Eskubaloia

Mugarri izango den itxaropenaz

Lehen aldiz irabazi izanak «ezinegona arindu» diela esan du Joseba Rodriguez ‘Haito’ Zuazoko entrenatzaileak. Bigarren garaipena nahi dute gaur, Morvedreren pistan.

ZUAZO. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Joseba Rodriguez 'Haito' eta Zuazoko jokalariak, gol bat ospatzen, Gijonen aurkako partidan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko urriaren 12a
05:10
Entzun

Irabazteak dena aldatzen du. Zuazok hori horrela izatea nahi du. Ligako lehen hiru partidak galdu eta gero, Barakaldoko (Bizkaia) taldeak aurrenekoz irabazi du: Gijoni, Lasesarren. Lehen garaipen hori joera aldatzeko mugarri izatea nahi du. 

«Hobeto hasi dugu astea. Ea hobeto buka dezakegun». Hasi orduko, Joseba Rodriguez Haito Zuazoko entrenatzaileak (Basauri, Bizkaia, 1980) argi utzi du zein den helburua aste honetarako: Sagunten (Herrialde Katalanak) jokatuko dute gaur, 19:30ean, Morvedreren aurka, eta bigarrenez jarraian irabazi nahi dute.

Haitoren arabera, lehen partida irabazi izanak «ezinegona arindu» die. «Tentsioa nabari zen, aurkari zuzena baita Gijon. Bi taldeok asko genuen jokoan. Inork ez du iritsi nahi bosgarren jardunaldira punturik gabe. Garrantzitsua zen irabaztea, eta lortu genuen». Modua nabarmendu du. «Kontrola izan genuen ia beti: partida osoan gailendu ginen. Ez ginen distiratsu aritu, bi taldeok urduri aritu ginelako, baina pozik nago ez genuelako izan gorabehera handirik. Nerbioei eutsi genien partida osoan».

Oso bestelako itxura eman zuten aurreko hiru partidetan. «Porriñon eta Guardan ikusi genuen ez ginela haien pare; hankapean ibili gintuzten. Sentitu genuen asko falta zitzaigula sailkapenaren erditik gorakoekin lehiatzeko. Etxean, berriz, Eldaren aurka galdu genuen. Pentsatzekoa da istripua izan zela, baina Elda oso ondo ari da. Halere, nire ustez, puntu batek egin zigun ihes». 

Oso argi du zer behar duten: denbora. «Denbora behar dugu maila honetan lehen aldiz ari diren gazteak egokitu daitezen. Asko falta da Zuazo onena ikusteko».

Batez beste 20,6 urte

Talde oso gaztea baitu Zuazok, Espainiako Ohorezko Mailako gazteena: 20,6 urteko batez besteko adina du. «Lais [Ferreira] 25 urte beteta iritsi zen. Izeik [Permachek], berriz, asteartean bete zituen 25. Haiek dira beteranoenak», azaldu du. Hala ere, adinari baino gehiago, eskarmentuari erreparatu dio. «Gaztea izan zaitezke, eta esperientzia handia eduki. Baina sumatu egiten da urte askoan gorenean aritu direnek patxada handiagoz jokatzen dutela. Gure taldean, jokalari asko gazte mailan ari ziren duela gutxi. Lehen aldiz ari dira maila nagusian. Denbora luzez ordaindu beharko dugu bidesari hori, gazte horiek goi mailako kirolariak bilakatu arte».

Zerbaitetan hobetu behar badute, erasoan hobetu behar dute. «Hobeto ari gara defentsan erasoan baino. Erasoan ez gabiltza gaizki, eta jaurti jaurtitzen dugu; kezkagarria litzateke hori ez egitea. Baina ez dugu asmatzen: atera jaurtitzen ditugun hamar aldietatik sei eskas sartzen ditugu; oso gutxi da hori. Atezainak ikusgarri aritu zirelako eta defentsa oso ondo aritu zelako irabazi genion Gijoni. Baina ez da nahikoa defentsan ondo aritzea. Gol gehiago sartu behar ditugu».

«Denbora behar dugu maila honetan lehen aldiz ari diren gazteak egokitu daitezen. Asko falta da Zuazo onena ikusteko»

JOSEBA RODRIGUEZ, 'HAITO'Zuazoko entrenatzailea

Badute zer hobetua, baina aldaketa nabaritu du denboraldiaurretik hona. «Ia hutsetik hasi ginen. Lehen lerroko jokalari berri asko ditugu, eta haiek eraman behar dute pisua. Orain, hobeto bat egiten dute piezek. Taktikoki aurrerapausoa eman dugu. Ez gara ari bete-betean, baina jokalariek hobeto barneratuak dituzte zenbait kontzeptu eta mugimendu. Badugu zer hobetua, baina agerikoa da garapena egon dela denboraldiaurreko Zuazotik oraingora. Kezka dugu ea abiadura onean goazen edo ez. Jokalariak gero eta hobeto ari dira, eta hori ikusita, ni lasaiago nago». 

«Oso baikorra» da. «Jokalariei esan nien lehen gauza izan zen ez ginela konformatu behar jaitsiera saihesteko ligaxkara ahalik eta puntu gehiagorekin iristearekin, eta saiatu behar genuela ligaxka horretan ez egoten. Zaila da hori lortzea; denboraldi ia perfektua egin beharko dugu, baina jokalariei helarazi nahi diet ez direla konformatu behar bakarrik aurkari zuzenen kontrako partidak jokatzearekin; faborito ez garen neurketak jokatu behar ditugu, eta horietan gora egin eta irabazten saiatu. Nire ametsa da jokalariak anbiziotsuak izatea».

«Oso harro» dago jokalari guztiak egiten ari diren lanaz, baina Maialen Orbañanosena nabarmendu du. «19 urte baino ez ditu, eta lehen aldiz ari da maila nagusian. Baina ikusgarri dabil. Harrituta nauka».

Hiru partida erabakigarri    

Gijonen, Morvedreren eta Beti Onak-en aurka jokatuko dute jarraian. «Hiru partida horiek erabakigarriak izan daitezke jaitsiera saihesteko ligaxkan. Nahi baino lehenago jokatuko ditugu, baina Gijoni irabazi izanak indarra emango digu Morvedreren aurka aritzeko. Aurreko sasoian irabazi egin genuen han. Ea berriz irabaz dezakegun». 

Igo berriak izanik, «seguru» zeuden «sufrituko» zutela. «Azkenak igo ginen, eta beste klubak baino beranduago hasi ginen taldea osatzen. Beste bi igo berriek, Morvedrek eta Logroñok, aurrea hartu ziguten. Bagenekien sufritu egingo genuela, eta hala izaten ari da». Baina, haren ustez, «abantaila» dute: «Gijonen eta Beti Onak-en aldean, gu ohituta gaude lokatzetan aritzera». 

bera berak lana biribildu nahi du gaur

Bera Berak gaur jokatuko du Europako Ligako bigarren kanporaketako itzulikoa, etxean, Benficaren aurka (12:00, ETB1). Donostiarrek 28-30 irabazi zuten Lisboan, eta, orain, lana biribildu nahi dute. Sailkatuko balira, Lublin Poloniako taldearen aurka ariko lirateke hirugarren kanporaketan. Espainiako Ohorezko Mailan, berriz, Beti Onak-ek Elx hartuko du gaur (18:00), eta, Asobal ligan, Bidasoak, Ademar (19:00, La Liga Plus).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.