Azken txanpan sarturik da binakako txapelketa, eta jada argitzen hasiak dira kontu batzuk. Besteak beste, bi jaialdi izan ziren atzoko egunez, Iruñean eta Bilbon, azken-aurreko jardunaldiari zegozkionak, eta bietan ederki nabaritu zen beharra. Izan ere, jokoan zerbait zuten bikoteek lortu zuten puntua. Iruñeko Labriten, Zabalak eta Martijak 22-12 irabazi zieten Artolari eta Imazi, eta laugarren postua eskuratzeko lehian urrats garrantzitsua egin zuten Aspekoek. Zabalak ezin distiratsuago egin zituen Altuna III.aren ordezko lanak. Bilbon, bestalde, Peña II.ak eta Albisuk txukun jokatzea aski izan zuten Peio Etxeberria eta Erostarbe –Zabaletaren ordezkoa- mendean hartzeko: 22-10. Hala, atzoko garaileek elkarren aurka jokatuko dute azken jardunaldiko partida, etzi, Tolosan, eta laugarren postua izango dute jokoan. Atzoko galtzaileek, Artola-Imaz eta Etxeberria-Zabaleta bikoteek, berriz, elkar ikusiko dute datorren larunbatean, Labriten, eta irabazten duenak eskuratuko du bigarren postua, finalerdietarako sailkapena zuzenean ematen duen postua.
Emozioa falta izan zitzaien atzoko jaialdiei partida beteak izateko, baina Iruñeko Labriten izan zen zer ikusia eta zer gozatua. Besteak beste, Zabalak egundokoak eta bi egin baitzituen. Ordezko lanetan arituagatik, goi mailako pilotariekin lehiatzeko prest dagoela aldarrikatu zuen, eta buruz burukoan oso kontuan hartu beharreko partaidea izango da. Hasieratik azaldu zituen joa eta distira. Zazpigarren koadrotik atzera edukiarazi zuen Imaz etengabe. Baikokoei, hori bai, igarri zitzaien jokoan ez zutela aparteko ezer eta presiorik gabe kantxaratu zirela.
Zabalak ez ezik, Martijak ere ederki jokatu zuen. Eskuinez bizi astindu zuen pilota, eta hiruzpalau tanto lortu zituen errebotean. Tantoek aurrera egin eta pilotak gastatzen joan ahala espero izatekoa zen Artolak eta Imazek gora egingo zutela, baina ez zen hala izan. Halaxe mintzatu zen Artola bera: «Zabalak batez ere airean ibili gaitu. Oso gutxitan gertatu zait hain txiki sentitzea kantxan. Izugarrizko erakustaldia egin du». Azken tantora arte zoragarri jokatzen jarraitu zuen Zabalak, eta Altuna III.a-Martija bikoteari bideratuta utzi dio laugarren postua.
Bilbon, partida tristea
Zail izan arren, postu horixe bera lortzen ahaleginduko dira Peña II.a eta Albisu, baina atzo baino hobeto jokatu beharko dute. Etxeberria eta Erostarbe 22-10 menderatu arren, Baikoko bikotea konfiantza askorik gabe ibili zen, eta aski izan zuen boladaka jokatzea. Peña II.a izan zen laukotean onena. Sakez bizi-bizi ibili zuen pilota, eta errematean ere hark egin zituen partidako tantorik onenak. Akats asko xamar egitea izan zuen bekatu nagusia. Albisuk berak ere bizkarra erakutsi zion Erostarberi, baina ez zuen oso distiratsu jokatu. Gutxienez, Peña II.ak eta Albisuk lortu zuten helburu nagusia, kanporaketak jokatzeko sailkapena lortzea.
Bada, gaur eta bihar txapelketako korapiloa askatuz joan daiteke. Gaur bertan, Ezkurdia-Tolosa eta Laso-Aranguren lehiatuko dira Tafallan, eta bi bikoteek garaipena behar dute bizirik jarraitzeko. Baikokoek ia ezinezko dute sailkatzeko aukeraren bat izatea, baina Aspekoek oraindik badute itxaropenik, eta ez dute etsi nahi. Bihar, berriz, Tolosan neurtuko dituzte indarrak Jaka-Mariezkurrenak eta Elordi-Rezustak, eta azken horiek ataka estuan daude. Irabazten ez badute, komeria latzetan murgildu daitezke.