ESPAINIA 2 - 1 SUEDIA

Mugarriz mugarri dabil

Espainiak Suediari irabazi dio, eta lehen aldiz jokatuko du Munduko Kopako finala. Inoiz ez zuen gainditu kanporaketa bat

Irene Paredes jokalari legazpiarra, garaipena ospatzen, atzo, Aucklanden. BRETT PHIBBS / EFE.
Julen Etxeberria.
2023ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
1-0. Salma Paralluelok (81. min). 1-1. Rebecka Blomqvistek (88. min). 2-1. Olga Carmonak (90. min).

Txapelketa handi batean kanporaketa bakar bat ere gainditu gabe iritsi zen Espainiako selekzioa Australiako eta Zeelanda Berriko Munduko Kopara; ez Eurokopan, ezta Munduko Kopan ere. Baina mugarriz mugarri dabil azken egunetan: lehenbizi, final-zortzirenen galbahea igaro zuen; gero, final-laurdenena; eta atzo, finalerdiena. 2-1 irabazi zion Suediari Aucklanden (Zeelanda Berria), eta finalerako sailkatu zen. Suediari nagusituta beste mugarri bat ezarri zuen, inoiz ez baitzion irabazi; hamabi partida jokatu zituzten elkarren aurka, eta inoiz ez zen gai izan hura mendean hartzeko. Atzoko garaipenak, gainera, sari itzela du: finala jokatzea. Igande honetan jokatuko du Espainiak finala, Ingalaterraren edo Australiaren aurka.

Oso partida parekatua izan zen: emaitza da horren erakusle, baita neurketaren nondik norakoa ere. Azkeneko hamar minutuetan askatu zen korapiloa: 81. minututik 90.era sartu zituzten norgehiagokako gol guztiak. Salma Paralluelok sartu zuen aurrenekoa, Espainiarentzat. Gol horrek ataka estuan jarri zuen Suedia, baina gai izan zen horretatik irteteko: Rebecka Blomqvistek banakoa lortu zuen 88. minutuan. Baina oso gutxi iraun zien pozak suediarrei, bi minutu eskas, Olga Carmonak gol ikusgarria sartu zuen arte. Ez zen hor amaitu neurketa, baina azken minutuetan ez zen gol gehiago egon.

Azkenean, garaipena Espainiarentzat, eta zoramena jokalarien artean. Haien artean zeuden Irene Paredes eta Oihane Hernandez euskal herritarrak. Paredesek partida osoa jokatu zuen; Hernandez, berriz, deialditik kanpo geratu zen. Bi jokalari horiek balentria handia egin dezakete, Euskal Herriko emakumezko futbolarien artean inor ez baita izan munduko txapeldun. Gizonezkoen artean, bost izan dira: Bixente Lizarazu, Didier Deschamps, Javi Martinez, Xabi Alonso eta Fernando Llorente.

Ingalaterra edo Australia

Espainiak Ingalaterra edo Australia izango du aurkari igandean, Sydneyn (Australia), 12:00etan. Hain zuzen, estadio berean ariko dira gaur ingelesak eta etxekoak, bigarren finalerdian (12:00). Europako selekzioa da faboritoa. Ingelesek balentria egin dezakete, bi txapelketa nagusiak irabaz baititzakete jarraian: Eurokopa eta Munduko Kopa. Arantza atera nahi dute Munduko Kopan, azken bi ekitaldietan finalerdietan galdu baitute.

Baina erne ibili behar dute, australiarrak ere mugarriz mugarri baitabiltza. Inoiz ez ziren horren urruti iritsi, eta gehiago nahi dute. Etxean ariko dira, eta estadio osoaren babesa izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.