Munduko onenak dira

Iker Martinez eta Xabi Fernandez 2011ko estropadalari onenak izendatu dituzte

Erredakzioa
Donostia
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Iker Martinez eta Xabier Fernandez 2011ko munduko estropadalari onenak izendatu dituzte atzo goizaldean San Juanen (Puerto Rico). Azken bozketan aurrea hartu diete Ben Ainslie ingelesari, Lorenzo Bressani italiarrari, Rob Douglas estatubatuarrari eta Nathan Otteridge australiarrari. Euskal estropadalarientzat ez da sari horretarako izan duten lehen izendapena; aurretik bi bider izendatu zituzten, 2002an eta 2004an. Saria emateko, Iker Martinezen eta Xabi Fernandezen talentuan oinarritu da ISAF Nazioarteko Bela Federazioa, «txapelketa guztietan mailarik gorenean lehiatzeko duten gaitasunagatik». Berezitasun horrek gainerako lehiakideengandik bereizten ditu, ISAFen arabera.

1999an ekin zioten batera lehiatzeari, eta ordutik asko dira elkarrekin irabazi dituzten txapelketak: 49er modalitatean munduko txapeldun izan ziren 2002, 2004 eta 2010. urteetan eta 2004ko Atenasko Olinpiar Jokoetan urrezko domina eskuratu zuten. Pekinen, berriz, zilarrezkoa jantzi zuten.

Albisteak itsasoan harrapatu ditu Iker Martinez eta Xabi Fernandez; duela bost egun ekin zioten Volvo Ocean Race probari. Saria eman dietela jakin bezain laster, adierazi dute belan inork lor dezakeen saririk garrantzitsuena dela: «Oso harro gaude». Edizio hau ixterakoan, lehen postuan zen Iker Martinez eta Xabi Fernandezen ontzia, Telefonica. Gertutik jarraitzen dio Puma ontziak, ia bost miliatara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.