Munster sendo heldu da bere hirugarren Heineken Kopako finalera

Sei konderrik osatzen dute probintzia, eta Limerick eta Cork dira garrantzitsuenak, errugbiari dagokionez

2006ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Irlanda probintziatan banatu zuten zeltek agindu zuten azken garaian eta nazio horren hastapen historikoan. Ondorioz, ondoko lau probintziok osatzen dute: Connacht, Leinster, Ulster eta Munsterrek. Hasiera hartan, Meath ere probintzia zen, baina gerora Leinsterrek bere egin zuen.

Errugbiari dagokionez, Munster, Leinster eta Ulster dira garrantzitsuenak, Europako Heineken Kopan bederen. Munsterrek bi final, hiru finalerdi eta bi final-laurden jokatu ditu. Leinsterrek, berriz, bi finalerdi eta beste horrenbeste final-laurden jokatu ditu. Ulsterrek, azkenik, final bat jokatu zuen eta irabazi egin zuen.

Hain justu, Munsterrek Leinster kanporatu zuen aurtengo finalerdian (6-30), apirilaren 23an, eta Miarritzeren aurka jokatuko du bere hirugarren finala, heldu den larunbatean, Dublingo Lansdowne Road zelai mitikoan (16:00).

Munster probintziak 24.127 kilometro koadro ditu eta 1.009.000 biztanle. Sei konderri ditu: Clare, Cork, Kerry, Limerick, Tippery eta Waterford. Dena den, Corken (Corcaigh, galeikoz) eta Limericken (Luimneach, galeikoz) du errugbiak atxikimendurik handiena.

Cork da Munsterko hiriburua. Irlandako Errepublikako bigarren hiria da tamainaz, eta Irlanda osoko hirugarren hiria garrantzitsuenetan, Dublin eta Belfasten ondotik. 410.000 biztanle ditu. Itsas portu garrantzitsua du, eta merkataritza du baliabide nagusia, industrigunea badu ere.

Limerick Cork baino txikiagoa da berez, 4.774 kilometro koadro txikiagoa delako eta 248.000 biztanle gutxiago dituelako (162.000 biztanle). Halere, Irlandako ibairik luzeenak zeharkatzen du, Sionainnek (galeikoz); 368 kilometro ditu luzean horrek. Herri langilea da eta historiak garrantzi handia du; harresiz inguraturiko gaztelu ikusgarria du eta antzinako erdigunea. Konderri horretan dago sustraituen errugbia, eta garai batean han zeuden talde ahulenak, baina egun alderantzizkoa da.

Jokalari esanguratsu anitz eman du Munsterrek. Neil O'Neil hirugarren lerroko giltza; Mosskean 2. lerroa, Irlandaren garairik onenean jardundakoa; Micke Galwey kapitain ohia; Tom Kirnan; Tony Wart; O'Brien; Wood; Fitzpatrick, eta Clohessy, besteak beste. Gaur egun dihardutenak ere oso aintzat hartzekoak dira; batzuen artean, Foley, Stringer, O'Gara, Kelly, Wallace, Quinlan, Leamy, O'Connell, O'Callaghan eta Burke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.