Pilota

Muturrak zehaztuta, eta tartean, saltsa

Bi jardunaldi falta dira binakakoaren ligaxka bukatzeko. Bi gauza daude argi: Laso eta Iztueta zuzenean ariko dira finalerdietan, eta Peio Etxeberriak eta Martijak ez dute aukerarik kanporaketa jokatzeko. Beste dena argitzeko dago.

Unai Laso. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Unai Laso, pilota jotzen, binakako txapelketako partida batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko otsailaren 5a
05:00
Entzun

Azken txanpan daude Binakako Txapelketaren ligaxkan: bi jardunaldi baino ez dira falta. Aurreko hamabiek galbahe lanak egin dituzte, eta muturrak zehaztuta daude: Unai Laso eta Martxel Iztueta sailkatuta daude finalerdietako ligaxkarako, eta Peio Etxeberriak eta Julen Martijak ez dute aukerarik kanporaketak jokatzeko. Baina platera egiteko dago; saltsa dago.

Ligaxkako lehen bi sailkatuak zuzenean ariko dira finalerdietako ligaxkan. Lasok eta Iztuetak osatutako bikotea izango da horietako bat. Azken bi jardunaldietan gertatzen dena gertatzen dela, sailkatuta daude. Bederatzi garaipen dituzte, Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak bezalaxe. Bi bikote horiek bi garaipenen aldea dute hirugarren eta laugarren sailkatuekiko: Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaletarekiko, eta Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrenarekiko. Baina Lasok eta Iztuetak bi bikote horiek baino tanto alde hobea dute; horregatik dute toki segurua. Lehen edo bigarren izango diren falta da zehazteko. Ziurrenik, igandean argituko da hori, Ezkurdiaren eta Rezustaren aurka jokatuko baitute Eibarren (Gipuzkoa). Laso, ordea, ez da ariko, minduta baitu ezker eskua. Mikel Urrutikoetxeak jokatuko du haren ordez.

Ezkurdiak eta Rezustak eskura dute zuzenean sailkatzea finalerdietarako; nahikoa dute azken bi partidetatik bat irabaztea, edo atzetik dituzten bi bikote horiek bat galtzea. Azken biak galduta ere sailka daitezke: Artolaren eta Mariezkurrena II.aren aurka jokatuko dute azken partida, Bilbon, eta lehen itzulian, 22-15 irabazi zieten. Beraz, alde txikiagoagatik galduta ere sailkatuko lirateke.

Askoz lan zailagoa dute Artolak eta Mariezkurrena II.ak: azken bi partidak irabaztea behar dute, Ezkurdiak eta Rezustak biak galtzea, eta euren arteko neurketan gutxienez zortzi tantoren aldearekin nagusitzea. Ostiralean, Peio Etxeberriaren eta Julen Martijaren aurka ariko dira Tafallan (Nafarroa). Mariezkurrena II.ak ez du jokatuko, minduta baitu eskuin eskua. Iosu Eskiroz ariko da haren ordez. Aurkariek jada ez dute aukerarik kanporaketararako sailkatzeko.

Elordik eta Zabaletak, berriz, jada ez dute aukerarik zuzenean sailkatzeko, eta, kanporaketa jokatu beharko dute. Ondo bidean, hirugarren edo laugarren izango dira, eta bi aukera izango dituzte kanporaketetan.

Beste bat joango da kalera

Lau bikote ariko dira kanporaketan, eta bi seguruak dira: Ezkurdia eta Rezustaren eta Artola eta Mariezkurrena II.aren arteko lehiako galtzailea, eta Elordi eta Zabaleta. Beste bi lekuak lortzeko, berriz, hiru bikote lehiatuko dira: Erik Jaka eta Ander Imaz —bost garaipen dituzte—; Jokin Altuna eta Aitor Aranguren —bost—; eta Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu —lau—. 

Lehia horretan erabakigarriak izango dira ostiralean Zornotzan (Bizkaia) eta larunbatean Seguran (Gipuzkoa) jokatuko dituzten partidak. Aurrenekoan, Peña II.a eta Albisu Elordiren eta Zabaletaren aurka ariko dira, eta, Baikokoek galtzen badute, Jaka eta Imaz sailkatuta egongo dira, garaipen baten aldea izango bailukete, baita tanto alde hobea ere. Hori gertatuz gero, Altuna III.a eta Aranguren sailkatuta egongo lirateke larunbatean Jakari eta Imazi nagusituta, bi garaipenen aldea izango lukete eta.

Peña II.ak eta Albisuk irabaziko balute, berriz, Segurako neurketak sekulako garrantzia izango luke. Jakak eta Imazek irabaziko balute, sailkatuta leudeke. Galduko balute, ordea, azken jardunaldira arte sufritzera kondenatuak egongo lirateke. Galtzekotan, gutxienez hemezortzi tanto egitea komeniko zaie, tanto aldeari eusteko: 22-17 irabazi zieten lehen itzulian Altuna III.ari eta Arangureni. Azken jardunaldian, Jakak eta Imazek Elordiren eta Zabaletaren aurka jokatuko dute, Sestaon (Bizkaia).

Azkenik, Altuna III.ak eta Arangurenek badakite zer egin behar duten: irabazi; bezperan Peña II.ak eta Albisuk galtzen badute, sailkapena ziurtatzeko, eta, bikote horrek irabazten badu, haiek beste horrenbeste egiteko Jakaren eta Imazen aurka. Azken kasu horretan, aurkariak hamazazpi tanto edo gehiago ez egitea komeni zaie. 

LEHEN LIGAXKA (13. JARDUNALDIA)
Ostiralean, Tafallan (20:00)

Artola-Eskiroz / Peio Etxeberria-Martija
Ostiralean, Zornotzan (20:45, ETB1)
Elordi-Zabaleta / Peña II.a-Albisu
Larunbatean, Seguran (17:15, ETB1)
Altuna III.a-Aranguren / Jaka-Imaz
Igandean, Eibarren (17:15, ETB1)
Urrutikoetxea-Iztueta / Ezkurdia-Rezusta

LEHEN LIGAXKA (14. JARDUNALDIA)
Otsailaren 14an, Sestaon (20:45, ETB1)

Jaka-Imaz / Elordi-Zabaleta
Otsailaren 15ean, Bilbon (17:15, ETB1)
Ezkurdia-Rezusta / Artola-Mariezkurrena II.a
Otsailaren 15ean, Iruñean (17:15)
Laso-Iztueta / Peio Etxeberria-Martija
Otsailaren 16an, Donostian (17:15, ETB1)
Altuna III.a-Aranguren / Peña II.a-Albisu

SAILKAPENA
1. Laso-Iztueta: bederatzi garaipen.
2. Ezkurdia-Rezusta: bederatzi garaipen.
3. Elordi-Zabaleta: zazpi garaipen.
4. Artola-Mariezkurrena II.a: zazpi garaipen.
5. Jaka-Imaz: bost garaipen.
6. Altuna III.a-Aranguren: bost garaipen.
7. Peña II.a-Albisu: lau garaipen.
8. Peio Etxeberria-Martija: bi garaipen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.