Murgoitio, jaun eta jabe

Espainiako Kopako hirugarren proba irabazi egin du bizkaitarrak Puente Viesgon, eta eskura dauka titulua

jon eskudero
2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Kirolean inon baino hobeto ezagutzen dira txanponaren bi aldeak. Gauzak ongi ateratzen direnean, gozatu egiten da, baina kontuak okertzen direnean ohikoa da sufrimendua. Bada, Egoitz Murgotio (Hirumet) txanponaren alderik onenean dago, zalantzarik gabe. Sasoi betean egonik, konfiantzarik ez zaio falta, eta profesionaletara igaro zenetik unerik gozoena bizitzen ari dela esan daiteke. Azken garaipena atzo bertan lortu zuen Puente Viesgon (Kantabrian, Espainian), Espainiako Kopako hirugarren proba puntuagarrian. Aurreko bi lasterketetan bezala jaun eta jabe izan zen, eta esku-eskura dauka titulua, lehenbiziko aldiz.

Asturiasen jokatu ziren lehen bi lasterketak, eta Murgoitiok ez zuen aparteko arazorik izan aurkariak mendean hartzeko. Atzo, baina, beste taktika batekin atera zen irteera marratik. Zirkuitu gaiztoa izaki, ez zuen lasterketa guztia bakarrik egin nahi buruan, baina halaxe gertatu zen: «Azken txanpara bakarrik iristea ez zen nire planen barruan sartzen. Batzuk oso indartsu hasi dira, eta haiei jarraitzea erabaki dut, baina azkar etsi dute. Azkarregi. Buruan bakarrik gelditu eta erritmoari eutsiz ongi iritsi naiz helmugara. Izugarri pozik nago». Ez da gutxiagorako. Bizkaitarrak denboraldiko hamargarren garaipena lortu zuen.

Lau proba puntuagarri ditu Espainiako Kopak, eta azkenekoa datorren astelehenean jokatuko da, Alcobendasen (Madrilen, Espainian). Murgotiok nahikoa du lehen hamar postuetan sailkatzea tituluaren jabe egiteko, eta, orain arteko biak irabazi dituela jakinda, oker handia gertatu beharko luke garaikurrak Abadiñoko bidea ez hartzeko. Halere, hobe gehiegi ez fidatzea: «Irabaztera irtengo naiz, postuei begiratu ere egin gabe. Eroriko bat edonori gerta dakioke, eta halakoak saihestea garrantzitsua izango da». Alcobendasko zirkuituak egokia dirudi bizkaitarrarentzat; baina eguraldiak laguntzen ez badu, lokatz asko bilduko da.

Aitor Hernandezen (Orbea) lana ere nabarmentzekoa izan zen atzo. Bigarren postuan amaitu zuen, minutu pasatxora, eta lan ona egiten ari da oro har Ermukoa. Espainiako Kopako sailkapen nagusian ere bigarren postuan dago, eta, okerrik ezean, berarentzat izango da. Hirugarren, berriz, Isaac Suarez (Bioracer) sailkatu zen, ia minutu eta erdira.

Ruiz de Larrinaga, pattal

Javier Ruiz de Larrinaga ez dabil nahi bezain fin aurtengo sasoian. Iaz Espainiako Kopa irabazi zuen, baina aurten ezingo du halakorik errepikatu. Atzo laugarren postuan helmugaratu zen, eta berriz ere podiumetik at geratu zen. Arazo fisikoekin dabil aspalditik, eta, ongi sendatu ezean, zail izango du mailarik onenera itzultzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.