Sokatiralariek aukera bikaina dute goma gaineko sasoiari amaiera ona emateko. Munduko Txapelketa jokatuko dute gaurtik igandera artean, Helsinborgen (Suedia), eta euskal herritarrek ordezkaritza zabala eraman dute hara. Izan ere, zortzi elkartek bidaiatu dute Europa iparraldera: Beti Gaztek, Badaiotzek, Abadiñok, Ñapurrak-ek, Zuraidek, Ibarrak, Berriozarrek eta Antsoainek. Orotara, hamahiru mailatan edo pisu ezberdinetan jokatuko dituzte taldeen arteko txapelketak, eta guztietan izango da euskal ordezkaritzaren bat. Hain justu ere, gaur-biharretan egingo dituzte elkarteen arteko tiraldiak, eta selekzioen artekoen txanda izango da asteburuan.
Guztien artean Beti Gaztek egin du distira handien goma gaineko denboraldian, eta bertako sokatiralariek osatuko dituzte euskal selekzioen lerrokada guztiak, gizonezkoen 640 kilokoetan izan ezik. Lesakako (Nafarroa) taldeak etxean egindako lanari esker lortu du hori. Ez alferrik, marka berria ezarri du Euskal Herriko txapelketetan. Txapeldun izan da jokatutako zazpi lehiaketetan. Hau da, nagusi izan da jokatutako kategoria guztietan. Inork ez du aurrez halakorik lortu. Horiek horrela, nafarrak ilusioz gainezka abiatu dira Helsinborgera, Beñat Ordoki (Lesaka, 1999) sokatiralariak esan duenez: «Motibazio handia pizten du. Urtero izaten genuen arantzaren bat, txapelketaren batek ihes egiten zigulako, eta gehiago lortzearen helburua izaten genuen. Aurten lortu dugu».
Iragan sasoian txapela bat falta izan zitzaien guztiak irabazteko, eta aurten bete dute xedea. Horren oinarrian «ikastea» dagoela nabarmendu du Ordokik. Haren esanetan, «jakin egiten da zertan huts egin den, eta zer egin den hobeki. Ikasi egiten da, eta esperientzia bildu». Horrez gain, aurreko urtean «larri» aritu ziren jende aldetik, eta aldaketarik egin ezinda aritu ziren ia beti: «Aurten, horrek lagundu egin digu pisu guztietan hobeto aritzeko».
Joan zen urtean, Euskal Herriko sokatiralariek 23 domina lortu zituzten Belfasten (Ipar Irlanda) jokatutako Munduko Txapelketan: hemezortzi taldeen arteko tiraldietan, eta bost selekzioen artekoetan. Beti Gaztekoek eskuratu zituzten haietako sei; bost taldeen kategorian: lau zilarrezko eta gizonezkoen 560 kiloetako urrea. Ordokik nahi luke iazkoa errepikatu, baina nahiago du urratsez urrats egin: «Denok dakigu iazkoa errepikatzea hagitz zaila dela. Ez bada lortzen, ez da ezer gertatuko, baina guk dena emango dugu horretarako. Helburua hori izango da behintzat».
«Denok dakigu iazkoa errepikatzea hagitz zaila dela. Ez bada lortzen, ez da ezer gertatuko, baina guk dena emango dugu horretarako».
BEÑAT ORDOKIBeti Gazte taldeko sokatiralaria
Taldekakoez gain, lesakarrek urrezko domina eskuratu zuten 580 kilokoen tiraldi mistoetan. Euskal Herriko selekzioaren historian irabazitako lehen urrea izan zen: «Hori jada badakigu zer den, baina berdin du; poz bera emango liguke aurten ere lortzeak». Horretarako, baina, aurrean izango dituzten aurkariak menderatu beharko dituzte lehenbizi. Ordokiren arabera, kluben mailan, pisu txikitan Irlanda eta Ipar Irlanda izango dira kontuan hartzeko aurkariak, eta nazioen arteko lehian, Txina-Taipei eta Taiwan.
Aurtengo txapelketa berezia da Beti Gaztekoentzat, mende laurdena bete baita urrezko domina estreinakoz irabazi zutenetik. Carlown (Irlanda) lortu zuten orduko hartan; Helsinborgen (Suedia) egin nahi dute oraingoan.
Bezperan, pisaketak
Badaiotz izan zen euskal talde goiztiarrena Eskandinaviara bidaiatzen. Danimarkan hartu zuten ostatu hilaren 4an, eta Suediara egin zuten gero. Aldiz, Ibarrakoak izan ziren ailegatzen azkenak, atzo. Pisaketa eguna izan zen talde guztientzat: «Pisatu aurretik gorriak ikusi genituen, eta ez zegoen irribarre askorik. Pisatu eta errekuperatu ostean, bai», adierazi du Ordokik, jostari. Helsinborgeko instalazioen berri jakiteko ere baliatu zituzten ailegatu osteko orduak: «Hasiera batean, itxura ona dute. Azken bi ekitaldietakoak baino hobeak dira».