Qatarko Munduko Kopa

Munduko Kopan lortu du oihartzuna

Herve Renard Saudi Arabiako hautatzaileak ospea irabazi du Munduko Kopan Argentinaren aurka irabazi ostean. Tituluak, ordea, Afrikako selekzioak zuzenduz lortu zituen aurretik.

ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Munduko Kopa da futbolean dauden txapelketetan gehien preziatua, eta aski ezagunak ez diren jokalarientzat zein entrenatzaileentzat aukera paregabea da nork bere burua aurkezteko. Herve Renard (Frantzia, 1968) Saudi Arabiako hautatzaileak eman du lehen pausoa horretarako. Haren taldeak Argentinari irabazi izana kontuan hartzeko modukoa da: 0-1 atzetik zihoan markagailuan, eta, bigarren zatian, atzeko lerroa aurreratzearen alde egin zuen frantziarrak, modu arriskutsuan. Ezin hobeto atera zitzaion: 2-1 irabazi baitzuten.

Lorpen horren harira, atzo argitaratu zuen Saudi Arabiako selekzioak neurketaren atsedenaldian Renardek eman zuen hitzaldiaren zati bat. Irmo eta ozen mintzatu zen: «Messik zelai erdian baloia duenean, zuek [Saudi Arabiako jokalariei erreferentzia eginez] geldirik zaudete. Nahi baduzue, hartu ezazue sakelako telefonoa, eta egin argazki bat Messiri. Ez duzue sentitzen partida iraultzeko gai garela? Hau Munduko Kopa da, eta dena eman behar duzue». Esan eta egin.

Askotan, beste txapelkete batzuetan ondo aritzeak ez du Munduko Kopan adinako oihartzunik. Are gehiago meritu horiek Afrikan erdiesten badira. Hori gertatu zaio Renardi. Munduan ezaguna izateko adinako merituak egin ditu frantziarrak:Afrikako Kopa bi herrialderekin irabazi duen entrenatzaile bakarra da. 2012an Zambiarekin eskuratu zuen, eta 2015ean Boli Kostarekin. Ospea, ordea, orain iritsi zaio.

Frantziarrak zelaian ematen duen itxura orbangabea eta pribatuan berezkoa duen karisma ez datoz bat. Izan ere, Munduko Kopan ez ezik, Renardek behin baino gehiagotan erakutsi du gai dela jokalariei nahi duen mezua helarazteko, eta konbentzitzeko edozer egiteko gai direla.

Horren beste adibide garbi bat da Zambiarekin Afrikako Kopa irabazi zuenekoa da. Finala jokatu baino hiru egun lehenago Librevillera eraman zituen jokalariak, Gabongo hiriburura. Zertarako? Bada, 1993an, Librevillen, Zambiako selekzioko hemezortzi jokalari hil ziren hegazkin istripu batean, eta Renardek bertara eraman zituen jokalariak herrialdearen historiarekin bat egiteko, eta finalaren aurretik indarra eta hauspo harzeko. Ondorengoa jakina da: Librevillen jokatu zen finala, eta Zambiak mendean hartu zuen Boli Kosta.

Afrikan arrastoa utzi duen entrenatzailea izan da Renard. Zambian eta Boli Kostan ez ezik, Marokon ere. 2018an Errusiako Munduko Kopara sailkatzea lortu zuen taldea. 1998tik ez zutela hori lortzen. Multzoen fasea gainditu ez zuten arren, lan ona egin zuen Marokok. Izan ere, Espainia,Portugal eta Iran izan zituen aurkari.

Urtebete geroago, artean Marokoko hautatzailea zela, Afrikako Kopako final-laurdenetan penaltietan galdu zuten Beninen aurka, eta, hala, txapelketatik kanpo geratu ziren. Grantziarrak Marokoko hautatzaile izateari uko egin zion, txapelketa aurretik hala hitzeman zuelako. Orduan eten zen Renarden ibilbidea Afrikan. Hiru aste geroago, Saudi Arabiako hautatzaile izendatu zuten. Renardek ez zuen lan erraza. Saudi Arabiak hamar entrenatzaile zeramatzan hamar urtean.

Argentinari irabazi ostean, Renardek eduki zitzakeen mamu guztiak desagerrarazi ditu, eta herrialdean historikotzat jo dute Munduko Kopako lehen partidan erdietsitakoa. Horren erakusle da Saudi Arabiako erregeak festa nazionala ezarri izana herrialdean Scaloniren selekzioari irabazi eta biharamunean. Horrez gain, 2019tik, Renardek Saudi Arabiako taldea gidatzeko ardura hartu zuenetik, ia hogei postu igo dituzte FIFAko sailkapenean.

Hastapenak, amateurretan

Renarden ibilbidea entrenatzaile moduan behetik gorakoa izan da, eta galtzak bete lan izan ditu gaur dagoen lekura ailegatzeko. Afrikako herrialdetan loria dastatu badu ere, beste hainbat herrialdeetan ere egon da. Ingalaterran, Frantzian, Vietnamen, eta Txinan, besteak beste. Claude Le Roy Frantziako jokalari ohia izan da haren maisua. Harekin eman zuen jauzia amateur mailatik profesionaletara, eta hark ireki zizkion Afrikako ateak.

Entrenatzailea baino lehen jokalaria izan zen, baina ez maila berean: Frantziako hirugarren mailako taldeetan aritu zen. 30 urte zituela futbolari izateari utzi zion, eta garbitzaile gisa lan egiten hasi zen. Goizaldeko ordu bietan esnatzen zen, eta batez ere zaborra biltzen eta apartamentu bloke bat kudeatzen aritzen zen.

1999an, ordea, lan hori utzi, eta entrenatzaile moduan aritzeko jauzia eman zuen amateur mailan. SC Draguignanen bi denboraldi egin zituen, eta Frantziako seigarren mailatik laugarrenera igo zuen. 2001ean Renarden ibilbide profesionala guztiz aldatu zen. Claude Le Roy Frantziako jokalari ohiaren deia jaso zuen. Le Roy Shanghai Cosco Txinako taldea gidatzen ari zen, eta laguntzaile bat behar zuen. Renardek Txinara joatea erabaki zuen, eta sasoi bat egon zen han Le Royekin batera.

Hurrengo pausoak Ingalaterran, Vietnamen, eta Frantzian eman zituen. Eta, 2006an, berriro ere, Le Royren eta Renarden bideak batu egin ziren. Oraingo honetan, Le Roy Ghanako selekzioko hautatzailea zen, eta Renard fisikoa lantzeko laguntzaile izendatu zuen. Hor eman zuen jauzia Afrikako kontinentera, eta Ghanan Le Royrekin egon ostean iritsi zitzaion Zambiako selekzioa gidatzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.