HERRI KIROLAK

Neurrira egindako txapelak

Ugaitz Mugertzak irabazi du Euskal Duatloi Saria. Mutrikuarra bigarren aldiz gailendu da txapelketa horretan. Oraingoan, hasi eta buka nagusitu da.

Ugaitz Mugertza, txapelarekin, atzo, Azpeitiko zezen plazan. JON URBE / FOKU
Ugaitz Mugertza, txapelarekin, atzo, Azpeitiko zezen plazan. JON URBE / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2024ko apirilaren 22a
17:30
Entzun

«Niretzat, ez dago kolorerik. Oso ondo ari da, nabarmendu egiten da besteen aldean. Korrika askoz libreago ari da, eta aizkoran egiten duenarekin... Korrikan menderatuta dauzka». Leon Albeniz Iruntxiberri kirolari eta prestatzaile ohiak Euskal Telebistaren kameraren aurrean esandakoak dira. Salteka-apustuan makina bat aritutakoa da hura, eta gertutik ikusi zuen Ugaitz Mugertzak (Mutriku, Gipuzkoa, 1987) igandean Azpeitiko (Gipuzkoa) zezen plazan egindako lana. Ez alferrik, adi-adi ikusi zuen Mugertzaren jarduna, plazako barreran jarrita.

Ikustekoa izan zen mutrikuarraren lana. Nagusitasun handiz lortu zuen Euskal Duatloiaren III. edizioko finala irabaztea. Parte hartu duen bi aldietan gailendu da. Duela bi urte, estreinakoan, eta aurten. Bi saialdi eta bi txapela. Mugertzak 31 minutu eta 56 segundoan osatu zuen proba: 45 ontzako lau enbor moztu zituzten lehendabizi, ohiko eran (4.35); lau kilometro lasterka egin zituzten gero (16.14); eta bertikalean jarrita zeuden tamaina bereko beste lau enbor moztuta osatu zituzten lanak (11.07). Probaren hiru zatietatik bitan denborarik onena eginda, minutu bat eta 52 segundoren aldea atera zion Oier Kañamares bigarren sailkatuari, eta sei segundo gehiagokoa Arkaitz Jauregi hirugarrenari.

Duatloiak Mugertzaren neurrira egindako txapelketa ematen du, baina, haren esanetan, gogotik izerditutako garaipena izan zen atzokoa: «Kanpotik nagusitasunez ematen du, eta bi minutu dezente da, baina jota bukatu nuen. Esan nuenez, zutikako hirugarren egurra oso gogorra zen, eta astindu handia hartu nuen. Amaiera desatsegina izan zen, baina gainontzeko lanetan ondo moldatu nintzen ordura artean».

Irabazleak hasi orduko hartu zuen aurrea, eta horrek «harritu» egin zuen txapelduna bera. Azaldu duenez, «indartsu» abiatu arren ez zion «bete-betean» ekin, lan dezente zuelako aurretik: «Ikusi nuen [Ibai] Soroa-eta nahiko azkar geratu zirela atzera, eta horrek motibatu egin ninduen. Erritmoari eutsi nion, eta denbora esan zidatenean, 4.35, ona iruditu zitzaidan. Aurretik aritzean buruak ere beste era batera egiten du lan, eta gustura».

Horizontalean kokatutako enborrak moztu ostean korrika saioa egin zuten duatloilariek. Zezen plazari bueltaka, harea gainean. Lan makurra gihar-burmuinentzat. Nolanahi ere, gaitasun handia erakutsi zuen Mugertzak. Batez beste, lau minutuan osatu zuen kilometro bakoitza. «Itxura emango nuen erraz ari nintzela, baina ez da erraza lau minutura gustura aritzea. Ez gara korrikalariak. Orain bi urte ere berdin gertatu zitzaidan: irudipena dut etxean erosoago eta azkarrago aritzen naizela. Agian, tokiarengatik izango da: ez da berdin hormigoian aritzea. Aurpegi onarekin bai, baina sufritu egin nuen pixka bat», aitortu du.

«Ondo menderatzen ditudan modalitateak dira. Nahiko garbi dut proba honek mesede egiten didala».

UGAITZ MUGERTZAHerri kirolaria

Kontuak horrela, lehen bi lanak hogei minutu pasatxoan osatuta, Mugertzari errekor berria ezartzeko atea zabaldu zitzaion (30.36). Harik eta egur bertikaletan aurrera egin arte. Lehen biak «gozo» moztu ostean, hirugarrenak oztopatu zion bidea. Konparaziorako: zutikako lehen enborra bi minutu eta hamar segundoan bota zuen. Lau minutu baino gehiago behar izan zituen hirugarrenarekin: «Horrela ezinezkoa da. Pentsatzen dut besteek ere izango zutela zuhaitzaren zati bat, baina hura oso gogorra zegoen. Pasatu genuen behintzat, eta aurrera».

Hasi eta buka, txapelketa biribila

Mugertzak duatloian erakutsitako nagusitasuna ez da finalera mugatzen. Izan ere, atariko kanporaketan ere hura izan zen bizkorrena. Aizkoraren eta korrikaren uztarketa egokia zaion galdetuta, mutrikuarrak azaldu du baietz: «Ondo menderatzen ditudan modalitateak dira. Nahiko garbi dut proba honek mesede egiten didala. Hori bai, kontrarioak badaude, eta bistaratuko dira aurrera begira ere».

Garaileak urte askoko ibilbidea du plazan, eta aizkoraz soilik aritzetik hura beste diziplinekin uztartzera igaro da denborarekin. Esan duenez, «aukera duen aldiro, irabaztera» plazaratzen da: «Errealista naiz. Aizkoran goi-goian egoteko, falta zaizkit gorpuzkera, indarra eta beste gauza batzuk. Orduan, neuri ondo etortzen zaizkidanetan saiatzen naiz ahal dudan onena ematen eta irabazten». Hala, txapeldunak datorren urtera begira ere badu txapelketan lehiatzeko asmoa: «Beti suertatzen da zerbait, baina ahal dudan bitartean, baietz uste dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.