Mugari desafioa

Eliud Kipchoge kenyarra maratoia bi orduan baino gutxiagoan egiten ahaleginduko da etzi, Vienan. Ineos Erresuma Batuko enpresa multinazionalak haren neurrira prestatu du saiakera, eta, beraz, marka ez da ofiziala izango. Halere, helburua lortuko balu, balentria egingo luke.

Mugari desafioa.
Julen Etxeberria.
2019ko urriaren 10a
00:00
Entzun

Planeta honetako hiru mila milioi biztanleei mezu argia helarazi nahi diet: gizaki bakar batek ez du mugarik. Eta mezu hori zabaltzeko modu bakarra maratoia bi orduan baino gutxiagoan korritzea da». Eliud Kipchogerenak (Kapsisiywa, Kenya, 1984) dira hitz horiek. Bada, hitzetatik ekintzetara pasatuko da Kipchoge, bihar goizean, 8:15ean, Vienan. Maratoi bat, 42,195 kilometro, bi orduan baino gutxiagoan egiten saiatuko da.

Bigarren ahalegina izango du. 2017ko maiatzaren 5ean egin zuen lehena. Kipchoge, Lelisa Desisa etiopiarra eta Zersenay Tadese eritrearra aritu ziren egun horretan Monzako (Italia) 1 Formula zirkuituan, Nike AEBetako kirol arropa enpresak babestutako ahaleginean. Ustela izan zen saiakera. 25 segundorengatik ez zuen lortu helburua Kipchogek. Saiakera ez zen izan ofiziala, ez zirelako bete baldintzak IAAF Nazioarteko Atletismo Federazioak marka ontzat eman zezan. Besteak beste, erbiak aldatu zizkioten hamar kilometroan behin, bi ordutik beherako marka egiteko beharrezko erritmoa zeraman auto bat jarri zioten aurretik, zirkuituko bihurguneen pendiza aldekoa zuen, eta epaile eta kronometratzaile ofizialik ere ez zegoen. Hala ere, marka ofiziala izan ez arren, sekulakoa egin zuen kenyarrak: batez beste 2.51n egin zuen kilometro bakoitza. 2.50ean egitea zen helburua. Horixe izango da asmoa Vienan.

Orduko saiakera hura bezala, larunbatekoa ere ez da ofiziala izango. 2017an Nikek egin bezala, Ineos Erresuma Batuko enpresa multinazionalak neurrira prestatu dio ahalegina. Vienako Prater parkean egingo du erronka, ibilbide ezin aproposagoan. Izan ere, lau itzuli pasatxo emango dizkio 9,6 kilometroko zirkuitu lauari. Hori gutxi ez, eta zuzen egingo ditu kilometro ia guztiak. Horretarako, joan-etorrian ariko da 4,3 kilometroko zuzengune batean. Bi muturretan biribilgune bana dago, eta horiek ere egokitu egingo dituzte, desnibela gutxitzeko. 41 erbiren laguntza ere izango du, guztiak punta-puntako atletak: Selemon Barega etiopiarra, Jonathan Korir herrikidea, Ronald Musagala eta Jacob Kiplimo ugandarrak eta Ingebrigtsen Norvegiako anaiak, besteak beste. Horiek guztiek behar duen erritmoa jarriko diote Kipchogeri, baita kenyarra haize kontra aritzea eragotzi ere. Horrez gain, auto elektriko bat izango dute aurretik, une oro denboraren berri emateko, erritmo aproposa zehazteko eta haizearen kontrako babes izateko.

Kipchogek joan den maiatzean eman zuen bere asmoen berri, Londresko maratoia laugarren aldiz irabazi berritan. Ordutik ez da lehiatu. Etxean aritu da buru-belarri erronka prestatzen, Kaptagateko kanpalekuan, Eldoreten, Kenyako atletismoaren sehaskan. Aho bete hortz utzi ditu haren entrenamenduak ikusi dituzten guztiak. «Prest» dagoela eta marka lortzeko «ahal duen guztia» egingo duela esan du Vienara iristean.

Itzela da erronka, baina, inork egin badezake, hori hura da. Denbora darama kronometroarekin soilik lehian. Aspaldi geratu zen aurkaririk gabe. Datu batek laburbiltzen du ondoen kenyarrak maratoian darabilen nagusitasuna: hamabi aldiz lehiatu da, eta batean izan ezik —bigarren izan zen 2013an, Berlinen, Wilson Kipsang herrikidearen atzetik—, guztietan gailendu da. Sei urte daramatza diziplina horretan dena irabazten. Eta ez ditu arerio benetan indartsuak izan. Azken urteetatik hona maratoiak duen urrezko aldiak hauspotuta, makina bat atleta bikain dabil jo eta su iraupeneko lasterketa nagusian; horietatik batzuk, pistan irabaz daitekeen guztia irabazitakoak: Kenenisa Bekele etiopiarra eta Mo Farah britainiarra, besteak beste. Guztiak makurrarazi ditu. Baina irabazi bakarrik ez, kronometroa ere txikitu du. Hala, munduko marka lortu zuen iazko irailaren 16an, Berlinen: 2.01.39.

Atletismoaren mesedetan

Argi dauka Iraitz Arrospide maratoilariak (Villabona, Gipuzkoa, 1988): halako ikuskizunek «mesede» egiten diote atletismoari. «Niri gustatzen zaizkit halakoak. Amu ona da arreta bereganatzeko. Maratoiak, agian, ez du halako indarrik, baina halako erronkak antolatuz gero, aukera dago jende gehiagorengana iristeko».

50 kilometrotako munduko txapeldunaren arabera, nahiz eta Vienako marka ofizial ez izan, Kipchogek «sekulakoa» egingo luke bi ordutik jaitsita. «Bai, laguntza asko izango ditu marka egiteko, baina korri, berak egingo du 42 kilometrotan, ez du inork egingo korri bere partez. Sekulako zailtasuna du erronkak, eta marka ofiziala ez izan arren, handia egingo luke bi ordutik jaitsita».

Kipchoge. Arrospidek beste inor ez du ikusten halako zerbait egiteko moduan. «Bazirudien Bekele onena emanda zegoela, baina Kipchogeren munduko markatik bi segundo eskasera geratu berri da Berlinen. Hala ere, nire ustez, koska bat gorago dago Kipchoge». Kenyarraren gaitasunaz harago, haren «umiltasuna» nabarmendu du Arrospidek. «Kipchoge ezagutzen dutenek diote oso umila dela, eta ziur naiz horregatik daramala horrenbeste denbora punta-puntan, isil-isilik lan asko egin zalea baita».

Arrospidek ez du galduko Kipchogeren ahalegina, eta bota du apustua. «Nik uste dut aukera asko dituela helburua lortzeko. Hala ere, maratoi bat 42 kilometro pasatxo dira, bi ordu jo eta ke korrika. Dena egin beharko du ondo. Edozein xehetasunek, nahiz eta txiki-txikia izan, aukerarik gabe utz dezake».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.