Atletismoa

Munduko Atletismo Federazioak debekatu egin die emakume transei nazioarteko lehiaketetan parte hartzea

Emakumezkoen lehiaketak «babesteko» erabakia dela dio Sebastian Coe federazioko presidenteak; emakume transek zein sexu garapen desberdina duten kirolariak ezingo dute lehiatu nazioartean baldintza batzuk bete ezean.

Sebastian Coe World Athleticseko presidentea, iaz. ERIK S. LESSER / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko martxoaren 23a
20:00
Entzun

Munduko Atletismo Federazioaren kontseilua bildu da gaur. Atletismoko lehiaketa garrantzitsuenak antolatzeaz eta horien arautegiaz arduratzen da, besteak beste. Zeresan handia eman du haren azken erabakiak: emakume transak eta sexu garapen desberdina duten atletek ezingo dute emakumezkoen nazioarteko lehiaketetan parte hartu, kasuak kasu.

Emakume transei dagokienez, trantsizioa pubertarotik aurrera egin dutenek ezin izango dute emakumezkoen nazioarteko lehiaketetan parte hartu, datorren martxoaren 31tik aurrera. Munduko Atletismo Federazioaren arabera, ez dago «froga espezifikorik» atleta horiek emakumezkoen lehiaketetako «ekitatean» izango luketen eraginaz; izan ere, ez dago nazioartean lehiatzen den emakume transik —eta horra hor froga horien falta—. Dena dela, lehiaketen «osotasuna» lehenetsi nahi izan dute «inklusioaren» gainetik.

Sexu garapen desberdina duten emakumezko atletek —esate baterako, hormona maila altuak dituztenak— beste baldintza batzuk bete beharko dituzte. Bi urtez, odol litroko nanomol testosterona kopurua 2,5ekoa izan beharko da gehienez. Hala, edozein kategoriatan parte hartu ahal izango dute. Izan ere, orain ezin dira 400 metro eta milia bat arteko lasterketetan lehiatu.

Lantalde independente bat osatu du federazioak urtebeterako, transen inklusioa azter dezan. Harekin batera, federazioko kontseiluko hiru kide, hiru ordezkari, Atleten Batzordeko bi kirolari, atleta trans bat, eta federazioko osasun eta zientzia departamentuko beste hiru ordezkari egongo dira.

Sebastian Coe federazioko presidentearen arabera, emakumezkoen lehiaketak «babesteko» erabakia da. Jakinarazi du beren «jarrera berrikusiko» dutela «froga» gehiago dituzten heinean. «Erabakiak beti dira zailak talde ezberdinen arteko behar eta eskubide kontrajarriak dakartzatenean, baina pentsatzen jarraituko dugu guztiaren gainetik emakume kirolariekiko zuzentasuna izan behar dugula», gehitu du Coek.

Joan den urtarrilean, Munduko Atletismo Federazioak zioen «lehentasunezko aukera» zela emakume transei lehiatzen uzten jarraitzea, betiere testosterona maila batzuen azpitik; odol litroko 2,5 nanomoleko maila proposatu zuen. Dena dela, «babes txikia» jaso zuen proposatutakoak federazioan —federazioko kideak, atletak, entrenatzaileak, Nazioarteko Olinpiar Batzordea eta transen aldeko eragileetako ordezkari zenbait—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.