Balentria egin du Nadia Erostarbe surflariak (Zarautz, Gipuzkoa, 2000). WTC lehiaketan parte hartu berri du, munduko surf zirkuiturik onenean. Euskal Herrian hori lortu duen bigarren emakumea da; Pauline Ado hendaiarra bost urtez aritu zen maila gorenean.

Erostarbek bederatzigarren amaitu du Hawaiiko Lexus Pipe Pro txapelketan: final-zortzirenetan kanporatu du Caroline Marks estatubatuarrak. «Oso esperientzia berezia izan da, eta asko disfrutatu dut». Gaur prentsaurrekoa eman du Donostian, Hawaiitik iritsi berritan, Basque Teamek antolatuta. Han izan dira Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria eta Ibone Bengoetxea Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kulturako eta Hizkuntza Politikako sailburua. 

Lehiaketa laburra egin zaiola aitortu du Erostarbek: «Luzatu nahiko nukeen, baina oso polita izan da». Iaz sasoi paregabea egin zuen zarauztarrak, eta gertu izan zuen CTrako igoera. Azken ordura arte aritu zen borrokan. Egindako lan ona ez da oharkabean geratu, baina. Challenger Seriesetako zerrendan seigarren postuan zen, eta hura hautatu dute Johanne Deday ordezkatzeko. WCTko lehen ekitaldia izan da Hawaiikoa.

Azken orduan jaso zuen proposamena. Urduri egon dela esan du Erostarbek, eta azaldu txapelketan ez dituztela oso olatu onak izan. Haren arabera, «jauzi handia» dago Challenger Seriesetatik CTra, zirkuitu gorenera: «Surflariak zaindu egiten dituzte. Desberdina da, oso leku elitista. Hasieran, kanpoan sentitu nintzen. Denek ezagutzen zuten elkar. Baina esperientzia polita izan da». Hala ere, ez da bere onenean aritu, eta ez du gosea berdindu. «Uste dut ez dudala nire surf egiteko modua erakutsi. Prestatuago egongo naiz beste txapelketa batean norbaitek huts egin eta joan behar badut».

Hiru hilabete min hartuta egon ondoren, txapelketara joan baino hilabete lehenago sartu zen Erostarbe berriro uretan. Hori «hesi handi bat» izan dela esan du. Gainera, presioa ere sumatu du, bai baitaki halako proba batek zer-nolako garrantzia eta ikusgaitasuna duen.

Lortutakoa, hala ere, ez da makala. Munduko hemezortzi surflari onenekin aritu da lehian. Lehen txandan, Caroline Marksen eta Bella Kenworthyren aurka, bigarren postuan amaitu zuen. Final-zortzirenetan, baina, Marks berak kanporatu zuen. Estatubatuarra ez da edonor: urrezko domina lortu zuen iazko Olinpiar Jokoetan, eta munduko txapelduna izan zen 2023an.

Iturriagak «mugarri historikotzat» jo du Erostarbek lortutakoa. Hala mintzatu zaio zarauztarrari: «Aitzindaria zara, eta bidea irekitzen ari zara esparru askotan». Bengoetxeak, Jaurlaritzaren izenean, lortutakoa aitortu nahi izan dio: «Zutaz oso harro gaude. Eredu bat zara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.