Ane Azkona. Athleticeko jokalaria

«Multzoa gaztea izatea gure indarguneetako bat izan daiteke»

Athleticek etzi ekingo dio ligari, Granadillaren zelaian. Aurreko sasoian zazpigarren amaitu zuten. Hori hobetzea dute xede, Azkonak dioenez.

ATHLETIC.
ainara arratibel gascon
2022ko irailaren 8a
00:00
Entzun

Seigarren denboraldia du Ane Azkonak (Iruñea, 1998) Athleticeko lehen taldean. Lucia Garciak eta Erika Vazquezek taldea utzi ostean, ardura handiagoa hartu beharko du aurrelariak. Horretarako prest ikusten du bere burua.

 

Sasoiaurreko partida guztiak irabazi zenituzten, Realaren aurkako Euskal Herria Kopako finalerdia izan ezik. Nola ekingo diozue etzi ligari?

Realaren aurkako partida pena izan zen. Lehen zatian batez ere ez ginen fin aritu baloiarekin; paseetan eta kontroletan akatsak egin genituen. Hortaz gainera, uste dut emaitza aldetik denboraldiaurre ona egin dugula, eta horrek konfiantza ematen digu ligako lehen partidari begira. Taldea ondo eta konfiantzaz ikusten dut.

Granadillak hainbat jokalari garrantzitsu galdu ditu; tartean, Martin Prieto aurrelaria. Baina etxean talde gogorra da, ezta?

Hala da. Batez ere etxean puntu asko lortzen ditu. Oso talde indartsua eta lehiakorra da. Hegalekoek asko ematen diote taldeari, eta aurrean jokalari trebeak ditu. Zelaia belar artifizialekoa izanda, gehiago kostatzen zaigu gure jokoa egitea. Eraginkortasunaren alde egin behar dugu. Garrantzitsua da ondo hastea.

Aurreko denboraldian zazpigarren postuan amaitu zenuten. Hori hobetzeko aukera ikusten duzu?

Helburua hori da. Denboraldia aurrera joan ahala, ikusiko dugu posible den, eta joango gara helburu hori gehiago zehaztuz. Gai bagara aurreko denboraldiko azken txanpara arte egin genuen jokoa egiteko, posible izango dela uste dut. Nahiz eta jakitun garen zaila dela denboraldi osoan maila berdinean aritzea.

Europara sailkatzearekin amets egin daiteke?

Denboraldi honetan zailagoa izango da. Sevilla, Atletico Madril eta Real Madril, adibidez, oso ondo indartu dira udan. Baina gutxienez borroka horretan egon nahi dugu.

Nolako taldea izan nahi duzue zelaian?

Jokalari garrantzitsuek utzi dute taldea: Luciak [Garcia], [Ainhoa] Morazak... Joan-etorriko jokoan, trantsizioetan, asko ematen ziguten jokalariak ziren, batez ere ezker hegaletik. Baina joko mota horri eutsi nahi diogu. Horretarako jokalariak baditugula uste dut. Bigarren taldetik igo diren jokalariak azkarrak dira, eta espazioak ondo aprobetxatzen dituzte. Bestalde, norgehiagoken beste fase batzuetan, aurreko denboraldian baino gehiago izan nahi dugu baloia, eta, hura ukituz, aurkariaren areara ailegatu, joko ez hain zuzena eginez.

Jokalari horien, eta Erika Vazquezen eta Vanesa Gimberten erretiroak nola eragin diezazuekete?

Argi dago jokalari garrantzitsuak zirela. Baina harrobiko jokalariak oso ondo ari dira finkatzen lehen taldean, eta jada hemen geundenek ardura handiagoa hartu beharko dugu, bai zelaian, bai aldagelan. Erronka polita da.

Zeure burua horretarako prest ikusten duzu?

Bai. Jada ez naiz horren gaztea. Sei denboraldi daramatzat lehen taldean, eta argi dut hala izan behar duela. Bagaude hiruzpalau jokalari erdibidean gaudela esperientzia gehien duten jokalarien eta gaztetxoenen artean, eta uste dut zubi lan polita egin dezakegula. Iraiak [Iturregi entrenatzailea] berak guztioi eskatu digu aurrerapauso bat emateko, protagonistagoak izateko. Denen lana da.

Taldeak duela denboraldi batzuk hasi zuen eraberritzea amaitu dela uste duzu? Hemendik aurrera taldean zaudeten jokalari gazteekin indartu behar du proiektuak?

Baliteke. Azkenean, taldea gaztea da, eta egonkortu egin behar du, sendotu. Guztion lanarekin lortuko dugu hori, eta proiektuan sinetsiz. Zaleei berdina esango nieke: konfiantza izateko gugan. Multzoaren lan egiteko modua berdina da, eta hori da bidea.

Talde hain gaztea izanda, besteek baino ilusio eta txinparta handiagoa izan dezakezuela uste duzu?

Ziurrenik bai, eta hori erabili behar dugu lehiakorragoak izateko. Ilusio handiz ikusten ditut gazteak. Izugarria da entrenamendu bakoitzean egiten duten lana. Taldea aldatu egin da, baina ez nuke esango okerrera joan denik. Beste ezaugarri batzuk ditugu, eta horiek baliatu behar ditugu. Multzoa gaztea izatea gure indarguneetako bat izan daiteke.

Hain jokalari gazteak izanda, zenbat gol sartu nahi dituzu denboraldi honetan?

Aurreko denboraldian hamar sartu nituen. Hortik gora sartuko banitu, ederra litzateke, baina ez niretzat bakarrik, talde guztiarentzat baizik. Emandako gol paseei ere erreparatu nahi izaten diet, eta hor ere hobetzea gustatuko litzaidake, gehiago ematea.

Erika eta Lucia joanda, presio handiagoa duzue aurrelariek?

Uste dut gol sena handia duten aurrelariak ditugula: Paula Arana, Peque [Ainhize Barea], Jone Amezaga, Nekane [Diez], ni... Denen artean lor dezake haien hutsunea betetzea. Golak denen artean sartzen baditugu, are hobeto, ez baita ona jokalari pare batekiko dependentzia izatea golak sartzeko orduan. Denek ekarpena egitea, protagonista izatea, garrantzitsua da. Seinale ona izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.