Mutur banatan daude

Derbia jokatuta ekingo diote gaur Zuazok eta Beti Onak-ek mailari eusteko ligaxkari. Granollers eta Sportingekin ariko dira: nafarrek bederatzi puntu dituzte; katalanek, zortzi; espainiarrek, lau; eta bizkaitarrek, hiru. Araudia aldatu ezean, bi jaitsiko dira.

Eider Hernandez, jaurtitzen, Zuazok eta Beti Onak-ek Barakladoko Lasesarre kiroldegian jokatutako derbian. ALFREDO GARCIA.
Julen Etxeberria.
2023ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Ohorezko Mailako hamabi taldeak bitan banatu dituzte: zortzik txapeldun izateko kanporaketak jokatuko dituzte; beste laurak, berriz, mailari eusteko borrokatuko dira. Lehia horretan arituko dira Beti Onak eta Zuazo, Granollersekin eta Sporting Riojarekin batera. Sei jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, eta, araudia aldatu ezean, azken bi sailkatuak jaitsi egingo dira. Espainiako Eskubaloi Federazioa aztertzen ari da datorren sasoiko lehiaketa sistema aldatzea, eta aukeretako bat da inor ez jaistea. Baina argitzeko dago hori. Lehenbizi, ligaxka jokatuko dute, eta gero gerokoak.

Ez dira hutsetik hasiko. Ligan elkarren aurkako partidetan lortutako emaitzen araberako puntuekin ekingo diote lehiari: nafarrek, bederatzirekin; katalanek, zortzirekin; espainiarrek, laurekin; eta bizkaitarrek, hirurekin. Aldea dago Atarrabiakoen eta Barakaldokoen artean; mutur banatan daude. Biek gaur ekingo diote ligaxkari. Derbia jokatuko dute Lasesarren, 16:00etan.

«Denboraldi hasieran sinatuko genuen ligaxka jokatu behar izanez gero horrenbeste puntu izatea. Pribilegiatuak gara. Abantaila izateak lasaitasuna ematen digu, baina oso argi dugu oraindik ez dugula ezer lortu», azaldu du Eider Hernandez Beti Onak-eko ezker albokoak (Iruñea, 2001).

Ezin du ezkutatu «pena pixka bat» eman diela lehen zortzi sailkatuen artean ez egoteak. «Oso ondo ekin genion sasoiari, eta uste genuen, agian, kanporaketak joka genitzakeela. Baina inoiz ez dugu ezer egintzat eman. Talde igo berria gara, eta badakigu zenbat kostatzen den gauzak lortzea».

«Lehia estua» izango delakoan dago. «Lau taldeek dugu helburu bera; inork ez du maila galdu nahi. Gainera, ez dago alde handirik gure artean. Xehetasunengatik erabakiko dira partidak».

Hasteko, derbia jokatuko dute Zuazoren aurka. Bitan aritu dira elkarren aurka sasoi honetan, eta bietan nagusitu da Beti Onak: 29-25 Atarrabian, eta 21-22 Barakaldon. Ez dio garrantzirik eman horri. «Lehia handiko partida izango da. Azken unean erabakiko da». «Garrantzitsutzat» jo du irabaziz hastea, ligaxkari ekin eta berehala abantaila handitzeko. «Aurreneko hiru partidak irabazi nahi ditugu, horrenbesteko premia ez izateko. Ahalik eta azkarrena ziurtatu nahi dugu maila». «Itxaropentsu» dago: «Oso ondo gaude, gogotsu, eta borrokarako prest».

Ligaxkan gertatzen denaren zain, «denboraldi ona» egin dutela dio. «Une on zein zailetan oso batuta egon gara; ez dugu inoiz behera egin». «Jauzia» nabaritu dute. «Aurreko sasoian, baloi pare bat gal zenitzakeen, hurrengo jokaldietan hutsa konpon zenezakeelako. Maila honetan, ordea, hutsak garesti ordaintzen dira».

Taldeak goitik behera egin du. Hark, ordea, behetik gora. «Hasieran, kosta egin zitzaidan mailari neurria hartzea; handiegia egin zitzaidan aldaketa. Baina, entrenatuz eta jokatuz, gora egin dut. Gero eta hobeto ari naiz».

Arazoek baldintzatuta

Beti Onak-en lasaitasunaren aldean, ezinegona da nagusi Zuazon. Haren egoera ezin da azaldu klubak aspaldian bizi duen egoera ekonomiko larria kontuan hartu gabe. Horrek erabat baldintzatu du denboraldia. «Hain egoera zailean egotearen erru guztia ez da horrena, baina argi dago eragina duela», adierazi du Andrea Zaldua Zuazoko albokoak (Zarautz, Gipuzkoa, 1996).

Barruak husten hasi da. «Urtarrilean oraindik ez genuen jaso iraileko, urriko, azaroko eta abenduko soldata. Agiria atera genuen, eta dezenteko oihartzuna izan zuen. Mesede egin zigun: diru laguntzak jaso genituen, eta, horri esker, bost hilabete ordaindu zizkiguten. Baina ordutik ez dugu kobratu. Badago mugimendua, eta agindu digute zorrak kitatuko dituztela. Ea hala den».

Beste adibide bat jarri du: kirol arroparena. «Denboraldiaurrean, astelehenetik ostiralera entrenatzen ginen, eta, asteazkenean ez beste, goizez eta arratsaldez aritzen ginen; hots, bederatzi lan saio egiten genituen. Bada, bi elastiko baino ez zizkidaten eman. Nora noa ni horrela? Zer egin nuen? Bada, norbaiti zahar batzuk eskatu. Partidetako bi galtza ere falta ditut. Oinarrizko baldintza batzuk egon behar dira, eta ez ditugu. Pena da, ikaragarri gustura bainago taldekideekin».

«Ziur» dago egoera bestelakoa izan balitz «hobeto» ariko zirela, eta denboraldia «ezberdina» izango zela. «Talde polita dugu, eta uste genuen lehen zortzi sailkatuen artean gera gintezkeela. Baina ezin izan gara eskubaloian bete-betean aritu, eta halako egoeretan sorgin-gurpil batean sartzen zara, eta zaila da horretatik ateratzea. Askotan galdetu diogu geure buruari non egongo ginen hau dena pasatu ez balitz».

Hori guztia kontuan hartuta, hobeto ulertzen da zergatik dagoen Zuazo zuloan. Hala ere, agindu du «gogor» borrokatuko direla. «Badakigu egoera zaila dela, baina gure esku dagoen guztia egingo dugu». Helburua lortzeko bidean, «funtsezkotzat» jo du aurreneko bi partidak irabaztea: gaur, Beti Onak-i, eta astebete barru, Granollersi. «Etxean jokatuko ditugu bi partida horiek. Oso garrantzitsua litzateke biak irabaztea, lehia betean sartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.