Mugarik gabeko logika

Baionak eta Euskadiko Errugbi Federazioak lankidetza plana aurkeztu dute.Hegoaldeko maila hobetzea eta taldearen zabalkundea ditu xede

Baionako eta Euskadiko Federazioko kideak, atzo, Donostian. A.0 CANELLADA / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2014ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
«Interesa dago, bai. Bi aldeek dute euren interesa, eta bi aldeek daukate zer lortua. Orain interes horiek bideratzen asmatu behar dugu. Hego Euskal Herriko taldeek euren maila hobetzeko aukera dute, arlo guztietan, eta Baionak Hego Euskal Herrian, bere hazkunde eremu logikoan zabaltzeko aukera». Iñaki Laskurain Euskadiko Errugbi Federazioko presidenteak hitz gutxitan azaldu zuen atzo federazioak eta Baionak elkarrekin abian jarri nahi duten planaren mamia. Izan ere, eta harrigarria dirudien arren, orain arte ez zegoen Euskadiko Federazioa eta Ipar Euskal Herriko klub handietako baten arteko lankidetza akordio sendorik.

Elgarrekin-Euskal errugbia planaren helburuak azaltzea erraza da. Hego Euskal Herriko errugbiak Baionaren eskarmentua irabaziko du. «Kalitatea bilatzea da. Maila hobetzea», laburbildu zuen atzoko aurkezpenean Jose Miguel Galdos Euskadiko Federazioko idazkariak. Hobetu, baina nola? Modu askotara: Entrenatzaileak trebatuz, entrenamendu bereziak antolatuz, jardunaldi teknikoekin, Hego Euskal Herrian entrenatuz... «Baita lehiaketa arloan ere. Hegoaldeko klubek hori eskatu digute, Ipar Euskal Herrikoekin lehiatzea gustatu litzaiekeela», gehitu zuen idazkariak. Horiek hala,Baiona eta Hego Euskal Herriko taldeen arteko torneoak antolatuko dituzte. Era berean, Baionako jokalariak, behe mailetakoak, euskal selekziorako deituko dituzte, eta puntara iristen ez direnak Hego Euskal Herriko taldeekin harremanetan jarriko.

Arlo teknikoan Jean Mixel Gonzalez jokalari ohia, eta egun Baionako teknikari dena, izango da lotura. Zintzo mintzatu zen. «Guk teknikariak trebatuko ditugu, eta etorkizunean Hego Euskal Herriko jokalaria hartuko. Aurretik egon izan dira Hego Euskal Herriko jokalariak, baina teknikoki ahulak ziren». Luzera begira eginiko proiektu bat da, eta bi aldeek nabarmendu zuten urteak beharko direla fruituak ikusteko.

Federazioak Hego Euskal Herriko hainbat klubi aurkeztu die akordioa. «Klubak dira oinarria; guk selekzioak deitzen ditugu eta artekari lana egiten dugu, baina klubak dira oinarria», zehaztu zuen Laskurainek. Kluben aldetik, oraingoz, ez dute jaso erantzun txarrik, eta ez dago jokalariak lapurtuko dizkieten beldurrik. «Jokalari batzuk joan dira Ipar Euskal Herrira, eta beste batzuk, Madrilera, Valladolidera... Beldur horrek ez du zentzurik. Jokalariaren proiekzioa ezin da oztopatu». Presidenteak, gainera, akordioaren aldeko argudio sendoa plazaratu zuen. «Hego Euskal Herrian kirol indartsuekin lehiatzen gara. Lizentzia kopurua mantentzen edo apurka jaisten ari da. Akordioa bultzada bat izan daiteke. Argi dugu errugbia euskal kirol bat dela, euskal zalea erakartzeko gaitasuna duena, eta Ipar eta Hego Euskal Herria lotzeko erreminta egokia da». Dena den, oraingoz, ez dago plana Miarritzera zabaltzeko asmorik.

Baiona, merkatu bila

Kirol arloaz gain, planak arlo kultural eta ekonomikoa ditu. Baiona talde profesionala da, eta apurka Hego Euskal Herriko merkatuan sartu nahi du. Lehen pausoa Donostian jokatzea izan zen, 2015-16rako Bilbon jokatzea da helburua, «bilera bat dugu urtarrilean hori zehazteko», azaldu zuen Manu Merin Baionako presidenteak, eta, egunotan, heldu den sasoian Basque Country publizitatea eramatea negoziatzen ari da. Jaurlaritzaren turismo kanpainaren leloa da.

Jaurlaritzako Turismo Sailak Frantzia eta herrialde anglosaxoiak ditu lehentasunezko toki gisa turistak erakartzeko garaian, eta hor datza Baiona babesteak izan dezakeen interesa. «Bi aldeentzat irabazia bilatu behar da akordioarekin», esan zuen Marinek. Jaurlaritzak kirol babesak asko murriztu ditu, baina, Marinen esanetan, negoziazioak «bide onetik» doaz. Laskurainek, halaber, Baionaren jarrera goratu zuen. «Federazioaren alde partida bat jokatzeko prest agertu dira, Anoetan. Horrelako bultzada ekonomikoa ikaragarria litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.