Munichen, Granadan bezala

Joaneko 0-1eko emaitza irauli eta Txapeldunen Ligako multzoen fasean egotea du helburu Realak, Bayern Munich kanporatuta. Txuri-urdinek segida eman nahi diote joanekoan egindako lan onari

Nerea Eizagirre Realeko kapitaina pase bat eman nahirik, joaneko partidan, inguruan Bayerneko jokalariak dituela. GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Urruti daude elkarrengandik Munich eta Granada: autoz 21 ordu eta erdira. 2.214 kilometro daude batetik bestera. Baina gaur elkarrengandik oso lotuta gera daitezke Realaren historian, Bayernen aurkako atariko kanporaketa irauli —huts eta bat galdu zuen joanekoan— , eta Txapeldunen Ligako multzoen faserako sailkatzen bada.

Ikusi gehiago:Elene Lete, Realeko atezaina: «Sinetsita gaude kanporaketa irauli dezakegula»

Granadan Espainiako Kopa altxatu zuen Realak. Partida hartan ere aurkaria zen faborito: Atletico Madril. Gainera, finalean aurretik jarri zen, 1-0. Baina Realeko jokalariek ez zuten amore eman. Sinetsi egin zuten, eta ametsa egia bihurtu zuten.

Antzeko ariketa bat egin beharko dute gaur. Alemaniako taldea indartsua da, etxean jokatzen du, eta, gainera, gol baten aldea dauka. Baina Realak erakutsi zuen joaneko partidan gai dela halako talde handi baten aurka nor baino nor gehiago lehiatzeko. Baduela horretarako konfiantza, gaitasuna, nortasuna, kalitatea eta ausardia. Natalia Arroyok zozketaren ostean eta Anoetaren norgehiagokaren aurretik esan zuen ikusi nahi zuela taldeak non jartzen zuen langa, eta oso altu jarri zuen. Gutxienez berdinketa merezi izan zuen.

Joanekoan egindako lan onak izan behar du gaur kanporaketa iraultzeko lehen zutarria. Horrek eman behar die konfiantza eta hauspoa. Gogoa, sinesmena eta ilusioa dira beste osagaiak, eta hori sobran dute Arroyoren jokalariek. «Partida perfektua egin beharko dugu irabazteko, baina gauza txiki batzuk hobetuta aurrera egin dezakegu».

Baloi jabetza oinarri hartuta hasi zen hazten Anoetako neurketan, eta hori izan daiteke gaurko partidako gakoetako bat. Eustea, eta pixkanaka jokoaren ekimena eta aginte makila hartzea. Bestea, aurkariaren ate aurrean eraginkorrak izatea, gol aukera gutxi uzten dituen taldea baita Bayern Munich. Eskarmentua du, eta zelaian ondo egon ohi da jarrita. Gainera, erasoan, jokalari biziak dituzte. Realak atzeko lerroa aurreratu zuenean min handia egin zioten Schuller eta Buhl bezalako jokalariek. Hori ondo zaindu beharko dute, eta eutsi egin beharko diete alemaniarren oldarraldiei. Etxean jokatuta, gehiago izan daitezke gaur.

Haien ahulguneak ere baliatu behar badituzte. Atzean zirrikituren bat badutela ikusi zen. Gainera, bigarren zatian pauso bat eman zuten atzera, Reala kontraerasoan harrapatu asmoz. Ez zuten lortu, eta ordaindu egin dezakete estutu ez izana. Atzetik joan aurrean, pazientzia eskatu zuen Arroyok: «Ezin dugu presaka aritu, baina gauza txiki batzuk aldatuz hobera egin dezakegu»

Kanporaketari buelta eman asmoz, hainbat aldaketa egin ditzake txuri-urdinen teknikariak hamaikakoan. Larunbatean, Betisen aurkako ligako partidan aulkian geratu ziren Nerea Eizagirre, Iris Arnaiz, Gemma Gili eta Michaela Specht, adibidez. Ezustekorik ez bada, hasieratik aritu daitezke gaur. Amaiur Sarriegi ere aulkitik atera zen joanekoan. Donostiako aurrelariaren irteera pizgarri izan zen, eta gaur aukera izan dezake hasieratik jokatzeko.

BAYERN MUNICH-REALA
Negrita. Grohs; Gwinn, Tainara, Viggosdottir, Kumagai, Stanway; Lohmann, Dallamann Magull; Buhl eta Schuller.
Reala. Lete; Allegra, Specht, Vanegas, Bernabe; Gaby, Iris Arnaiz; Gemma Gili, Nerea Eizagirre, Amaiur eta Franssi.
Epailea. Tess Olofsson (Suedia).
Lekua.
Bayernen kirol hiria.
Ordua.
19:00, ETB1 eta Realaren Youtubeko kanala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.