Mumbru,«laguntzeko prest»

Kapitainak bere ibilbidearekin «harro» baina Bilbo Basketekin jaisteagatik «triste» hartuko du erretiroa. Uko egin dio omenaldiari: «Ez da halako zerbait egiteko garaia»

Alex Mumbru Bilbo Basketeko jokalaria, atzo Miribillan egindako agerraldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
«Momentu eta saskiratze bakoitzaz gozatu nahi dut, taldeak ahal duen denboraldi onena egin dezan lagundu, eta Miribillari agur esan. Urtebete dut horretarako. Saiatuko gara ahal den politena izan dadin». Alex Mumbruk hitz horiekin iragarri zuen iazko irailean, 2017-18ko denboraldiko ACB liga hasi bezperan, sasoiaamaitutakoan erretiroa hartuko zuela. Nekez imajina zezakeen Retabet Bilbo Basketeko kapitainak urtebeteko gozamena izan behar zuena urtebeteko gurutze bidea izango zenik. Bilboko taldeak maila galdu du, eta, beraz, Mumbru taldea Urrezko LEB ligan jokatzera kondenatuta dagoela erretiratuko da. «Pena da nire kirol ibilbidearen unerik tristeena eta gogorrena azken hau izatea».

Igande honetan jokatuko du azken partida, Miribillan, Murtziaren aurka. Hilaren 24an, berriz, bere kirol ibilbideko azkeneko partida jokatuko du, Burgosen (Espainia). Mumbruk 21 urte egin ditu ACBn, horietatik bederatzi Bilbon. Historia egin du beltzez jantzia, banakako ia estatistika guztietan baitago sailkapenaren buruan. Asistentzien alorrean bakarrik ez da onena. Javi Salgado du aurretik.

Oraindik ez daki zer egingo duen etorkizunean: «Entrenatzaile titulua aterata daukat, eta beti esan dut gustatzen zaidana kantxan egotea dela. Egoera zail honetan, klubari laguntzeko garaia da, eta, nire beharra badute,hor izango naiz»

Bilbo Basketek oso klub «berezia» dela adierazi zuen atzo, agur esateko agerraldian: «Oso gertukoa da. Hiria, gainera, ikaragarria da, baita Bizkaiko edozein txoko ere. Oso erraza da hemengo jendearekin lotzea».

Klubak omenaldi bat egin nahi zion igandeko partidan, baina uko egin dio: «Ez da garaia. Jaitsi egin gara, eta oraintxe kluba beste edozeren gainetik dago». Dena den, hark daraman zenbakiaren omenez, igandeko partidako sarrerek 15 euroko salneurria izango dute. Zaleengandik urte hauetan jasotako babesa nabarmendu du: «Asteburuero Miribilla bete dute, eta sekula ez dute hitz edo keinu txarrik izan. Bolada txarretan ere errespetu handiz tratatu gaituzte». Ulertuko luke igande honetan protesta egitea: «Eskubide osoa izango lukete horretarako, eta uste dutena egin behar dute».

Urte hauetan «gauza asko» gertatu direla azaldu zuen: «Zama handia daramagu gainean. Batzuetan mugarri bat egoten da, dena berregituratu eta aurrera jarraitzeko. Zuzendaritzak hartu behar ditu erabakiak». Baina aurretik gertatutakoa barneratu behar dela uste du. «Ez da errudunak bilatzeko garaia. Hori zaurian zirikatzea litzateke, eta ez du zentzurik, pasatutakoa ezin baita aldatu.

Oraina «etorkizuna eraikitzeko» baliatu behar dutela uste du. «Hor jarri behar ditugu indarrak. Izan ere, argi daukat Bilbo, Miribilla, ezin dela saskibaloirik gabe egon».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.