Gaur abiatuko da Euskal Herriko Itzuliaren hirugarren aldia. Munduko txirrindularirik onenak Gasteizko irteeran izango dira, inoizko Itzulirik menditsuenari aurre egiteko prest. Xehetasunik txikiena ere prest egon arren, «kirioak dantzan» ditu Alaitz Biritxinaga lasterketako zuzendariak (Atxondo, Bizkaia, 1976). Dena den, «gogotsu» dago zuzendariaren autoan igo eta lasterketarekin gozatzeko.
Lasterketa aurreneko aldiz egin zenetik darama Biritxinagak Itzuliko zuzendari lanetan. Ez da lanik eskertuena, kritika ugari jasotzen baitira eta laudorio gutxi. Hala ere, gogoko du lan hori: «Oraindik ikasten ari naiz. Hiru urte daramatzat hemen, baina asko daukat ikasteko. Horrelako lasterketa baten barrenean gauza asko dago. UCIarekiko eta federazioekiko harremanak... ikaragarria da». Garai hau iritsi bitartean, bulegoko lana egitea egokitzen zaio. Hori bukatuta, ordea, zuzendariaren autora igotzen da, eta hark hartu behar izaten ditu erabakiak. Lan «urduria» dela aitortu du, une oro lasterketan gertatuko denaren zain baitaude, eta gauza gutxi aurreikusi baitaitezke. Aurrekaria ez dago hain urruti. Gizonezkoen Itzulian, duela hilabete eskas, eroriko handia izan zen, eta hiru faborito handiak etxera joan ziren. Baina Biritxinagak dio hori «pasatu» zela jada, eta ez da horrelako zerbaiten beldur.
Ibilbide aldetik apustu sendoa egin du antolakuntzak. Gorabeheratsua izango da, eta inoizko menditsuena. Guztira 358 kilometro ditu ibilbideak, eta txirrindulariek bederatzi mendate igo beharko dituzte. Hala ere, «diziplina gehienak» aintzat hartu nahi izan dituztela adierazi du Biritxinagak: «Lehenengo etapan, esprinterrek aukera izango dute garaipena eskuratzeko, eta bigarrenean [Basaurin hasi eta amaituko da etapa], etengabe arituko dira gora eta behera». Bigarren horretan lehen aldeak ikusteko aukera izango da, erasorik egonez gero. Donostiakoa izango da gogorrena, taldeburuentzako eguna. Jaizkibel Lezotik igoko dute, eta Murgileko maldetan gora piztuko da sua. Biritxinagaren ustetan, Donostian erabakiko da Itzulia. Txapela etxera eramaten ahaleginduko dira Marlen Reusser eta Demi Vollering (Sd Worx) eta Katarzina Niewiadoma (Canyon), besteak beste.
Hirugarren urtea du Itzuliak, eta hasieratik jaso du tropeleko talde nagusien babesa. Urtero bildu ditu txirrindularirik onenak, eta lehia bizia izan da beste bi aldietan. Biritxinagak argi dauka Euskal Herria oso erakargarria dela txirrindulari guztientzat: «Euskal Herrian zaletasun handia dago txirrindularitzarako, eta zaleak bikainak dira. Horrek jarraipena merezi du».
Hala ere, Itzuliaren hirugarren aldi honetan dena ez da pozgarria. Izan ere, hiru euskal txirrindulari bakarrik ariko dira, hirurak Laboral Kutxarekin: Ane Santesteban, Usoa Ostolaza eta Lourdes Oiarbide. Movistar da beste euskal taldea. Bizkaia-Durango eta Sopela talde mitikoek iaz jakinarazi zuten ezingo zutela beren jarduerarekin jarraitu, eta 2024 honetan ez dira errepidera irten. Eneritz Iturriagaetxebarria izango da beste euskal ordezkaria. Abadiñoko txirrindulari ohiak zuzendutako Eneicat taldea Gasteizko irteeran izango da.