PILOTA

Muturren arteko lehia

Asier Agirrek eta Iker Larrazabalek jokatuko dute B serieko buruz burukoaren finala, gaur, Labriten. Irabaziko balu, nafarrak txapela izango luke hiru modalitateetan. Arabarrak banakako lehena nahi du.

Iker Larrazabal eta Asier Agirre. IDOIA ZABALETA
Iker Larrazabal eta Asier Agirre, asteartean, Labriten, finaleko pilota aukeraketan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko maiatzaren 25a
05:10
Entzun

Muturren arteko finala jokatuko dute gaur Asier Agirrek eta Iker Larrazabalek Iruñeko Labrit frontoian (17:15, ETB1). B serieko buruz burukoaren txapela izango dute jokoan. Irabazleak bi sari izango ditu: bata, txapela; eta bestea, datorren urtean maila nagusiko buruz burukoan parte hartzea. Agirre lautan aritu da. Larrazabalek, berriz, atarikoa jokatu du aurten. Gaur gertatzen dena gertatzen dela, Baikorentzat izango da txapela. Denboraldiko hirugarrena izango du Promozio Mailan; hau da, guztiak.

Enpresa berean ari direla da Agirre eta Larrazabal batzen dituen gauza bakarrenetako bat. Bestelakoan, muturretan daude. Agirre helduena da txapelketa jokatu duten hamabi pilotarien artean: 29 urte betetzear dago. Hark du eskarmenturik handiena ere —bederatzi urte egitear dago profesionaletan—, baita txapelik gehien ere: hiru irabazi ditu binaka, eta bat lau eta erdian —bitan izan da txapeldunorde binaka—. Gaur nagusituko balitz, aurrelari iruindarrak txapela izango luke bigarren mailako hiru modalitateetan. Mikel Olaetxeak eta Jon Jaunarenak bakarrik egin dute hori. Olaetxeak hiru urte eskas behar izan zituen, eta Jaunarenak, zazpi hilabete eskas. Agirrek ia zazpi urte beharko lituzke.

Larrazabalek, berriz, Agirrek baino zazpi urte gutxiago ditu: 22 urte betetzear dago. Bigarrena da buruz burukoa jokatu duten gazteenen artean. Arkaitz Eskuza bakarrik da hura baino gazteagoa: 19 urte ditu. Gaztea izan arren, aurrelari amurrioarrak badu eskarmentu pixka bat, duela hiru urte eta erdi pasatxo egin baitzuen estreinakoa profesionaletan. Enpresak harribitxitzat dauka, eta, hori dela eta, gero eta aukera gehiago ari zaio ematen. Adibidez, joan den udan, Mastersa, eta sanferminetako eta Andre Maria Zuriaren torneoak jokatu zituen binaka. Jarraian, Lehen Mailako lau eta erdikoan aritu zen. Txapel bat du jada Promozio Mailan: iazko binakakoa, Iosu Eskirozekin. Aurten, berriz, txapeldunorde izan zen bikotekide berarekin. Agirrerentzat eta Martxel Iztuetarentzat izan zen txapela.

Aurtengo buruz burukoari dagokionez, biek ekin zioten lehiari final-laurdenetako ligaxkan. B multzoan aritu ziren biak, Joseba Aldaberekin eta Beñat Senarrekin batera. Biek irabazi zituzten haien aurkako partidak —Agirrek ez zuen jokatu Aldaberen aurka, Aspeko atzelaria min hartuta baitzegoen—. Elkarren aurkakoan, berriz, Agirre nagusitu zen: 22-20 irabazi zion, Labriten, finala jokatuko duten toki berean. Emaitzak dioen bezala, partida oso parekatua izan zen. Finalerdietan, Larrazabalek nagusitasunez irabazi zion Iker Salaberriari: 22-8. Agirrek, berriz, sufritu egin zuen Julen Egiguren mendean hartzeko: 22-19.

Bata haustera, bestea eustera

Finaleko pilota aukeraketan argi geratu zen baten eta bestearen asmoa: Larrazabalek Agirrek baino pilota biziagoak aukeratu zituen. Abiadura handia ematen dio pilotari, eta hori aprobetxatu nahi du. «Badakit hark angeluak bilatuko dizkidala, eta nik pilotakada luzatuko diodala. Asierrek urte asko daramatza jokatzen, beteranoa da, eta badaki nola aritu final batean. Nik beti jokatzen dudan moduan jokatuko dut: erritmoa eman nahi diot lehiari», esan zuen Larrazabalek. Banakako jokoan egindako hobekuntzaz galdetuta, berriz, azaldu zuen «sufritzen» ikasi duela. «Lehen, berehala ematen nuen galdutzat partida».

Agirrek, berriz, barneratua du aurkariak kolpe indartsua izanik «sufritu» egingo duela. «Hura ni baino askoz indartsuagoa da kolpez. Beraz, askotan ariko beharko dut defentsan, batez ere airez. Aukera dudanean, berriz, asmatu egin beharko dut. Hura deseroso aritu dadin saiatu behar dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.