Luis Sanchez

Mugarriz mugarri

Atzelari iruindarra da trinketeko berezkoen mailan aritu den Hego Euskal Herriko lehen pilotaria. Orain urtebete egin zuen estreinakoa, Bigarren Mailako banakakoan. Larunbatean maila nagusikoaren finalerdiak jokatuko ditu.

GUILLAUME FAUVEAU.
Julen Etxeberria.
2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
«Battitta Ducassou, Peio Larralde, Matthieu Ospital... Gaur-gaurkoz, Lehen Mailako trinketlariak iritsezinak dira niretzat. Ez nago haiekin nor baino nor gehiago aritzeko moduan». Luis Sanchezek (Iruñea, 1997) duela urtebete BERRIAri egindako aitorpena da. Ordurako, atzelariak mugarria ezarria zuen trinketean: berezkoen txapelketa nagusietan ari zen Hego Euskal Herriko lehen pilotaria zen. Bigarren Mailako Banakako Txapelketa jokatu zuen orduko hartan, bikain jokatu ere: finalerdietako ligaxkaren atarira ailegatu zen, eta, eskuetako mina izan ez balu, urrun iritsiko zen.

Urtebete pasatu da ordutik, eta mugarriz mugarri ari da oraindik ere: Lehen Mailako binakako txapeldunorde izan da, Ospitalekin; Superprestige torneko txapeldunorde izan da; eta banakakoaren finalerdiak jokatuko ditu larunbat honetan, Hazparnen (Lapurdi), Ospitalen kontra (16:30, France3) —Ducassou eta Larralde ariko dira beste finalerdian—. Eta, bide eder horretan, duela urtebete iritsezintzat zituen arerio guztiei irabazi die, binaka edo banaka.

«Lan handia egin dut azken urtean»; horra hobekuntzaren arrazoia, Sanchezen esanetan. Hura ere «harrituta» dago horren denbora gutxian izan duen gorakadarekin. «Ez nik, ez enpresak [Esku Pilota] ez genuen espero dena horren azkar eta ondo joango zenik. Oso pozik gaude. Sekulako ilusioa egiten dit neure burua trinketlari handienen artean ikusteak». Argi du helburua orain: goian eustea. «Zailena ez da gora iristea, mantentzea baizik. Sekulako maila dago Lehen Mailan. Eta, horretarako, orain arte bezala segitu behar dut: gogor lan eginez».

Urtebete pasatxo darama buru-belarri trinketean, 2020an Esku Pilotarekin kontratu profesionala sinatu zuenetik. Aurretik, aritua zen, baita emaitza bikainak lortua ere: bi Gravni txapelketa irabazi zituen, eta brontzezko hiru domina 22 urtez azpiko eta maila nagusiko munduko txapelketetan eta Munduko Kopan. Eta hori guztia, ikasketak utzi gabe: Unibertsitate gradua du Biologian. Baina akabo batean eta bestean jardutea. Egun, trinketa baino ez du buruan. «Pilotan jokatzea da gehien gustatzen zaidana. Zenbat eta urte gehiago egin honetan, orduan eta zoriontsuagoa izango naiz. Saiatuko naiz ahal dudan kirol ibilbiderik luzeena egiten. Oso serio ari naiz lanean hori lortzeko».

«Profesionala izateko, profesionalez inguratu beharra dago», azpimarratu du. Eta horixe egin du berak. Fisikoa Iñaki Barbajerorekin lantzen du, hark Ororbian [Nafarroa] duen gimnasioan. «Lantalde polita dugu; pilotari asko gaude: Jose Javier Zabaleta, Iosu Eskiroz, Iker Espinal... Oso gustura ari naiz Iñakirekin lanean, eta emaitzek agerian uzten dute oso ondo ari garela».

Teknika, berriz, Yves Salaberri Xala pilotari ohiarekin lantzen du, Ipar Euskal Herriko trinket ezberdinetan, asteburuko lehia non jokatuko den, horren arabera. «Ohorea da hura bezalako pilotari batekin entrenatzea. Ezkerparetan nabarmendu den arren, ezagutza handia du trinketaz, batez ere buruz buruko lehiaz. Oso ondo daki nola egon behar den jarria kantxan; nola jarri behar den gorputza pilota jotzeko; nola jokatu behar den une bakoitzean; eta nola ahal zaien atera probetxu handien sakeari eta boleari. Asko ari naiz ikasten harekin, eta emaitzak agerikoak dira. Baina oraindik, noski, badut zer hobetua: bolea eta eraso-defentsa jokoa ezker eskuarekin, batez ere».

Sake zitala

Jokoaren arlo guztietan egin du gora, baina, inon gora egin badu eta zerbaitekin min egiten badu, sakea da hori: partida ia guztietan dozena bat tanto baino gehiago egiten ditu lehen kolpearekin. «Aurrelaria nintzen ezkerparetan, eta, beraz, barneratua dut nola egin behar den sakea. Partidaren batean ia hogei tanto egin ditut sakearekin; asko da hori, neurketak 40 tantora jokatzen direla kontuan hartuta. Abantaila da, eta saiatzen naiz horri ahalik eta probetxu handiena ateratzen».

Sakearekin min egiten ahaleginduko da larunbat honetan, Ospital mendean hartu eta bere kirol ibilbidean beste mugarri bat ezartzeko. «Baina» bakarra jarri dio erronkari: «lagun» baten aurka jokatu behar izatea. «Elkarrekin jokatu genuen binakakoa, eta oso harreman ona dugu. Pena da harekin jokatu behar izatea, baina tira, hau kirola da, eta halakoak askotan pasatzen dira».

Superprestigeko finalerdietako ligaxkan jokatu zuten elkarren aurka, eta Sanchez nagusitu zen. «Baina tanto bakar batengatik», zehaztu du berehala. Donibane Garazin jokatu zen partida, eta hango trinketak «mesede» egin ziola azaldu du. «Luzea eta garaia da. Hazparnekoa, ordea, laburragoa da, eta, biziagoa denez, pilota motelak jarriko dituzte, eta horrek mesede egin diezaioke hari. Jendeak dio ni naizela faboritoa, baina ez dut uste. Asko jokatzen du berak, eta dudana eta gehiago eman beharko dut irabazteko. Baina aukera badut, eta saiatuko naiz. Finala? Goazen pixkanaka».

Zenbat eta gorago egon, orduan eta handiagoa da presioa. Eta hori nabaritzen hasia da. «Trinketlari handi horietako baten aurka jokatzen duzun lehen aldian, presiorik gabe ateratzen zara kantxara. Adibidez, sekulakoa izan zen Ducassouri irabaztea Superprestigean. Konfiantza handia eman zidan espezialista onenari irabazteko gai izan nintzela ikusteak. Gero, berriro irabazi diot banakakoan, eta noski, orain presio handiagoa dut. Ez dut lotsagarri geratu nahi. Hala ere, oparia da halako pilotari handiekin aritzea; izugarri ikasten da. Zortekoa naiz, pribilegiatua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.