Zumaiako Itzurun hondartzako (Gipuzkoa) olatuetan sortu da Unax Pascual bodyboarderra, eta orain Munduko Txapelketa irabazteko lehian da beste kirolari batzuekin batera, gazte mailan. Duela bi aste Antofagastan (Txile) egin zen Munduko Txapelketako hirugarren jardunaldian hartu zuen parte 16 urteko kirolari zumaiarrak, eta lehen postuan amaitu zuen, 2.000 puntu poltsikoratuta. Beraz, orain beste bi kirolarirekin batera dago sailkapenaren lehen postuan, 2.000na puntu baitituzte.
Bost jardunaldiko txapelketa da, eta bakoitzean 2.000 puntu jasotzen ditu irabazleak, azkenengoan izan ezik, 2.250 puntu izango baitira jokoan. Hiru jokatu dituzte: lehena Marokon izan zen, Agadirren, eta hurrengo biak Txilen egin dira, Iquiquen lehena, eta Antofagastan bigarrena; azken horretan hartu du soilik parte Pascualek. Bi geratzen dira txapelketa amaitzeko: abuztuan Maldivak uharteetako olatuetan ariko dira, eta urrian, Kanaria Handian (Espainia). Pascual azken horretan izango da soilik. Jardunaldi hori, baina, berezia izango da, besteetan baino puntu gehiago irabaziko baititu lehenak, 2.250 puntu, hango olatuen berezitasunengatik: «Olatu oso ona da, munduko onena agian», azaldu du.
Munduko txapelduna zein den erabakitzeko, bost txapelketetatik bi puntuaziorik onenak hartzen dira kontuan. Dena ondo badoa, galbahe hori pasatuko du Pascualek, ozta-ozta bada ere, bostetik bitan hartuko baitu parte soilik; hala ere, txapeldun izateko aukerak baditu oraindik, «bi puntuazio on lortuz gero, munduko txapeldun izan zaitezke eta».
«Espero dut emaitza honen ostean federazioak eta gobernuek diru pixka bat ematea, baina Txilera joateko gastuak gurasoek eta nik ordaindu ditugu, babesleen laguntza apur batekin».
UNAX PASCUALBodyboarderra
Uda iristeko gogoz dago Pascual, eskola amaituta denbora gehiago izango baitu entrenatzeko. Urtean asko entrenatzen da, fisikoaren alderdi ezberdinak landuz: «Uretara asko joaten gara, ahal bada ia egunero, eta fisikoa ere entrenatzen dugu, igerilekuan igeri asko eginda, baita gimnasioan eta korrika ere». Neguan ere «berdin-berdin» sartzen da uretara, nahiz eta onartu duen gehiago kostatzen dela, hotzagatik, baina ez da kexu: «Traje potoloagoa jarri, eta listo».
Lehiatzeko zailtasunak
Bigarren denboraldia du Pascualek gazte maian lehiatzen, eta, duen adinerako, ez da erraza munduko txoko urrunetara bidaiatzea bere kategoriako onenen aurka lehiatzeko. Iaz bosgarren geratu zen Munduko Txapelketako sailkapen nagusian, baina adierazi du txapelketa irabazi nahi duela maila horretan geratzen zaion denboran.
Aurten, apirilean izan du lehen txapelketa, Euskal Herriko zirkuitukoa, eta uda ostean izaten du egutegia beteen. Txapelketak gertu direnean, ez ditu egun asko galtzen ikastetxean, baina kanpora joan behar duenean, bai; lagunek laguntzen diote orduan, ikasgelan landutakoa bidalita.
Horrez gain, alor ekonomikoa ere zaila izaten da; izan ere, azken txapelketan bi aste inguru eman ditu Txilen, eta azaldu du bere poltsikotik ordaindu duela dena: «Orain ari naiz pixkanaka laguntza lortzen, babesleetatik eta abar, eta orain espero dut emaitza honen ostean federazioak eta gobernuek diru pixka bat ematea, baina Txilera joateko gastuak gurasoek eta nik ordaindu ditugu, babesleen laguntza apur batekin».