«Mugarri» izan daiteke Athleticentzat eta Osasunarentzat

Bi taldeek elkarren aurka jokatuko dute gaur, Espainiako Kopako final-zortzirenetan, San Mamesen. Zuri-gorriak jotzen ditu faborito Tikok, «etxean jokatzeak» abantaila duelako, baina bete-beteko kanporaketa espero du.

Athleticeko eta Osasunako jokalariak lehian, elkarren artean jokatutako azken kanporaketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Athleticeko eta Osasunako jokalariak lehian, elkarren artean jokatutako azken kanporaketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
jon eskudero
2025eko urtarrilaren 16a
05:05
Entzun

Sentipenez eta emozioz beteta ikusiko du gaur Athleticen eta Osasunaren arteko partida Roberto Martinez Ripodas Tiko-k (Iruñea, 1976). Besteak beste, haren «bihotzeko bi taldeak» lehiatuko baitira San Mamesen, Espainiako Kopako final-zortzirenetako kanporaketan. Osasunaren harrobian hazi ondotik, hiru denboraldiz jokatu zuen elastiko gorritxoa jantzita nafarrak, Bilborako bidea hartu aurretik. Guztira bederatzi denboraldiz aritu zen Athleticen, eta areaz kanpoko haren jaurtiketek arrastoa utzi zuten zale zuri-gorriengan. Bada, Kopako kanporaketa bat San Mamesen jokatzeak zer dakarren ongi baino hobeto daki, eta etxeko taldea jotzen du faborito: «Motibazioz gainezka zelairatuko dira bi taldeak, eta ohiko derbia izango da: gogorra eta itxia. Halere, uste dut Athletic dela kanporaketa gainditzeko hautagai nagusia, etxean jokatuko duelako. Denboraldiari begira, gaurko partida mugarri izan daiteke bi taldeentzat».

«Lehen minutuetan presioan gogor eta intentsitate handiz jokatuko du Athleticek, gola sartu nahian. Osasunari, berriz, partida luzea komeni zaio»

ROBERTO MARTINEZ RIPODAS 'TIKO' Athleticeko eta Osasunako jokalari ohia

Futbola gertutik bizi du oraindik ere jokalari ohiak. 2009an erretiroa hartu ondoren, sei urte egin zituen Lezaman harrobiko gazteengandik hurbil, eta berdintsu segitzen du, baina beste era batean. «Jokalariekin harremana dut oraindik; ez naiz haien ordezkaria, baina antzerako zerbait. Talentu bila ibiltzen naiz, eta gero laguntza eskaintzen diet, kirol arlokoa eta emozionala». Zehazki, bere esperientzian oinarrituta eskaintzen du laguntza. «Futbola eta, oro har, eliteko kirola, errusiar mendi baten modukoa da. Orain goian zaude, orain behean. Nik aholkuak ematen dizkiet non egon daitekeen porrot egiteko arriskua, non pauso bat aurrera emateko aukera… Ekuazio egokia sortu eta oreka bilatzean dago gakoa. Motibagarria da futbol munduko gazteei bide orri egoki bat eskaintzea».

Hain zuzen ere, Athleticeko hiru jokalarirekin lanean dihardu Tikok: Julen Agirrezabalarekin, Mikel Jauregizarrekin eta Gorka Guruzetarekin. Athleticeko eta Osasunako behe mailetako jokalari batzuk ere baditu gertuan. «Gure garaian halako gauza gutxi izaten genituen, baina gaur egun atzean geratu ohi da guzti-guztia detaileekin zaintzen ez duena. Garrantzitsua da norberak oreka emozionala izatea futbolean ahalik eta errendimendu onena izan dezan. Bide horretan, nutrizioa eta atsedena ere garrantzitsuak dira». Gustura dihardu nafarrak lanean. «Polita da ikustea gugan konfiantza duen jokalari bati gauzak ondo doazkiola. Oso zaila da futbolean gorengo mailara heltzea, baina bizitzan aurrera egiteko ere lagungarria da gure lana. Horretarako prestatzen ditugu».

Bada, prestakuntzarik onena beharko dute Athleticeko eta Osasunako jokalariek gaur, bete-beteko kanporaketa izango baitute jokoan, Tikoren esanetan. «Kopako gauak magikoak izan ohi dira Bilbon, eta neurri bereko partida espero dut. Athletic izango da faboritoa, etxean jokatuko duelako, baina duela bi denboraldi Osasunak erakutsi zuen baduela gaitasuna San Mamesen irabazteko. Beraz, edozer gerta daiteke». Haren iritziz, biek emango dute daukaten onena, aulkian ezer gorde gabe. «Athleticentzat historikoki Kopa oso garrantzitsua da; are gehiago orain, egungo txapelduna baita. Bestalde, Osasunak ohiko lauzpabost jokalari aulkian utzi zituen pasa den asteburuan, Atletico Madrilen aurka. Horrek esan nahi du daukan guztiarekin zelairatuko dela». Bakoitzari zer komeni zaion argi du nafarrak. «Lehen minutuetan presioan gogor eta intentsitate handiz jokatuko du Athleticek, gola sartu nahian. Osasunari, berriz, partida luzea komeni zaio. Entrenatzaile bakoitzaren joko taktikoa interesgarria izango da».

Entrenatzaileei laudorioak

Hain zuzen ere, Athleticen loraldiaren arduradun nagusia entrenatzailea bera dela uste du Tikok: Ernesto Valverde. «Izugarrizko multzoa eraiki du, eta kluba Europan sendotzeko bidean ikusten dut. Athleticen filosofia aintzat hartuta, ez da erraza berme handiko taldea eraikitzea, baina horixe lortu du Valverdek. Hemezortzi bat jokalariko multzoa dauka, eta ez dira hainbeste igartzen aldaketak. Postu bakoitzean bi jokalari on ditu». Horri esker, taldeari erregaiak ongi iraungo diola uste du. «Kalitate handia dute beheko taldeetatik etorri diren gazteek, eta entrenatzailea ongi ari da minutuak kudeatzen. Athleticen sekretu nagusia erritmoa da, ito beharrean sentiarazten baititu aurkariak. Hori lortzeko fresko egon behar dute jokalariek, eta pentsatu nahi dut maiatzera bitarte eutsiko diotela jokoari». Gogoan du Europa ligako finala San Mamesen izango dela. «Jokalari zuri-gorriek hori ere badaukate jomugan, baina orain Kopa bakarrik izango dute buruan».

Athleticeko entrenatzailea ez ezik, Osasunakoa ere lan ona egiten ari dela iruditzen zaio: Vicente Moreno. Jagoba Arrasateren itzala luzea izanagatik, uste du taldea duintasunez lehiatzen ari dela. «Sasoi hasieran oso maila altuan ibili zen taldea, eta egia da azarotik hona beherakada sumatu diodala Osasunaren jokoari. Baina normala da. Taktika aldetik oso ongi prestatutako taldea da, defentsan indartsua, eta edozein zelaitan irabaz dezake, baita San Mamesen ere». Taldearen beherakadan zerikusia izan du Bryan Zaragozaren lesioak. «Hutsune garrantzitsua da, hark desorekatzen baitu jokoa. Baina Athleticen ere Oihan Sancet min hartuta dago, eta alde horretatik ez da aitzakiarik egongo».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.